Berriak Hezkuntza
Eu

8,5 milioi euro ikertzaileen prestakuntza eta hobekuntzarako, doktoratu aurreko kontratuen bidez (Gobernu Bilera 2018-05-02)

2018.eko maiatzak 02

2018-2019 ikasturterako deialdiak diru-laguntza lerro berria ireki du, neutronikan eta partikulen azelerazioan ikerketa bultzatzeko

405 euskal ikertzailek dute doktoratu aurreko kontratu bat 2017-2018 ikasturtean, deialdi honen bidez

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2018-2019 ikasturtean doktore ez den pertsonal ikertzailearen prestakuntzarako Doktoratu aurreko Programan beka berriak deitu eta lehendik zeudenak berritzen dituen agindua.

8.520.058 euroko diru-kopuru globala duen deialdi honek, ikertzaileen prestakuntza sustatu nahi du, Doktore titulua lortu ahal izan dezaten, eta kalitatezko ikerketa zientifikoari lotutako gaitasun eta trebetasunak eskuratu ditzaten, Doktoretza Programa baten barruan. Deialdiak bere barne hartzen du bai beka berriak ematea, eta baita aurreragoko deialdietan emanikoak berritzea ere. Zehazki, kopuru horretatik 1.902.394 euro laguntza berriak emateko bideratuko dira, eta gainerako 6.617.664 euroak lehendik indarrean zeudenak berritzeko.

Lerroak:

Guztira

   Laguntza berriak (ikerketa orokorrean)

1.854.076 €

   Laguntza-berritzeak

6.617.664 €

   Laguntza berriak (berariazko ikerketan)

48.318 €

Guztira

8.520.058 €

Doktoratu aurreko kontratuak

Laguntza hauen onuradun izango dira, unibertsitate lizentziatura edo gradu bat izanik tesi-proiektua egingo duten pertsona fisikoak, betiere egoitza EAEn dutenak. Laguntza horiek doktoratu aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte, urtebeteko iraupenarekin. Kontratu hori bere ikerketa garatuko duen aplikazio-zentroarekin izenpetuko du ikertzaileak. Kontratuaren xedea izango da proiektu zehatz eta berrietan ikerketa-lanak egitea, lanaldi osoko erregimenean. Kontratua beste hiru alditan ere luzatu ahal izango da (gehienez 48 hilabete elkarren segidakoak), laguntza berrituz gero.

Laguntza hauek jasotzeko aplikazio-zentroak, eta beraz, ikertzaileekin kontratuak sinatuko dituztenak, unibertsitate edo ikerketa erakundeak izango dira, publiko zein pribatuak, I+G-an ahalmen eta jarduera ezaguna dutenak. Zentro hauek izan dezakete egoitza EAEn (A modalitatea), Estatuan (B modalitatea), edo atzerrian (I modalitatea). Hirugarren modalitate honen kasuan, ikertzaile onuradunak Zientziaren Euskal Fundazioarekin, Ikerbasquerekin, sinatuko du kontratua. Kontratu horretan osagarri bat ere ezartzen da atzerriko zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko urtean. 

Neutronika eta partikulen azelerazioa

Datorren 2018-2019 ikasturterako deialdi honek berritasun bat dakar. Izan ere, berariazko diru-laguntza lerro berri bat ireki da, neutronika eta partikulen azelerazioan ikerketa bultzatzeko. Ikerketa arlo hau interes berezikoa da egun Europako Batasunean eta bereziki Euskadin, balio estrategiko handia baitu EAEko zientzia, teknologia nahiz industriaren etorkizunerako. Gainera, Euskadiko I+G+b garatzeko ere abagunea eskaintzen du. Gure erkidegoko zientzia-komunitatea arlo honetan sendotzea eta areagotzea lehentasunezko helburua da, Europako Batasunak ESS Lund espalaziozko neutroi iturriaren inguruan ezarri dituen helburu zientifikoak indartzeko.

Bestalde, ikerketa orokorrari dagokion ohiko lerroan, ezagutza arlo hauetako ikerlanek dute lekua: Oinarrizko Zientziak; Bizitza eta Osasun Zientziak; Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura; Gizarte Zientziak eta Humanitateak. 

405 ikertzaile onuradun

2017-2018 ikasturte honetan, 405 euskal ikertzaile dira doktoratu aurreko laguntza hauen onuradun, iazko deialdiari esker: 100 ikertzaile, onuradun berriak dira, eta gainerako 305 ikertzaileek laguntza berritu egin dute.

Doktoratu aurreko programa hau ikerkuntzako giza baliabideak sustatzeko politikan sartzen da, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Planean (2015-2018koan) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planean; ildo horretatik, programaren helburua da lanbide-jarduera ikerkuntzara bideratu nahi duten goi-mailako tituludunen berariazko prestakuntza bultzatzea. Halaber, zientzia eta teknologia gaietan lekukoa hartuko duen belaunaldi berriaren prestakuntza sustatzea ere bada programaren xedea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko