Eu

Eusko Jaurlaritza 340 proiektu gauzatzen ari da landa eta itsasertzaren garapenerako, eta %27 handitu ditu 2018ko laguntza publikoak

2018.eko maiatzak 03
  • Helburua da landa eta itsasertzeko inguruneetako garapen sozioekonomikoa laguntzea eta ingurune horietako azpiegiturak eta bizi kalitate hobetzea.
  • 2018an, Eusko Jaurlaritza 340 proiektu gauzatzen ari da Euskadiko udalerri edota landa guneetan, enpresak sortu, handitu eta modernizatzeko, turismoa sustatzeko eta etxebizitzak, azpiegiturak eta oinarrizko zerbitzuak hobetzeko.
  • 2017an, fondo galdurako diru laguntzen zenbatekoa (14,3MM) azken inbertsioaren hirukoitza izan da (42MM), beste agente publiko eta pribatu batzuen aparteko ekarpenei esker.
  • 2018an, %27 baino gehiago handitu da Leader, Erein eta Itsaspen programen zenbatekoa. Deialdiak indarrean daude, 18,3 MM euroko zenbatekoarekin.

Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman ditu 2017an landa eta itsasertzeko inguruneen garapena bultzatzeko bideratu diren laguntzen ondorioz 2018an gauzatzen ari den proiektuak, eta iragarri du aurtengo laguntzak %27 handituko dituela, Leader eta Erein programetako partidak handituta eta Itsaspen programaren deialdia berreskuratuta, programa horren azken deialdia 2016an izan baitzen.

18,3 milioi euro bideratu dira 2018ko deialdietara, Leader, Erein eta Itsaspen laguntza lerroen bitartez, eta pasa den urtean, berriz, deialdi guztietan 14,4 miloi euro erabili ziren.

Hiru ekimenen azken helburua da Euskadiko landa eta itsasertzeko udalerrien garapen sozioekonomikoa saritzea eta sustatzea, gune horietan bizi diren pertsonen bizitzaren kalitatea hobetzen duten jarduketen bitartez eta ingurunearen ekonomiaren dibertsifikazioaren bidez, ekonomia eta enplegua sortzeko eta landa eta itsasertzeko inguruneak bizitzeko, lan egiteko eta bisitatzeko leku erakargarri bihurtzeko.

Arkautiko Granja Ereduan egindako aurkezpenean parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta Landa eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europako Politiketako zuzendari Irma Basterrak, bai eta Euskadiko Landa Garapeneko Elkarteetako ordezkariek eta Euskadiko Landa eta Itsasertzeko ingurunera bideratutako laguntza guztien onuradunek ere.

Azken inbertsioa programen hasierako inbertsioa hirukoitza da

Exekutibo autonomoak gure landa eta itsasertzeko guneari ematen dion babes irmoaren erakusgarria da garapen sozioekonomikorako eta dibertsifikazio jardueretarako laguntza finantzario hau.

Baliabide publikoak, fondo galdurako diru laguntzen eran, beste erakunde publiko edota pribatu batzuetatik datozen inbertsio gehigarrietarako pizgarria dira; hori horrela, programetan aurreikusitakoaren hirukoitza den zenbatekoko inbertsioa dakar azkenean diru publikoak.

2017ko 14,4 milioi euroko diru laguntzak ia 42 milioi euroko inbertsioa ekarri du.

Leader programa

Landatartasun handiko udalerrien sustapena, garapena eta dibertsifikazio ekonomikoa bultzatzen du, landatartasun maila besteak beste aldagai hauek kontuan hartuta definituta: biztanleria, zerbitzu publikoetarako irisgarritasuna, nekazaritzako Balio Erantsi Gordina, erakundearen BPGda, nekazaritzako azalera, nekazaritzako ustiategien marjina gordina, etab.

Feader fondo europarrekin %80 ere finantzatuta, “landatartasun indizerik handieneko” udalerriei zuzenduta dago, eta besteak beste helburu hauek ditu: enpresak sortu, handitu eta modernizatzea; besteren konturako kontratazioa; azpiegitura eta oinarrizko zerbitzuen eraikuntza eta konponketa; turismoaren sustapena; eta etxebizitzen eskuragarritasuna eta bizi kalitatea areagotzea.

Leader programaren aplikazio eremuan sartzen dira Euskal Herriko landatartasun handieneko udalerriak, hau da, 122 udalerri guztira, non 93.000 biztanletik gora bizi diren.

Diru laguntza ez-itzulgarritzat jotzen dira. Laguntzen onuradunak izan daitezke pertsona fisiko edo juridikoak, publikoak edo pribatuak, eta esandako udalerrietan aurreikusitako jarduera eta proiektuak gauzatu ditzaketen beste edozein eratako erakundeak.

Leader laguntzak erakunde hauek kudeatzen dituzte elkarrekin: Eusko Jaurlaritza; Mendinet Tokiko Ekintza Taldea, Euskadiko Landa Garapeneko 18 Elkarteek osatutako erakundea; eta Hazi Fundazioa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailari atxikitako erakundea.

Erein programa

Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako laguntzak dira, eta beren helburua da landatartasun txikiagoko guneen garapen sozioekonomikoa, landa inguruneetan biztanleriari eusteko, enplegu aukerak sustatzeko, eta inguru horietako bizi kalitatea hobetzeko ekipamenduak eta zerbitzuak ezartzeko.

Itsaspen programa

Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko guneen sustapena eta garapena bultzatzea, bertan bizi direnen bizi kalitatea eta oinarrizko zerbitzuak hobetuta eta kostaldeko herriak biziberritzen eta berritzen lagunduko duten jarduera ekonomiko berriak sortzen lagunduta.

340 proiektu abian Euskadiko eskualde guztietan

Gaur egun 340 proiektu gauzatzen ari dira guztira: 195 jarduera Leader programan, 132 Ereinen, eta 13 Itsaspenen.

  • 195 Leader jarduera landatartasun handieneko guneetarako

2017an eta 2018an 17 milioi euro baino gehiagoren laguntzak onartu dira Leader programaren bitartez. Diru horretatik, 10 milioi 2018rako onartu berri diren laguntzei dagozkie, eta pasa den ekitaldian, berriz, 7 milioi euro baino gehiago erabili ziren horretarako.

2017ko deialdian, aurkeztutako 335 proiektuetatik 195 onartu ziren eta une honetan horiek gauzatzen ari dira:  (103 Araban, 58 Bizkaian eta 34 Gipuzkoan).

2017an diruz lagundutako proiektuek 21 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa ekarri dute; horrek esan nahi du hasierako inbertsio publikoa hirukoiztu dela.

Lurrraldeka hartuta, inbertsiorik handiena Arabako udalerriena izan zen, ia 12 milioi eurorekin, eta horien atzetik Bizkaiko udalerriena (9,6 milioi) eta Gipuzkoakoena (6 milioi).

Leader ekimenaren irizpidea da landatartasun handieneko inguruneetan eragitea, eta irizpide horrek azaltzen du zergatik den Araba programa honetan gehien parte hartzen duen lurraldea. 

  • 132 EREIN jarduera landatartasun txikiagoko guneetan

Erein programari dagokionez, bi lerro ditu, onuradun motaren arabera bereizita. Lehen lerroko laguntzak toki erakundeei zuzenduta daude, eta bizi kalitatea hobetzeko eta turismoari lotutako ondare kulturalean eta naturalean inbertsioak egiteko proiektuak laguntzeko dira, baita erabilera publikorako aisialdi, turismo eta informazio azpiegituretarako ere. Bigarren laguntza lerroa, berriz, dibertsifikazio ekonomikoa eta enpleguaren sorrera bideratuta izaera pribatuko sustatzaileek garatzen dituzten jarduerak finantzatzeko da.

2017an, 132 proiektu esleitu ziren (82 toki erakundeei eta 50 ekimen pribatuari), guztira 20MM € baino gehiagoko inbertsioa onartuta eta 7,3 milioiko diru laguntza publikoarekin.

Programa honetan, halaber, diru laguntza publikoak inbertsio gehigarrien pizgarriak dira, eta aparteko inbertsioak eragiten dituzte, azkenean jardueren inbertsioa hirukoiztuta.

2018ko deialdiak, indarrean baitago, 7,8 milioi euro erabiltzea dakar.

  • 13 ITSASPEN jarduera kostaldeko udalerrietan

Itsaspen programari dagokionez, bere helburua da Euskadiko itsasertzeko guneen sustapena eta garapena bultzatzea, bertan bizi direnen bizi kalitatea eta oinarrizko zerbitzuak hobetuta eta kostaldeko herriak biziberritzen eta berritzen lagunduko duten jarduera ekonomiko berriak sortzen eta garatzen lagunduta.

Helburu horiek lortzeko, 2016an eta 2018an bi laguntza lerrotan zentratu gara. Bat, itsasertzeko guneetako ekonomiarako eta biztanleentzako oinarrizko zerbitzuak ezartzeko eta, bestea, itsasertzeko ondarearen kontserbaziorako eta hobekuntzarako. Laguntza lerro baten zein bestearen onuradunak izan daitezke, berriz,  udalerriak beraiek zuzenean edo bere erakunde autonomoen bitartez, haien zuzenbide publikoko erakunde publikoak, haien sozietate publikoak, partzuergoak, mankomunitateak, irabazi asmorik gabeko pertsona juridiko pribatuak, pertsona fisikoen edo juridikoen elkarteak, baldin eta jarduera mota horiek egiteko gai badira.

Programa honen aurreko deialdian milioi euro banatu ziren, eta guztira 13 proiektu finantzatu ziren diru horrekin. Proiektuek, berriz, 993.611 euroren inbertsioak aurreikusten zituzten.

2018an, 500.000 euro onartu dira guztira programa honetarako. Une honetan deialdia irekita dago, proiektuak aurkezteko.

Aurkeztutako laguntza lerroekin lotura duten proiektuen adibide gisa, hauek dira prentsaurrekoan aurkeztu diren proiektuak:

LEADER proiektuak

Onartutako proiektuen artetik, hauek aurkeztu dira laguntza jaso duten proposatzaile pribatu zein publikoen proiektuen adibide gisa:

Araba

Onuradun pribatua: Lamia Fitocosmetica enpresa; Manurgan, Zigoitiko udalerrian, du egoitza soziala. Bi neurritara jo du, Start-Up eta inbertsioa. Onuradun honek planteatutako helburua da kalitate handiko kosmetikako bio produktu egiaztatuak formulatzea, lantzea eta saltzea.  Proiektuak bi alderdi berezituak ditu. Batetik, kosmetikako bio produktu egiaztatuak eskaintzen ditu, landare printzipio aktiboetan oinarrituta eta larruazal mota guztietarako formulatuta. Horrez gain, enpresak kosmetika naturaleko hainbat ikastaro eta tailer proposatzen ditu.

Gipuzkoa

Onuradun pribatua: Laxa eta Auriz “Ardi Latxa” (Aia). Jarduera honetan datza nagusiki: oso kalitate handia duten artisautzako euskal produktuak Euskal Herritik kanpoko kontsumitzaileengana hurbiltzea, internet bidez.  Supermerkatuetan eskuragarri ez dauden eta denda espezializatuetan aurkitzen zailak diren elikagaiak eskainiko dira. Produktuak modu masiboan saltzen ez dituzten eta soilik Euskal Herrian  saltzen duten ekoizleekin/artisauekin arituko da elkarlanean.

EREIN Proiektua

Araba

Onuradun publikoa: Berantevillako Administrazio Batzarra. Hondakin uren araztegi bat eraikitzean datza proiektua. Vermifiltro Bidatek teknologia bat izan da aukeratutako irtenbidea; hondakin uren tratamendurako sistema biologiko iraultzailea da, zeinak arazketa prozesuan atxikita geratu den kutsadura degradatzen duen, lurreko zizareen populazio baten eraginari esker.  Irtenbide horrek hondakin uren tratamenduaren kontzeptuaren aldaketa dakar, ekonomikoki, teknikoki eta ingurumenaren aldetik iraunkorra den proiektu baten bitartez, gure hondakin uren kutsaduratik ongarria sortzen lortzen baitu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak