Berriak Osasuna
Eu

Gobernu Kontseiluak Borondate Aurreratuen Euskal Erregistroa arautzen duen Dekretua aldatu du, epeak arindu eta eskaera gehiagori erantzun ahal izateko (Gobernu Bilera 2018-05-02)

2018.eko maiatzak 02
  • Dokumentu hau errazago egiteko, osasun-zentroetan famili medikuaren aholkularitzarekin idatzi ahal izateko aukera zabaltzen ari da Osakidetzan
  • Euskadi buru da erregistratutako borondate aurreratuen dokumentuen kopuruan; mila biztanle bakoitzeko 9,9 emaile dago, eta espero da, aldaketa horren bidez, kontsulta-kopurua epe laburrera areagotzea eta % 33koa izatea

Gobernu Kontseiluak, gaur, Borondate Aurreratuen Euskal Erregistroaren azaroaren 4ko 270/2003 Dekretuaren aldaketa onetsi du. Aldaketa horrek, batik bat, borondate aurreratuen dokumentua ematea formalizatzeko eskubidea baliatzeko hurrengo urteotan Euskadin espero den gero eta eskari-kopuru handiagora egokitzeko betebeharrari erantzuten dio.         

Jon Darpón Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren ondoko prentsaurrekoan zehaztu duen bezala, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du formula hori sustatzen jarraitzeko, euskal herritarren artean izaten ari den onarpen ona kontuan hartuta. Gero eta pertsona gehiagok nahi dute nola hil nahi dugun jaso duten jarraibide batzuen erregistro ofiziala egin, pertsona hiltzeko unean bere borondatea adierazteko ezintasuna duen kasuan; erregistro hori osasun-profesionalentzako eta beren hurbilekoenentzako gida izan dadin nahi da.

Gaur gogorarazi den bezala, borondate aurreratuen dokumentuan funtsezko printzipioak eta osasun-eremuan hartu beharreko erabakiak orientatuko dituzten irizpideak adierazi daitezke, besteak beste: bizitzaren amaieran zaintzak non jaso nahi diren edo organoen emaile izateko borondatea; tratamendu eta zaintza batzuen onarpena edo ukapena zer osasun-egoeratan nahi den kontuan hartzea; edo ordezkari bat esleitzea, baliozko bitartekari izan dadin, osasun-taldearen aurrean, pazienteak bere borondatea adierazi ezin duen kasuan. 

DOKUMENTUA EMAN AHAL IZATEKO FORMULAK

Gaur onetsi den dekretu berriak Borondate Aurreratuen 7/2002 Legean aurreikusitako hiru formuletara zabaltzen du, borondate aurreratuen dokumentua eman ahal izateko: erregistroaren arduradunaren bidez, hiru lurralde-ordezkaritzetako bulegoetan, notario bidez eta osasun zentruetan hiru lekukoen sinaduraren bidez.

Gaur onetsi den aldaketari esker, esleipen hori baliatzeko deszentralizazioa ezarri da, zeregin hori beteko duten eta organo zentralaren mendekotasun funtzionalean diharduten arduradun batzuen bidez, Osasun Sailak hiru lurraldeetan dituen bulegoetan. Jon Darpón sailburuaren iritziz, aldaketa horren bidez, “zerbitzua borondate aurreratua bete nahi duten interesdunen zerbitzura hurbilduko da”, eta, aldi berean, administrazio-baliabideak gero eta handiagoa den eskariaren eboluziora arin egokituko dira. Dekretu honen onespenaren epe laburrean aurreikusten da xede horretarako kontsultak areagotzea eta % 33 izatea. 

OSASUN ZENTROEN EGINKIZUNA

Borondate aurreratuen dokumentua errazago egiteko, Osasun sailburuak gaur iragarri du, halaber, dokumentua osasun-zentroan bertan medikuaren aholkularitzarekin idatzi ahal izateko aukera zabaltzen ari dela Osakidetzan, hiru lekukoen formularen bidez, halakotzat osasun-zentroko beste profesional batzuk jardungo dutela. Jon Darpónek azaldu duenaren arabera, ekimen hau Arabako Lurraldean jarri zen lehendabizi martxan, eta osasun-zentro guztietara zabaldu zen; emaitzak onak izan direnez, iaztik Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun-zentroetara zabaltzen ari da.

Borondate aurreratuak errazago emateko dinamika horrek, gainera, beste abantaila bat du, adin askoko pazienteei eta patologia kronikoak dituztenei beren medikuek zuzendu eta eskaini ahalko dizkiete; bertan, adinak eta gaixotasunak aurrera egin ahala beharko diren zaintza eta terapien komunikazio eta plangintza partekatuaren prozesuak zentzu guztia du, pertsonei aukera ematen baitzaie protagonista izateko eta beren bizi-amaierako prozesua iristen denerako zer lehentasun duten adierazteko.

Gainera, eguneratze horren bidez aldatu egiten da, halaber, dokumentuetara jotzeko araubidea; horrela, horietara jotzeko eskubidea –orain arte osasun-langileei eta emaileei beraiei baino ez zitzaien ematen– beraiek izendatutako ordezkariei ere zabalduko zaie.

EUSKADI BURU ERREGISTRO KOPURUARI DAGOKIONEZ

Euskadin 21.723 borondate aurreratuko dokumentu erregistratu dira, alegia, 1.000 biztanleko 9,9 emaile; Estatuan zifrarik altuena duen autonomia-erkidegoa.

Dokumentuak deszentralizatu eta arintzean eta osasun-zentroetan beretan egiteko aukerak ematen dituen erraztasunen bidez, horiek areagotzea espero da. Praktika hori sustatzeak asistentziaren kalitatea eta pazienteen ahalduntzea hobetzea, profesionalen segurtasun etikoa eta profesionala areagotzea eta, aldi berean, bizitzaren amaieran pertsonen autonomia eta lehentasunak errespetatzea dakar.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko