Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
qrcode

Beatriz Artolazabal: “etxerik gabe kaleetan lo egiten dutenen kopurua murriztu daiteke”

2018-05-02
  • Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Etxerik Gabeko Pertsonen Estrategia aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean
  • “Pertsona guztiek etxe bat eduki behar dute bizitza inklusiboa, parte-hartzailea gauzatzeko, eta enplegua, etxebizitza, osasuna eta ahalik eta ongizate-maila handiena edukitzeko”
  • Bizilekuari dagokionez, Euskadi Estatu osoaren buruan dago, eta urtean 47,5 milioi euro bideratzen ditu etxerik gabeko pertsonei arreta eskaintzeko
  • 12 hilabete baino lehen, euskal erakundeek kolektiboaren egoera prebenitzeko eta hobetzeko plan propioa eta koordinatua diseinatuko dute

VG 2018 05 02

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, gaur goizean, Etxerik gabeko pertsonentzako estrategia aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Berak azaldu duenez, "12 hilabete baino lehen, euskal erakundeek plan propioa eta koordinatua edukitzeko balioko du, kolektiboaren egoera prebenitzeko eta hobetzeko jarduketa zehatzak burutuz. Artolazabalen ustez “etxerik gabe kaleetan lo egiten dutenen kopurua murriztu daiteke. Pertsona guztiek etxe bat eduki behar dute bizitza inklusiboa eta parte-hartzailea gauzatzeko, eta enplegua, etxebizitza eta osasuna eskuratzeko, eta ahalik eta ongizate-maila handienaz gozatzeko aukerak izateko”

Artolazabalen iritziz, “etxegabetasuna” konpontzeko eta prebenitzeko, Euskadik ibilbide luzea du hura babestera bideratutako ekintzen inguruan, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko entitateen eta erakunde publikoen konpromisoari esker. “Lan-plangintza Estatuaren buruan kokatzen da, ostatu-plazen estaldurari dagokionez; urtean 47,5 milioi euro bideratzen dira etxerik gabeko pertsonen arretara”, zehaztu du sailburuak.

Artolazabalek esan duenez, “Udalen, Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritza beraren jarduketak bakarka edo lankidetza-akordioen bitartez gauzatu ahal izango dira. Era horretan, gizarte-, osasun-, enplegu- edo etxebizitza-zerbitzuen edo diru-sarrerak bermatzeko zerbitzuen artean, besteak beste, jarduketak garatu ahal izango dira”.

Estrategia 2017ko urriaren 11n onartu zen eta, apirilaren 16an erakundeek euren atxikimendua sinatu ondoren, orain, Eusko Jaurlaritzaren sail bakoitzari, Foru Aldundiei eta Udalei dagozkien jarduketak abiaraziko dira.

Lide Amilibia sailburuordearekin batera, Artolazabalek Euskadiko hiriburuetako eta herrietako kaleetan lo egiten duten pertsonen azken kontaketaren emaitzak gogoratu ditu. Datu horien arabera, "zenbaketaren gauean (2016ko urriaren 26tik 27rako gauean) etxerik ez zuten 274 pertsona aurkitu ziren. 2014an egin zen aurreko kontaketarekin alderatuta, kopurua murriztu egin da. Urte horretan, etxerik ez zuten 323 pertsona zenbatu ziren.   Zenbaketa haren ondoren ikusi genuen kalean lo egiten dutenen % 30ek 30 urte baino gutxiago dituela, eta galdetutako hamar lagunetik ia bederatzi erroldatuak daudela. % 58k ez du ikasketarik edo lehen hezkuntzako ikasketak baino ez ditu; enpleguaren ikuspuntutik, erdiak aktiboa dela aitortzen badu ere, % 8k baino ez du lan erregular bat”.

Arreta

Artolazabal sailburuak emandako kopuru horien artean azpimarratu behar da galderak erantzun dituzten pertsonen % 54k prestazio ekonomikoa edo laguntza publikoa jasotzen duela; eta ia % 22k Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duela. Jasotzen ez dutenen artean % 41ek dio ez duela eskatu. Hamar lagunetik hiruk urtebete baino gutxiago zeramaten etxerik gabe eta % 28k 5 urte baino gehiago. Inoiz kalean lo egin dutenen % 61 delituren baten biktima izan da, eta horien artean gehienak emakumeak dira; bizitegi-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonen % 28k eguneko zati handiena bakarrik igarotzen du; % 12k osasun txarra duela uste du; % 43k dio gaixotasun larria edo kronikoa duela; eta atzerritarren % 26k ez du osasun-txartelik.

“Europar Batasuneko beste herrialde batzuek bezala, Euskadik ezagutzen du nahita edo nahi gabe gizarte-ongizateko baseetatik baztertutako pertsonen egoera. Etxerik gabeko pertsonentzako euskal estrategia da Eusko Jaurlaritzak, gainerako euskal erakundeekin batera eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialarekin elkarlanean, burutzen duen ibilbide luze baten amaiera.  Gure helburua da Autonomia Erkidegoko udalerri nagusietan kalean lo egiten duten pertsonen kopurua asko —gutxienez % 20— murriztea” azaldu du Artolazabalek.

Beatriz Artolazabalek adierazi du “Euskadin etxegabetasuna kuantitatiboki definitzen duten elementuen artean Euskadin ia bi mila lagun etxerik gabe daudela azpimarratu behar dela. Horietatik, 274 (% 13,6) zenbaketa honetan parte hartu zuten hogeita lau udalerrietako bateko espazio publiko edo egitura desegoki batean zeuden; 1.735 (% 86), berriz, etxerik gabeko pertsonentzako hainbat bizitegi-baliabidetan. Zenbatutako 2.009 pertsonetatik 504 (% 25,1) emakumeak ziren. Halaber, gaur egun etxerik gabeko pertsonen kopurua duela hamar urte baino handiagoa da. Erreferentzia gisa Eustaten etxerik gabeko pertsonen gaineko inkestaren emaitzak hartzen badira, operazio estatistikoa, lehen aldiz Euskadin, kuantitatiboki arazo sozial honetara hurbiltzen da”.

Beatriz Artolazabalek aipatutako beste datu batzuen arabera, kalean lo egiten duten pertsonen kopurua murriztu egin da eta etxerik gabeko pertsonentzako bizilekuak dituzten baliabidetan arreta jaso dutenen kopuruak gora egin du. 

“Irudi estereotipatua izaten jarraitzen duten arren, etxerik gabeko pertsonek ez dute talde homogeneoa osatzen. Halaber, denboran zehar, ez dituzte ezaugarri egonkorrak erakusten. Hona hemen datu adierazgarrienak: jatorri atzerritarreko pertsonek gora egin dute; jatorri magrebtarrekoak nagusi dira eta Saharaz hegoaldekoen jatorriko pertsonen pisu erlatiboak gora egin du; etxerik gabe kalean dauden pertsonen % 8 emakumeak dira eta ostatu-baliabideak erabiltzen dituzten pertsonen % 28 inguru dira; etxerik gabeko biztanleriaren artean gazteen kopuruak gora egin du; halaber, etxegabetasun-egoeran denbora luzea daramaten pertsonen kopuruak ere gora egin du” adierazi du Artolazabalek.

Artolazabalek etxegabetasuna eragin dezaketen zazpi egoera definitu ditu: “normalean substantzia psikoaktiboen abusuaren ondorioz adimen-osasun larriak eta arazo kognitiboak dituzten pertsonak; bere garaian bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrak izan ziren gazteak, babes-zentrotan bizitzen egon direnak eta, hemezortzi urte betetzean, etxerik gabe aurkitzen direnak; denbora luzez etxegabetasuneko ibilbideak izan dituzten eta etxerik gabeko pertsonen arretako zirkuituaren barruan berriro erori diren pertsonak; arreta-sarearen barruan arreta eman zaien etxerik gabeko gero eta pertsona helduagoak; bizitegi bikoitza duten atzerritarrak; Euskadira etorri diren eta nazionalitate atzerritarra duten eta euren kargura seme-alabak dituzten familiak —batez ere oso haur txikiak dituzten bakarrik dauden emakumez osatuak—; eta gatazkan dauden herrialdeetatik ihes egin duten pertsona errefuxiatuak”.

Beharrak

Artolazabalen arabera “ondorengo hauek dira etxerik gabeko biztanleriaren premia nagusiak: etxerik gabeko pertsonen % 14 ez dago erroldatua, eta horixe da zerbitzu eta laguntza sozial jakinak eskuratzeko funtsezko baldintzetako bat; enpleguaren ikuspegitik, etxerik gabeko pertsonen erdiak aktiboa dela adierazten du, baina horietako % 8k baino ez du lan erregular bat; etxerik gabeko hamar lagunetik ia bik ez du diru-sarrerarik eta % 64 pobrezia-egoera larrian dago, eta euren diru-sarrera iturri nagusia prestazio edo laguntza publikoak dira —etxerik gabeko biztanleriaren ia % 54k jasotzen ditu—; etxerik gabeko pertsonen osasun-egoera gaur egun 2005ean baino hobea bada ere, biztanleria orokorrarena baino askoz ere okerragoa da; etxerik gabeko pertsonen % 42k Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak jasotzen ditu”.

“Halaber, etxerik gabekoen herenak egunaren zati handiena bakarrik igarotzen du; nazionalitate atzerritarreko etxerik gabeko pertsonen laurdenak ez du osasun-txartela; Euskadin etxerik gabekoen ia laurdena baztertuta sentitu da etxerik ez duelako; eta etxerik gabeko pertsonek delitu eta eraso asko jasaten dituzte" gaineratu du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

Artolazabalek azaldutakoaren arabera, Euskadik etxerik gabeko pertsonen arretarako sareko baliabide-zuzkidura ugari ditu: 244 zentrok 2.971 ostatu-plaza, jateko 2.013 plaza eta eguneko arretarako 2.210 plaza —okupazionalak eta hezkuntzakoak— eskaintzen ditu.

 "Ostatu-plazen estaldurari dagokionez, Euskadi Estatuaren buruan dago. 2016an Euskadin 201 zentro zeuden eta, guztira, 2.971 ostatu-plaza eskaintzen zituzten, 1.000 biztanle bakoitzeko 1,36 ostatu-plazako zuzkidurarekin. Horietatik guztietatik, 18 aterpetxeak eta eskakizun txikiko zentroak ziren. Bertan, 467 ostatu-plaza eskaintzen ziren. Urtean 47 milioi euro bideratzen dira etxerik gabeko pertsonen arretara. Hirietan oso errotuta dagoen arreta-sare bat da. Bertan bigarren mailako arreta eskaintzen duten bizitegi-zentroek pisu handiagoa dute eta ostatuen sarean oso espezializatuak daude. Hirugarren gizarte-sektorearen pisua garrantzitsua da baliabideen kudeaketan” azaldu du.

Estrategian parte hartu duen erakunde arteko Lantaldeak hura osatzen duten oinarrizko ardatzak, printzipioak eta ildoak definitu ditu, eta honako erakunde hauen laguntza izan du: Eudelena, Barakaldoko; Bilboko, Laudioko, Donostiako, Irungo, Santurtziko, Gasteizko, Portugaleteko eta Getxoko udalena, hiru Foru Aldundiena, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun, Ingurumen eta Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailena.

Artolazabalek Etxerik Gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategia (2018-2021) arautzen duten 8 printzipio orokor aipatu ditu: “etxegabetasuna murrizteko estrategia, eskubideen ikuspegian oinarritua, pertsonak eta etxebizitza oinarri hartuta, integrala, bizitegi-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonengan eragina duten hainbat problematika aztertuko dituena; aldi baterako ostatu-zerbitzuan eta eguneko eta gaueko harrera-zerbitzuan eskaintzen den zerbitzuaren kalitatea hobetzera bideratua, baita ingurune irekian esku hartzera ere, Gizarte Zerbitzuen Mapa eta Kartera behar bezala garatzea bermatuz; prebentzio-politikak garatuko dituen estrategia, bereziki etxegabetasun-arrisku handiko egoerekin loturik; premia konplexuagoak dituzten pertsonei orientatua, eta arreta berezia ipiniz etxerik ez duten emakumeen problematika espezifikoari; eta ezagutzaren kudeaketaren eta ebidentzian oinarritutako praktikaren laguntzarekin.

Helburuak

Estrategian finkatutako helburu orokorrek etxegabetasunaren prebentziora bideratutako politikak indartzen dituzte; Euskadin etxerik ez duten pertsonenganako gaur egungo arreta-eredua onbideratzen dute, pertsonan zentratutako eta etxebizitzara bideratutako arreta-eredu bat sortzeko helburuarekin; EAEko Gizarte Zerbitzuen Mapa zabaltzen amaitzen dute, baliabideak lurraldeka behar bezala banatzen dela bermatuz; etxerik gabeko pertsonen eskuragarritasuna bermatzen dute; premia bereziak dituzten etxerik gabeko pertsonenganako eta, bereziki, bizitegi-bazterketa larriko egoeran dauden emakumeenganako eskaintzen den arreta hobetzen dute; etxerik gabeko pertsonen problematikarekin lotuta, ezagutzaren koordinazio-, ebaluazio- eta kudeaketa-tresnak hobetzen dituzte; eta fenomeno horren pertzepzio soziala azpimarratzen dute, egoera horiei ekiteko eragile komunitarioen parte-hartzea, oro har, indartuz eta pertsona horiek jasan ditzaketen biktimizazio-egoerak aurreikusiz.

Helburu horiek erdiesteak neurtu daitekeen helmuga edo xede kuantitatibo bihurtu behar du: 2020. urterako, Autonomia Erkidegoko udalerri nagusietan kalean lo egiten duten pertsonen kopurua asko —gutxienez % 20— murriztea” dela esan du Artolazabalek.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)