Eu

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 670.000 zuzenduko ditu euskal liburutegiei funtsak erosten laguntzeko (Gobernu Bilera 2018-05-02)

2018.eko maiatzak 02

Laguntza horren zati bat liburutegi sortu berriek lote fundazionalak erosteko izango da. 

Gobernu Kontseiluak 670.000 euroko partida onartu du bere gaurko bileran, 2018an Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea osatzen duten liburutegiei funtsak erosten laguntzeko. Laguntza horiek liburutegi sortu berriek lote fundazional berriak erosteko izan daitezke edo gainontzeko liburutegiek titulu gehiago eros ditzaten.

Euskadiko Liburutegien 11/2007 Legeak, urriaren 26koak, ezarritakoa betetzea da  diru-laguntza hauen helburua, eta diru-kopurua joan den urtean emandako bera izango da. Araudi horren arabera, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak funtsen zuzkidurarako laguntza-programak ezarri behar ditu urtero bere aurrekontuetan, Sailaren eskumena baita Liburutegien Zerbitzua kudeatzea, eta baita Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion funtzioak garatu eta haieik ekitea ere.

Diru-laguntza horiek bi modalitate jasotzen dituzte:

  • Liburutegi sortu berriek lote fundazionalak erosteko diru-laguntzak. Laguntza-mota horretarako 50.000 euro zuzenduko dira.
  • Orain dauden liburutegietako funtsak berritzeko diru-laguntzak. Partida honetan 620.000 eurokoa izango da diru-zuzkidura.

Diru-laguntza lerro horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen du, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea osatzen duten liburutegien titularrekin batera, liburutegi horiek funtsez hornitzeko erantzukizuna, erabiltzaileen premiei behar bezala erantzun ahal izateko.

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak sei milioi ale baino gehiago ditu funtsetan, ia 1.100.000 titulu desberdin eta 980.000 bazkide inguru. Beste abantaila batzuen artean, Sareko bazkideek sarbidea dute eLiburutegira, Estatuko liburutegi digital handienera, alegia.

Joan den urtean hiru eskaera aurkeztu ziren liburutegi sortu berrietarako liburuak erosteko, eta bi onartu ziren. Orain dauden liburutegietako funtsak berritzeko, 180 eskaera aurkeztu ziren eta guztiak onartu ziren. Diru-laguntza hauen bitartez berritu egin dira haien katalogo bibliografikoak. Hala, 2017an 261.703 ale berri gehitu ziren Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko