Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Lagun Onari bereizgarria eman dio EuroBasque – Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluari (Gobernu Bilera 2018-05-02)

2018.eko maiatzak 02

Euskadiko balio demokratikoak, historia, ekonomia eta kultura Europan hedatzeko egindako lana aitortzeko

Lehendakariak maiatzaren 9an, asteazkenean, emango dio bereizgarria Lehendakaritzan

Eusko Jaurlaritzak gaur erabaki du Lagun Onari bereizgarria EuroBasque – Consejo Vasco del Movimiento Europeo / Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluari, ematea, Euskadiko balio demokratikoak, historia, ekonomia eta kultura Europan hedatzeko egindako lanagatik, Exekutiboaren esanetan Euskadirentzat erabat onuragarria izan baita.

Bereizgarria Iñigo Urkullu lehendakariak berak emango dio maiatzaren 9an, asteazkenean, Lehendakaritzan egingo den ekitaldi batean.

EuroBasque orain dela 70 urte sortu zen, eta Nazioarteko Europar Mugimenduaren Euskadiko atala da. Irabazi asmorik gabeko elkarte honek gaur egun 110 kidetik gora ditu, eta kide horien artean erakundeak eta gizarte zibileko gizartearen, ekonomiaren eta politikaren arloko erakunde eta elkarteen, hau da, udalen, unibertsitateen, kultura-elkarteen eta sindikatuen ordezkariak eta Europako politikari eta adituak daude.

Kontseiluaren helburu nagusiak dira Euskadiren eta beste herri, eskualde eta nazio batzuen arteko harremanak sustatzea, gizarteari Europa batua eta aniztasuna errespetatzen duena behar dela ikusaraztea, Europar Batasuna eraikitzeko politika eta dinamizazio soziala eta ideal demokratikoa mantentzea; eta herritarrek Europako erakundeetan eta hauteskundeetan parte har dezaten sustatzea.

Lagun Onari goraipamena 

Lagun Onari tituluak esker ona eman nahi die Euskal Herrikoak izan ez arren, beren ekintzekin Euskadiren alde egin duten pertsonei eta entitateei, euskal ekonomia sustatzen eta euskal historia eta kultura kanpoan ezagutarazten egindako lanagatik. Halaber, historian Euskal Herriak oso estimatuak izan dituen bertuteak eta baloreak agertzeagatik euskal herritarren lagunak direla aitortu nahi zaien pertsona fisiko nahiz juridikoei eman ahal izango zaie «Lagun Onari» goraipamena, euren eremua gizartea, kultura, ekonomia edo politika dela.

Hona hemen Lagun Onari goraipamena jaso dutenen zerrenda: Frantziako Errepublika; José Ignacio Sánchez Galán, enpresa-zuzendaria; Nevada estatua; Mexikoko Estatu Batuak; Argentinako Errepublika; Idahoko estatua;  Vaclav Havel, Txekiar Errepublikako presidentea; Francesco Cossiga, Italiako Errepublikako eta Senatuko presidentea; William A. Douglass, Nevadako Unibertistateko irakaslea, Basque Studies Program-eko katedraduna, antropologoa, historialaria eta ohorezko euskaltzaina; Eduardo Frei, Txileko Errepublikako presidentea; Julio María Sanguinetti, Uruguaiko Errepublikako zentzaren ikertzapresidentea; eta Selma Huxley Barkham, Ternua eta Labradorren euskal presentziaren ikertzailea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko