Eu

Bilboko portuan euskararen erabilera bultzatzeko akordio bat sinatu du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Bilboko Portu Agintaritzarekin

2018.eko maiatzak 03
  • Erakundeak konpromisoa hartu du euskara bultzatzeko herritarren arretan, komunikazioetan eta portuko hizkuntza-paisaian.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018/05/03            

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmen bat sinatu du gaur Bilboko Portu Agintaritzarekin, erakunde horren jardunean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzeko. Lau urteko iraunaldia izango duen eta beste lau urte gehiago luzatu ahal izango den hitzarmen honen bitartez, Portu Agintaritzak konpromisoa hartzen du dagozkien neurriak hartzeko herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko, euskararen presentzia eta erabilera errespetatuz herritarren arretan, herritarrei zuzendutako komunikazioan eta portuko hizkuntza-paisaian. Gainera, erakundeak konpromisoa hartu du euskara gehiago erabiltzeko “bezeroekin eta erabiltzaileekin dituen lan-harremanetan”, eta baita beste administrazio batzuekiko harremanetan ere.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Bilboko Portu Agintaritzako presidente Asier Atutxak sinatu dute gaur akordioa. “Euskararen erabilera eremu sozioekonomikoan bultzatzea da legegintzaldi honetan planteatu dugun erronketako bat. Bilboko Portua Euskadiko lan-eremu garrantzitsuenetako bat da, eta eskertu egiten dugu Portu Agintaritzak hartu duen konpromisoa euskarak ikuspegi bisual batetik presentzia nabarmena izan dezan, eta batik bat euskararen erabilerak pisu handiagoa izan dezan langileen arteko harremanetan, eta baita herritarrekiko eta beste administrazio batzuekiko harremanetan ere”, adierazi du sailburuak.

Bilboko Portu Agintaritzako presidente Asier Atutxak, bere aldetik, apustu honen garrantzia azpimarratu du: “Bilboko Portu Agintaritza bezalako enpresa publiko baten erantzukizun sozialak lehentasunezko oinarri izan behar du bere jarduna eta harremanak gizartean murgiltzea, gizarteari ematen baitio zerbitzua, eta herritarren eskubideak errespetatu behar ditu horretarako, bereziki euskara erabiltzeko hizkuntza-eskubidea Euskadin diharduten enpresekin dituen harremanetan. Hala, hitzarmen hau gure plan estrategiko berriaren ardatz nagusietako baten ekintzen barruan kokatzen da; gizarte-onurari dagokion ardatza da hori, gure inguruneko gizarte-taldeetan oinarritua. Hala, euskararen erabilera indartzea da estrategia horren xedeetako bat, legea betetzetik harago gizartearen itxaropenei erantzuteko eta portu gardenagoa, irekiagoa eta irisgarriagoa izatea lortzeko, gure hizkuntzaren eta gure kulturaren alde jardungo duena”. Azkenik, adierazi duenez, Portu Agintaritzan bertan jarri da abian euskara erabiltzeko plan bat, bi helbururekin: bere erabilera bultzatzea komunikazio-hizkuntza gisa bertan diharduten profesionalen artean, eta haiek prestatzea euskararen erabilera bultzatzeko bezeroekin eta erabiltzaileekin dituzten lan-harremanetan.

Akordioak funtsezko hiru konpromiso jasotzen ditu Bilboko Portu Agintaritzaren aldetik. Hala, konpromiso horiek betetzeko ondoko neurriak hartuko dituela zehaztu du:

  • Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko neurri zehatzak hartzea. Enfasi berezia jarriko da herritarren arretan, errotulazioaren eta hizkuntza-paisaiaren osagaietan, eta baita herritarrei zuzendutako ahozko eta idatzizko komunikazioetan ere.
  • Bezeroekiko eta erabiltzaileekiko lan-harremanetan euskararen erabilera bultzatzeko neurriak hartzea.
  • Euskadiko Administrazio Publikoekiko harremanetan euskararen erabilera bultzatzeko neurriak hartzea. Gainera, akordioan jasota geratu da neurriak hartuko direla euskararen erabilera areagotzeko EAEn kokatuta dauden Estatuko beste Administrazio eta Erakunde batzuekiko harremanetan.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Hizkuntza Politikako sailburuordetzaren bitartez, hitz ematen du, ahal duen neurrian, konpromiso horiek betetzen lagunduko duela, Bilboko Portu Agintaritzak hala eskatzen duenean:

  • Aholkua emango du euskararen erabileraren normalizazioa kudeatzeari dagokionez. Aholkularitza hori juridikoa nahiz teknikoa izan daiteke.
  • Bitartekari lana egingo du beste Administrazio Publiko batzuekiko lan-harremanetan euskararen erabilera areagotzeko izango diren ahaleginetan laguntzeko eta ahalegin horiek sustatzeko.
  • Bere sustapen-kanpainetan sartuko du Bilboko Portu Agintaritza.

Oraingoz, akordioak ez du inolako diru-hornidurarik barne hartzen. Bere bitartez bide berri bat ireki da, ordea, bi erakundeen arteko elkarrizketarako eta etorkizuneko proiektuetan elkarlanean aritzeko. Bi aldeek nabarmendu dute gaur alderdi hori, eta apustu egin dute akordio honetan sinatutako konpromisoak epe laburrean gauzatzearen alde.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak