Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Leioako Umore Azokaren XIX. edizioa babestu du; maiatzaren 17tik 20ra izango da hitzordua

2018.eko apirilak 26

Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria Leioako Umore Azokaren aurkezpenean izan da gaur. Leioako Udalak antolatzen du urtero jaialdi hau, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. Aurten maiatzaren 17tik 20ra ospatuko da, eta han izango dira Euskal Herritik eta munduko gainerako lekuetatik etorriko diren 40 konpainiak egingo duten goi mailako kalitateko programazio artistiko proposamenekin. Egun horietan Leioara hurbiltzen direnek erabateko 13 estreinaldi, estatu mailako 4 estreinaldi eta “kaleko” 4 estreinaldi ikusi ahal izango dituzte.

Leioako Umore Azokaren XIX. edizioaren programazioaren aurkezpena gaur goizean izan da Bilboko Errekalde Aretoan. Ekitaldian, Atorrasagastirekin batera, Mari Carmen Urbieta Leioako alkatea, Andoni Iturbe Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendaria eta Ana López Asensio Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria Saileko zuzendaria izan dira.

Mari Carmen Urbietak azpimarratu duenez, hemeretzigarren urtez jarraian, Leioan “berriro ere dibertsioa eta kultura etxeko atean jarriko ditugu”. Udalak urtero azokaren kalitateari eusteko esfortzu handia egiten duela gogorarazi du alkateak, baina “benetan merezi duela” esan du, “badakigulako Umore Azoka Leioa hitzordu garrantzitsua dela gure udalerrirako, gure tokiko ekonomiarako, kulturaren sustapenerako eta kaleko profesionalentzat eta artistentzat”.

Iaz 37.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren azokaren ikuskizun artistikoren batera, eta horrek argi eta garbi erakusten du “Umore Azoka Leioaren zalantzarik gabeko erakarpena”. “Eskerrak eman behar zaizkie, Kultura sailetik hasi eta udal talde teknikoetara eta mantentze lanetako langileetara, urtero azokak arrakasta lor dezan ezinbestekoa den esfortzu horretan parte hartzen duten guztiei”, adierazi du Urbietak.

Horrela, Umore Azoka Leioak aurrekontu ekonomiko garrantzitsua duela adierazi du alkateak, Udalak azokaren garapenarekin eta finkapenarekin duen konpromisoaren erakusgarri. “Partida egonkorra bideratzen dugu ekitaldi honetara, aurten 211.300 eurokoa, eta datuek erakusten dutenez, Leioari asko ematen diolako egiten dugu, eta ez ekonomiaren ikuspegitik bakarrik”. Izan ere, aurtengo edizioan hirugarren urtez jarraian eramango da aurrera “Tokiko Eszena” ekimena, udalerriko talentua sustatzeko helburuz. Leioako 3 konpainiak hartuko dute parte bertan.

Programazioaren eta aukeraketa artistikoaren arduradun gisa, Ana López Asensio Leioako Udaleko Kultura eta Gazteria Saileko Zuzendariak jarduera programaren kalitatea eta aniztasuna azpimarratu ditu, eta parte hartuko duten konpainiak 500 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu direla gogorarazi du. “Aurtengo edizioa inoiz baino kamaleonikoagoa izatea nahi dugu; egun hauetan Leioa Kaleko Arteek irudikatzen duten guztia bilakatzea: ikusgarritasuna, kolorea, dibertsioa eta ezusteak”.

Horrela, Umore Azoka Leioa 2018ko programazioak 100 emanaldi baino gehiagotara hurbiltzeko aukera eskaintzen du, horietako asko erabateko estreinaldiak. Aurten ere antzerkia, dantza eta zirku garaikidea izango dira ardatz nagusiak, baina magiarako, umorerako eta baita surako ere lekua egongo da.

Sorkuntza sektorearen ikuspuntutik, Umore Azoka Leioak Euskal Herriko Kaleko Arteen funtsezko erreferentzia izaten jarraitzen du. Horrela, parte hartuko duten 21 euskal konpainietatik (EAEko 18, Iparraldeko 2 eta Nafarroako bat), 15 orain arte ikusi gabeko ikuskizunekin etorriko dira (erabateko 11 estreinaldi, Estatu mailako estreinaldi bat eta kaleko beste 3 estreinaldi). “Badakigu Umore Azoka Leioa ezinbesteko hitzordua dela Euskal Herriko Kaleko Arteen kolektiborako, eta horregatik, hain zuzen ere, esfortzu handia egiten dugu hemen egiten den sorkuntza lan gehienak Leioan bere erakusleihoa izan dezan”, adierazi du Ana López Asensiok.

40 konpainia eta 100 emanaldi baino gehiago

Azokak irauten duen lau egunetan Leioara hurbiltzen diren pertsonek aukera zabalaren artean hautatu ahal izango dute, modu librean edo antolatzaileek proposatutako ibilbide artistikoak jarraituz. Euskal Herriko konpainiei dagokienez, aurtengo edizioan talde hauek hartuko dute parte: Aimar & Cía, Amaia Elizaran, Amico Teatro, Cía. Barsanti, Compañia InPut, Denis Santacana Compañia de Danza, Dramagia, Elirale Dantza Konpainia, Ganso & Cia, Hortzmuga Teatroa, Iñaki Mata Antzerkia, Krego-Martin Danza, Lasala, Manez eta Kobreak, Markeliñe, Node Akziona!, Organik, Pez Limbo, Proyecto Larrua, The Funes Troup eta Tio Teronen Semeak.

Euskal Herriko ia konpainia guztiek orain arte ikusi gabeko ikuskizunak ekarriko dituzte Leioako kaleetara. Erabateko 11 estreinaldien artean hauek daude: clown eta masta txinatarraren tekniketan oinarrituta Aimar&Cía konpainiak aurkeztuko duen “Etxea/Casa/Home”; Barsantiren “Kale Gorrian/El deshaucio”, gaur egun puri-purian dagoen gaia lantzen duen antzezlana; Bulebarrean misterioaren karpa instalatuko duen Dramagiaren “Los misterios de Mr. Blanco”; 50m2ko mini-inperiora eramango gaituen Ganso &Cíaren “Babo Royal”; “Jule”, Hortzmugaren azken lana; edo panpina errealista baten bitartez Iñaki Matak egiten duen ikus-poesia proposamena.

Estreinaldiak izango dira, baita ere, gastronomiaren, naturaren eta teknologiaren arteko elkarrekintza proposatzen duen Markeliñeren “Chef Natura”; teknologiarekin eta ezezaguna denarekin dugun erlazioan oinarritutako Node Akziona! taldearen “Tria”; dantza garaikidea eta break dancea uztartzen dituen Ozkolen “Proyecto Larrua”; The Funes Troup taldearen “Aukerak” zirkuko pieza; eta “Tio Teronen Semeak” konpainiaren asmoak argi eta garbi erakusten dituen “Festamentua”. Estatu mailan, estreinaldia izango da baita ere, Eliraleren proposamena (“Bihotz2”), eta orain arte kalean ikusi gabekoak dira Krego-Martín Danzaren (“Moliendo café”), Lasalaren (“Microclimate”, “IU” eta “Female”), eta Pez Limboren (“Óxido, umore garratza / humor corrosivo”) antzezlanak.

Estatuko gainerako lekuetatik, azpimarragarria da Kataluniako konpainien presentzia, 5 ordezkari baitatoz bertatik. Andaluziako bi eta Valentziako Erkidegoko, Madrilgo eta Extremadurako bana etorriko dira. Proposamenak, oraingo honetan, Chapertons Cómic Teatre katalanen jestuen antzerkitik, protagonistak gurpilak diren irudimen, poesia eta sorkuntza mundutik, umore klasikoaren bikote handietan oinarritutako ikuskizuna aurkeztuko duen Valentziako Lucas Escobedo konpainiaren magiara eta umore absurdura joango dira.

Nazioarteari dagokionez, Umore Azoka Leioak Europako 5 konpainia eta Hego Ameriketako bat jasoko ditu. “Fuera” lanaren bitartez adiskide gehiago egiteko asmoz datorren Murmuyo txiletarra; Brunette Bros daniarraren “Brunette Circus” zirkuko kaosa; tangoaren eta suaren arteko topaketa ikusgarria eskainiko duen Bilbobasso frantsesa; Kolektiv Lapso Circ italiarraren orekaren bilaketa “Ovvio” lanean; Herbehereetako “Vincent de Rooij & Csilla Lakatos” konpainia, itsasontzi-hegazkin baten barruan gauzatzen den “Boat” antzerki-zirku proposamenarekin; eta “E-nxada” lanean plastikotasuna, soinua eta argia uztartzen dituen “Erva Daninha Companhia” portugesa.

Azoka profesionala

Ikuskizun artistikoez gain, Umore Azoka Leioako egitarauak jarduera profesionalari eskainitako atal garrantzitsua ere jasotzen du, elkarrekintza, ezagutza eta talentuaren sustapena bultzatzeko duen helburuarekin bat etorriz. Horrela, Umore Azokak, antzezlanak aukeratzera, akordioak ixtera eta kontratazioak egitera Leioara etorriko diren ehun profesional baino gehiago elkartzea aurreikusten du.

Aurten aurreikusi diren jarduera paraleloen artean, hainbat erakunderen batzarrak daude, Sarea-Antzokien Euskal Sarearena eta Kaleko Arteen Profesionalen PATEA Elkartearena, besteak beste. Horrez gain, III. Artekale-Sarea topaketa egingo da, eta ADDEren (Euskadiko Dantza Profesionalen Elkartea) katalogoa aukeztuko da.

Horrez gain, ohikoa denez, Umore Azoka Leioak irauten duen bitartean, Kultur Leioako erakusketa azoka etenik gabeko topaketa profesionalerako puntu bilakatuko da, Artekale espazioaren bitartez. Esparru horretan egingo dira, beste jarduera batzuen artean, “umore meeting” izenekoak, elkarrekintza eta ikuskizunen kontratazioa erraztea helburu duten negozio bilera azkarrak. Horrez gain, berrikuntza gisa, aurten, Coordinadora de Ferias y Artes Escénicas del Estado (COFAE) izenekoak, azoken gizarte balioari buruzko azterlana egingo du lekuan bertan.

Gainera, ostiralean, maiatzaren 18an, 14:30ean, XIX. edizioan parte hartuko duten konpainiei eskainiko zaien harrera ekitaldi ofiziala ospatuko da eta Umore Azoka Leioa 2017ko sariak banatuko dira. Ekitaldia Mendibile Jauregian egingo da, eta Umore Azoka 2018 Sari Berezia ere bertan banatuko da.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak