Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadik eta Qatarrek lan-batzordea sortuko dute, elkarlanerako proiektuak zehazteko

2011.eko urtarrilak 19

Industria saila arduratuko da zeregin honetaz, Persiako Golkoan zehar eginiko eta bihar amaituko den bidaia ofizialetik Euskadira itzuli eta berehala

Eusko Jaurlaritzako Industria sailaren eta Qatarreko Ministerio Botereguztidunaren lan-batzordea berehala jarriko da martxan, Euskadiren eta Qatarren arteko elkarlana zer-nolako jarduera-eremutan eta "proiektu zehatzetan" gauza daitekeen aztertzeko. Qatarreko agintarien oniritziarekin eta bultzadarekin abiatu den harremanaren lehen urratsa da. Patxi Lopez Lehendakariak azaldu duenez, Sheikha Moat Bint Nasser Al Missned xeke andrea eta Sheikh Tamim Bin Hammad Al Thani Oinordeko Printzea prest azaldu dira Euskadirekin berehala elkarlanean hasteko, batez ere bioteknologia, energia berriztagarriak, hezkuntza, osasuna eta terrorismoaren aurkako auziak jorratzeko, 2022ko Munduko Futbol Txapelketaren antolaketari begira.

Nola kolaboratu dezaket Euskadirekin? Hori izan da Sheikha Moat Bint Nasser Al Missne Emirraren emazte eta xeke andrearen lehen galdera, Patxi Lopez Lehendakariarekin gaur goizean eginiko bileran; horrek agerian uzten ditu enpresa-misio honek Persiako Golkora etorri den euskal ordezkaritzaren baitan sorturiko sentsazio onak. Kolaboratzeko gogo eta nahiak jadanik hasi dira zehazten; esaterako, gobernu biek erabaki dute aldebiko lan Batzorde bat eratzea, Euskadiren eta Qatarren arteko elkarlanaren xede izan daitezkeen eremuak eta proiektuak zein diren definitzeko eta "zehazteko". "Euskadira iritsi bezain laster batzorde hau martxan jarriko da", adierazi du Lehendakariak.

Patxi Lopez Lehendakariaren ordezkaritza hainbat alditan bildu da Barne Ministroarekin, Emirraren emazte eta Qatar Fundation-eko presidente andrearekin, Oinordeko Printzearekin, eta Qatari diar-eko arduradunarekin, herrialde honetako hiri proiektu handi eta jasangarria aztertzeko. Bilera horietara bertaratu dira, halaber, Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua eta Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia.

Euskadi eta Qatarren arteko elkarlanak lehen urrats garrantzitsua egin du Sheikh Tamim Bin Hammad Al Thani Oinordeko Printzearekin eginiko bileraren ondoren; honek Lehendakariari azaldu dionez, bere asmoa da harreman horiek diskurtsoetako borondate onetik haratago eramatea lehenbailehen. Bilera horretatik sortu da, hain zuzen ere, Industria sailak eta Qatarreko Ministerio Botereguztidunak eratuko duten lan-batzordea; bere ardura izango da sektoreak definitzea eta planifikatzea, kolaborazio hori eta bertatik eratorriko diren proiektu zehatzetan islatu ahal izateko. Emirrak jakinarazi dio Lehendakariari Qatarrek interesa handia duela energia berriztagarrien, proiektu jasangarrien, heziketaren, osasunaren eta biteknologiaren alorreko proiektuetan. "Inbertsio eta baliabide garrantzitsuak daude tartean, eta baita Euskadin indarrean jarri nahi ditugun proiektuak ere" adierazi du.

Emirrarekin bildu aurretik, Lehendakaria Sheikha Moat Bint Nasser Al Missne Emirraren emazte eta Qatar Fundation-eko presidente andrearekin bildu da eta honek neutroien espalazio zentroaren Bilboko egoitzarekiko bere interesa adierazi du. Izan ere, Hezkuntzaren Hiriko eta Teknologia eta Zientziaren Zentroko arduraduna ere bada. Horregatik adierazi du bere interesa Zientziaren Hiriko zuzendari exekutiboak laster bisitatuko dituen euskal zentro teknologikoen funtzionamendua ezagutzeko orduan.

Hain zuzen, Zientziaren Hiriak kontratu bat esleitu behar du hiri honetako tranbia eratzeko; CAF euskal enpresa lehiaketara aurkeztuko da, eta berari txosten bat pertsonalki aurkeztera animatu du enpresa hori, hasitako esleipen-prozesutik haratago.

Gainera, Sheikha Moat Bint Nasser Al Missne andreak unibertsitateko ikasleak trukatzeko programa bat ezartzeko aukera eskaini du, gastu guztiak bere gain hartuta; Eusko Jaurlaritzak eta Deustuko Unibertsitateak misio honetatik itzultzean jorratuko dute gai hori

2022 Munduko Txapelketako terrorismoa

Eguneko azken bilera Qatari diar proiektua ezagutzeko garatu da. "Hiri garapenerako proiektu handi eta jasangarria, mapa batean eraikinak edo lerroak metatzeaz haratago doana, garapenerako ezohiko aukerak dakartzana, euskal enpresek parte hartu dezaten", esan du Lehendakariak.

Oraingoz, hainbat euskal enpresa bertaratuko dira, datorren martxoan, industria berdeari buruz Qatarren egingo den kongresu batera; trenaren inguruan urrian egingo den beste kongresu batera ere gonbidatuak izan dira. Proiektu honetan 30 bilioi dolar erabiliko dira eta hemendik 2040ra arte 88 bilioi dolar kudeatuko dira.

Nazioarteko terrorismoa zein ETArena ere kontsideratu dira gaur goizeko bilera agendan, hain zuzen ere Lehendakariak Sheik Abdullah Bin Nasser Bin Khalifa Al Thani Barne Ministroarekin egin duen bileran. 2022ko Qatarreko Munduko Futbol Txapelketaren ekitaldiak Euskadirekin kolaboratzeko eta arlo honetako bere esperientzia ezagutzeko interesa piztu du; horren ondorioz, bi gobernuek bilerak egin dituzte arlo hau aztertzeko.

Proiektu mota honen garapen prozesua bi urtekoa izan ohi da, baina Lehendakaria baikor azaldu da eta batzuk "lehenago amaitzea" espero du.

Bihar, Arabiar Emirerri eta Qatarrerako enpresa- eta erakunde-misioaren azken jardunaldia izanik, Qatarreko garapen proiektuetako arduradun gorenekin eta merkataritza ganberarekin dauden harremanak berretsiko dira, bertan instalatutako euskal enpresen aldeko sostengua adierazteaz batera.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)