Eu

Familia Elkarguneak 2017an

2018.eko maiatzak 03
  • Familia Elkarguneek 842 familiari eman zieten arreta 2017an
  • Euskadiko Familia Elkarguneetan 17.497 jarduketa egin ziren, truke eta tutoretzapeko edo ikuskaritzarik gabeko bisiten artean.
  • Familia elkarguneak ama, aita edo umearen tutoretza dutenen esku jartzen ditugun espazio egokiak dira, hura bisitatu edo epaileak ezarritako trukeak egin ahal izateko.
  • Urteko ebaluazio-txostenaren aurkezpenean, María Jesus San José sailburuak baieztatu du Gernikan eta Tolosan ere familia-elkarguneak jarriko direla martxan, lankidetza-hitzarmenen bidez, pasa den apirilean Eusko Jaurlaritzaren eta Durangoko Udalaren artean sinatutakoaren antzera.
  • San Josék gogorarazi du familia-elkarguneen helburu berezietako batzuk honako hauek direla, besteak beste: umeek beren familiartekoekin harremana izaten jarraitzeko duten eskubidea bermatzea, umeen segurtasuna eta ongizatea babestea bisiten erregimenean, eta adingabeei askatasunez eta beldurrik gabe beren sentimenduak eta beharrizanak adierazten laguntzea.

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak, gaur, epaileak agindutako kontsultaren ondoriozko familia-elkarguneei buruzko urteko ebaluazio-txostena aurkeztu du; 2017an, 842 familiari eman zieten arreta eta, guztira, 2.864 pertsonari: 1.145 adingaberi eta 1.719 helduri.

Familia-elkarguneak espazio neutralak dira, doakoak; segurtasun-berme guztiak eskaintzen ditu adostasunik gabeko familia-nukleoa hausten den egoeretan, gatazka, tratu txar eta beste hainbat egoeratan. Eta diziplina anitzeko ekipo psikosozialak eta adituak dituzte, eta horiek une oro zaintzen eta babesten dituzte adingabeak.

María Jesus San José sailburuak gogorarazi du familia elkarguneak direla Eusko Jaurlaritzak ama, aita edo umearen tutoretza dutenen esku jartzen dituen espazio egokiak, hura bisitatu edo epaileak ezarritako trukeak egin ahal izateko. “Euskadin –esan du sailburuak–, guztira, 6 familia-elkargune ditugu; Bilbon, Donostian, Gasteizen, Barakaldon, Portugaleten eta Durangon inauguratu berri duguna. Durangokoa aurtengo maiatzean hasiko da Durangaldeko eta Lea Artibaiko eskualdeetan bizi diren familiei zerbitzu ematen, kontuan hartuta orain arte Bilbora arte joan behar zutela truke eta tutoretzapeko bisitetarako. Une hauetan, Tolosako eta Gernikako familia-elkarguneen diseinuan eta abiaraztean ari gara lanean eta, horretarako, lankidetza-hitzarmenak adostuko ditugu horietako udalekin, duela aste bi baino ez, apirilaren 20an, Durangoko alkatearekin sinatu nuenaren antzera”.

Trukeak eta tutoretzapeko edo ikuskaritzarik gabeko bisitak dira familia-elkarguneetan egiten diren jarduketa nagusiak, eta 2017an guztira 17.497 izan ziren (9.759 truke, 7.125 tutoretzapeko bisita eta ikuskaritzarik gabeko 613 bisita). Aurreko ekitaldiaren aldean, murrizketa antzeman da, bai egindako trukeei dagokienez (-% 11,4), bai programatutakoetan (-12,65). María Jesús San José sailburuak zehaztutakoaren arabera, “2017an, programatutako jarduketen kopuruak, guztira, % 7 egin zuen behera, eta eginikoen kopuruaren beherakada % 6 baino pixka bat gehiagokoa izan zen (6,2); izan ere, truke gutxiago egon zen, tutoretzapeko bisitetan gorakada txikia izan zen eta ikuskaritzarik behar ez duten bisiten kopuruak % 9 baino pixka bat gehiago egin zuen gora, eta ikuskaritzarik gabeko 613 bisita izan ziren”.

Familia-elkarguneetan arreta jaso zuten familien % 70ek seme edo alaba bakarra zeukan, eta ume gehienek (% 60) 3 eta 11 urte bitartean zituzten. Familia-elkarguneetan umeen zaintza esleituta duten pertsona edo erakundeei erreparatuz gero ikusten da amak duela zaintza kasuen % 85ean, eta aitak % 11n, gutxi gorabehera, eta zaintza partekatua ez dela % 2ra iristen.

Iaz izan ziren espediente judizial guztien jatorrizko epaitegiak aztertuz gero ikusten da % 42 emakumeenganako indarkeriaren epaitegietakoak direla eta % 33 familia-epaitegietakoak. “Gainerakoak –azaldu du San Josék– 1. instantziako edo instrukzioko epaitegiek bideratutako prozedurak izan ziren, familia-epaitegirik edo zigor-arloko epaitegirik ez duten barruti judizialetan. Urruntzeko eta babesteko aginduak direla eta, guztira 271 izan ziren, Urruntzeko agindu gehienak, % 94, gizonei egokitu zitzaizkien. Guztira urruntzeko 255 agindu izan ziren, aurreko urtean baino zazpi gutxiago. Halaber, adingabeen gaineko babes-aginduek ere behera egin zuten, lehen zazpi ziren eta orain lau izan dira eta, ordea, emakumeen gaineko babes-aginduek gora egin zuten, bostetik bederatzira”.

María Jesús San José Lan eta Justiziako sailburuak, amaitzeko, familia-elkarguneen helburu berezietako batzuk, besteak beste, honako hauek direla gogorarazi du: umeek beren familiartekoekin harremana izaten jarraitzeko duten eskubidea bermatzea, umeen segurtasuna eta ongizatea babestea bisiten erregimenean, eta adingabeei askatasunez eta beldurrik gabe beren sentimenduak eta beharrizanak adierazten laguntzea. “Euskadiko familia-elkarguneetan –esan du– harremanak hobetzeko orientazioa ematen dugu eta ama eta aitei beren seme-alabekin zerbitzua ematen duten profesionalen laguntzarik eta ikuskaritzarik gabe harremanak edukitzeko gaitasuna izateko behar diren trebetasunak ematen dizkiegu. Aita eta amei beren seme-alabak errespetuan, berdintasunean eta bizikidetzan oinarrituta hezteko prestakuntza ematen diegu”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Estefanía Ocariz, Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzailea