Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Eusko Jaurlaritzak 700.000 euro zuzendu ditu museo, erakusketa eta bilduma pribatuetako jarduerak babestera (Gobernu Bilera 2018-05-02)

2018-05-02

Laguntza horien bitartez erakusketa iraunkorren eguneratzea, aldi baterako erakusketak edota jarduera didaktikoak diruz babestuko dira.

Gobernu Kontseiluak 700.000 euroko partida onartu du bere gaurko bileran, museoetako eta bilduma pribatuetako lana diruz laguntzeko. Aurrekontu horren bitartez, erakusketen eguneratzeak babestuko dira, baita aldi baterako erakusketak, ondareari buruzko ikerlanak, jarduera didaktikoen eguneratzeak edo webguneak hobetzeko lanak ere, besteren artean.

Euskadiko museoetako jarduera joritzea eta bultzatzea da laguntza horien helburua, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Euskadiko Museoen Zentroa babesteko dituen bide nagusietako bat dira, kontuan izanik zentroak gure erkidegoko museoen multzoa hartzen duela barnean. Hauek dira diru-laguntzak jaso ditzaketen jarduerak:

  • Bilduma dokumentatzea, orokorrean, EMSIME informazio-sistema erabiliz.
  • Erakusketa iraunkorra eguneratzea.
  • Aldi baterako erakusketak.
  • Jarduera didaktikoak eta ludiko/kulturak, museoaren tematikarekin eta jardute-eremuarekin bat datozenak.
  • Euren bildumak osatzen duten ondareari buruzko ikerlanak, erakusketetan, jarduera didaktikoetan eta kultur hedapeneko jardueretan txerta ditzaten emaitzak.
  • Bildumei buruzko eduki zientifikoen eta dibulgaziozkoen edizioa eta itzulpena, katalogo, monografia, aldizkako argitalpen, ikus-entzunezko edo multimedia moduan, gutxienez formatu digitalean argitaratu ahal izateko.
  • Dokumentuak eta azterlanak lantzea kudeaketa hobetu eta berritzeko: plan estrategikoak, gida-planak, zerbitzu-kartak, bideragarritasunari buruzko azterlanak, publikoari buruzko azterlanak, komunikazio-planak eta marketin kulturala, diagnostikoak eta neurrien plangintza emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde barne-kudeaketan eta jardueren programazioan.
  • Sorkuntza eta hobekuntza teknikoak museoaren web orrian.

Joan den urtean 39 diru-laguntza eman ziren proiektu edo ekimenetarako, guztira 23 museok, udalek, kultur etxek eta elkartek sustatutakoetara. Laguntzarik handiena, 33.742 euro, Donostiako Aquariumarentzat izan zen, bildumen katalogazio-lanak babesteko eta online katalogoan argitara ditzaten.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko