Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Sailak eta Segurtasun Sailak lankidetza areagotu dute, eta elkarbizitzarekin eta bide-segurtasunarekin lotutako gaiak sartu dituzte ikastetxeetako prebentzio-hitzaldietan

2018-04-26

2013an hitzarmena berretsi zenetik, orotara 84.143 ikaslek parte hartu dute 629 ikastetxetan antolatu diren 2.450 ekintzetan

Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek eta Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltran de Herediak lankidetza-hitzarmena berritu dute gaur goizean Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, elkarbizitzarekin eta bide-segurtasunarekin lotutako gaiak sartzeko Ertzaintzak Euskadiko sare publikoko ikastetxeetan ematen dituen prebentzio-hitzaldietan.

Eusko Jaurlaritzako bi sailek 2013an berretsi zuten honako helburu zehatzak dituen sailarteko hitzarmena: jarrera desegokiak eta indarkeriazko ekintzak saihesteko neurriak ezartzeko bidean orientazioa eta laguntza ematea hezkuntza-sisteman, faktore positiboak edota prebentziokoak babestea eta sustatzea, eta bizikidetza egokiari kalte egiten diotenak murriztea edota indargabetzea.

Hitzarmena 2013ko urrian sinatu zenetik izandako esperientziaz balorazio oso positiboa egin du jarraipen-batzordeak, eta ikusi du hitzarmen hura eguneratu egin behar dela ekintza berriak sartzeko eta, era horretara, bertan ezarritako helburuak sakontzeko.

Gogora ekarri behar da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Segurtasun sailen arteko hitzarmen honek argi eta garbi egiten duela elkarbizitza positiboa bi esparru horietatik modu osagarrian eta koherentean lantzeko neurrien eta prozeduren aldeko apustua.

Hori horrela, hitzarmenaren helburua da ikastetxeei laguntzeko estrategiak sakontzea eta prebentzio-ekintza sakontzeko eta eskolaren esparruan elkarbizitzan eragina izan dezaketen egoerak modu egokian kudeatzen laguntzeko aukera eta baliabide gehiago ematea.

Lankidetza abian jarri zenetik, 4 urte hauetan, 84.143 ikaslek hartu dute parte 628 ikastetxetan antolatu diren 2.450 ekintzetan. Lehenengo urtean, 2013-2014 ikasturtean, 3.180 pertsonak parte hartu zuten, 2014-2015 ikasturtean 17.943k, 2015-2016 ikasturtean 26.675ek eta aurrekoan, 2016-2017 ikasturtean, alegia, 36.345 ikaslek parte hartu zuten.

Internet eta gizarte-sareak erabiltzeak ekar ditzakeen arriskuek, bullyngak, drogek eta gizalegearen aurkako jokabideek interes handia sortu dute ikasleen eta guraso-elkarteen artean, eta gero eta informazio gehiago eskatzen dute arrisku-egoerak prebenitzeko eta saihesteko.

Genero-indarkeria, kirol-jardueretako prebentzioa eta gazteen indarkeria dira ikasleen interesa piztu duten beste gai batzuk, eta azken urteotan gai berriak sartzen joan dira, hala nola, 112 SOS-Deiak noiz eta nola erabili jakitea eta bide-segurtasuna, beti prebentzioaren ikuspegitik.

Berrikuntzak

Berrikuntza nagusietako bat da aurrerantzean Trafiko Zuzendaritzak Hezkuntza Sailarekin batera bide-segurtasunaren arloan garatzen dituen lau jarduera-multzo sartuko direla:

- Bideko lan-arriskuen prebentziorako prestakuntza, unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistemako eta Hezkuntza Sailaren mendeko langileei zuzenduta.

- Bide-segurtasunari buruzko material eta baliabide didaktikoak prestatzea Haur Hezkuntzako eta Oinarrizko Hezkuntzako gai curricular ezberdinetarako.

- Prebentzio-programak, honako ikasleentzat:

  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
    • ´Gerta dakizuke/Te puede pasar´ programa
    • ´Norabide Guztiak/Cambio de sentido´ antzerki-foruma
  • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondokoa
    •  ‘Don´t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik/Para tí no hay repuesto(s)’ programa.

Jarduera horiekin Ertzaintzak bide-segurtasunaren esparruan egiten dituen ekintzak osatuko dira, eta helburua dute kalean edo autoan goazela portaera egokiak zein diren jakitea, bizikletaz ibiltzeko arauak eta seinaleak ezagutzea eta istripuen arrazoiei eta ondorioei buruzko informazioa ematea ordu eta erditik bi ordura arteko dinamiken bidez.

“Segurtasun Sailaren ustez Euskadiko kaleetan eta errepideetan ezbehar-tasa murrizteko garrantzizkoa da familiaren esparruan nahiz, agerikoa den moduan, hezkuntzaren esparruan oinarrizko zirkulazio-arauak eta gizalegezko portaerak irakastea. Horrela, Hezkuntza Sailarekin elkar hartuta jardun nahi izan dugu bide-segurtasuna, nolabait ere, garrantzizko ikasgaia izan dadin ikastetxeetan”, esan du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltránde Herediak.

Bestalde, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriartek adierazi duenez,“gure helburua elkarbizitza positiboaren eta prebentzioaren aldeko estrategiak sustatzea izan da. Alde horretatik, ikastetxeek laguntzako materiala, erremintak eta orientazio batzuk jaso dituzte, eguneroko jardunean sor daitezkeen egoerei aurre egiteko lagungarriak direnak. Gure ustez antolatu diren hitzaldiak oso interesgarriak izan dira ez bakarrik parte hartu duten ikasleentzat, baizik eta baita irakasleentzat eta une jakin batean gehien interesatzen zitzaien gaiaren inguruan prestakuntza eskatu duten familientzat ere”.

Bi sailburuek azpimarratu dute ikastetxeetan ematen diren hitzaldiez ikasleek egindako balorazioa, eta 2017an, esate baterako, 5 puntutik 4,39 eman dituzte, eta gutxi askora azken lau urteotako puntuazioa da. Irakasleen balorazioa, berriz, 2017an 5 puntutik 4,6koa izan da.

Segurtasuneko sailburuak, bestalde, “Prebentzioa komunikazioaren bidez landuz” programaren baitan azken lau urte hauetan dibulgazio-lan hori egin duten Ertzain-etxeetako ertzain boluntarioek egindako lana ere balioetsi nahi izan du, eta azpimarratu du programa horrek, batetik, hainbat sari jaso dituela eta, bestetik, Ertzaintzaren lana sozializatzen lagundu duela beharrezko zerbitzua emateko egiten duen lana hezkuntzaren esparrura hurbilduta, delitua saihesten duen agente moduan eta herritar guztien eskubideak eta askatasunak defendatzen dituen eragile gisa.

Horretarako, ikastaroez eta tailerrez gainera, hitzarmenak beste aukera bat ere eskaintzen du: ikasleek, eskaera egiten badute, ertzain-etxeetako nahiz Erandioko, Oiartzungo edo Iurretako polizia-zentroetako ertzainen eguneroko lana tokian bertan ezagutzeko aukera, edota Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian ertzainak nola prestatzen diren jakitekoa. 

 

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @rgartzia
    2018-04-27

    Comentario de Twitter:
    Educación y Seguridad amplían su colaboración e incorporan temas de convivencia y seguridad vial a las... https://t.co/jlp3kEOSOy

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)