Berriak Lehendakaritza
Eu

ETAren amaiera lortzeko nazioarteko taldeek izan duten parte-hartzea eta inplikazioa eskertu ditu Lehendakariak

2018.eko maiatzak 02

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak gaur adierazi duenez, Iñigo Urkullu Lehendakariak eskertu egin die nazioarteko taldeei ETAren amaiera lortzeko izan duten parte-hartzea eta inplikazioa, baita hori gauzatu ahal izateko azkeneko hilabeteetan egin duten lana ere.

Bozeramaileak azaldu duenez lau talderi zabaldutako eskertza izan da: Nazioarteko Lantaldea, Nazioarteko Egiaztapen Batzordea, Henry Dunant Taldea eta Intermediate taldea. Lehendakariak berak 2017ko irailean helarazi zien aipatutako taldeei gutun bat ETAren behin betiko iragarpen batek bete beharko lituzkeen baldintzei buruz zuen iritzia haiei adieraziz: "unilaterala, ez duela ordainik izan behar, alegia; eraginkorra, anbiguotasunak eta eufemismoak alde batera utzita, argia eta nabaria izan behar duelako; eta behin betikoa, hau da, itzulgarria izango ez dena".

Gaurko Gobernu Kontseiluaren prentsaurrekoan zeuden kazetariek galdetu diote Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren baterako posiziorik egongo ote den ETAren amaiera dela-eta, eta Erkorekak erantzun du bi exekutiboak daudela etengabe harremanetan eta batera hausnarketa-prozesu batean ETAren amaierari eta bizikidetza eraikitzeari lotutako gaien inguruan. Erkorekak adierazi du deklarazioaren terminoak ezagutu arte, ez dela behin betiko inolako erabakirik hartu gai horien inguruan. Bozeramaileak gogora ekarri duenez, Eusko Jaurlaritzak joan den astean iragarri zuen jadanik ondo aztertutako balorazio bat egingo zuela ETAk bere erabakia adierazi eta gero.

Osasuna, Gobernu Kontseiluak Borondate aurreratuen euskal erregistroa arautzen duen dekretua aldatu du, epeak arindu eta eskaera gehiagori erantzun ahal izateko

Jon Darpon Osasun sailburuak adierazi duenez, dokumentu hori errazago egiteko, osasun-zentroetan famili medikuaren aholkularitzarekin idatzi ahal izateko aukera zabaltzen ari da Osakidetzan. Izan ere, jakinarazi duenez, Euskadi buru da erregistratutako borondate aurreratuen dokumentuen kopuruan; mila biztanle bakoitzeko 9,9 emaile dago, eta espero da, aldaketa horren bidez, kontsulta-kopura epe laburrera areagotzea eta % 33koa izatea.

Gobernu Kontseiluak, gaur, Borondate Aurreratuen Euskal Erregistroaren azaroaren 4ko 270/2003 Dekretuaren aldaketa onetsi du. Aldaketa horrek, batik bat, borondate aurreratuen dokumentua ematea formalizatzeko eskubidea baliatzeko hurrengo urteotan Euskadin espero den gero eta eskari-kopuru handiagora egokitzeko betebeharrari erantzuten dio.

Jon Darpón Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren ondoko prentsaurrekoan zehaztu duen bezala, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du formula hori sustatzen jarraitzeko, euskal herritarren artean izaten ari den onarpen ona kontuan hartuta. "Gero eta pertsona gehiagok nahi dute nola hil nahi dugun jaso duten jarraibide batzuen erregistro ofiziala egin, pertsona hiltzeko unean bere borondatea adierazteko ezintasuna duen kasuan; erregistro hori osasun-profesionalentzako eta beren hurbilekoenentzako gida izan dadin nahi da", azaldu du.

Gaur gogorarazi den bezala, borondate aurreratuen dokumentuan funtsezko printzipioak eta osasun-eremuan hartu beharreko erabakiak orientatuko dituzten irizpideak adierazi daitezke, besteak beste: bizitzaren amaieran zaintzak non jaso nahi diren edo organoen emaile izateko borondatea; tratamendu eta zaintza batzuen onarpena edo ukapena zer osasun-egoeratan nahi den kontuan hartzea; edo ordezkari bat esleitzea, baliozko bitartekari izan dadin, osasun-taldearen aurrean, pazienteak bere borondatea adierazi ezin duen kasuan.

Lagun onari, Euro Basque

Gaurko egunean ere, bestelako erabakiak hartu ditu Eusko Jaurlaritzak. Horien artean, esaterako, aurtengo Lagun Onari sariaren irabazlea nor izanen den erabaki du: “Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua” (“EuroBasque”) izango da sariduna, euskal kultura, balio demokratikoak, historia eta ekonomia Europan zehar zabaltzeko egiten duen lanagatik.

“EuroBasque” irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta duela 70 urte sortu zen, “Europako Mugimenduaren” euskal atal gisa. Gaur egun, 110 kide ditu (erakundeen ordezkariak edota gizarte zibileko eta eremu sozioekonomiko eta politikoko pertsona ospetsuak). Udalak, unibertsitateak, kultura-elkarteak, sindikatuak, adituak eta Europako politikako ordezkariak biltzen ditu.

“EuroBasqueren” helburuen artean, honako hauek azpimarra daitezke: Euskadiren eta beste herri, eskualde eta nazionalitate batzuen arteko harremanak sustatzea, aniztasuna errespetatuko duen Europa batu baten beharra zabaltzea, Europar Batasunaren eraikuntzaren ideal demokratikoei eta dinamizazio sozial eta politikoari eustea, eta herritarrek Europako hauteskunde eta erakundeetan parte hartzeko aukera sustatzea.

Iñigo Urkullu Lehendakariak maiatzaren 9an (Europako egunean) Lehendakaritzan egingo den ekitaldian emango dio saria “EuroBasque” elkarteari.

14 milioi euro, prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko dekretua

Kontseiluak baimendu du Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta EUDELek Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren esparruan adostutako “Gizarte Zerbitzuen Funtsa” 14 milioi eurorekin hornitzea. Zenbateko horrekin, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren funtsezko proiektuak bultzatuko dira Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan.

2018 urtean, erakunde guztien artean 20 milioi euroko ekarpena egingo diote funts horri, eta Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoak onartutako irizpideen arabera banatuko dituzte. Organo horrek finantzatutako proiektu eta zerbitzuen jarraipena egingo dute, eta, sei hilean behin, txosten bat bidaliko diote Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari.

Hezkuntza

Gaurko bilkuran doktoreak ez diren ikertzaileak prestatzeko Doktoretza aurreko Programaren” edizio berri bat onartu du (2018-2019 ikasturtekoa) Gobernu Kontseiluak. Hori horrela, ikerketa zientifikoari lotutako gaitasun eta trebetasunak eskuratu nahi dituzten pertsonen prestakuntza sustatzeko 8,5 milioi euro dira guztira.

Emandako laguntzek doktoretza aurreko kontratuaren ezaugarriak izango dituzte, ikerketa egiten den zentroarekin formalizatuko dira eta urtebeteko iraupena izango dute.

Programa hori lau urtean luzatu ahal izango da I+Gan ahalmen eta jarduera egiaztatua duten eta egoitza soziala Euskadin, Estatuan edo atzerrian duten unibertsitate edo erakundeetan.

Gai ordena

Prentsa txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak