Berriak Osasuna
Eu

Euskal Osasun Sistemak Europako 40 proiektu garatzen ditu, osasun arloko emaitzak hobetzeko, sistema aldatzeko eta Euskadiko ekonomia eta gizarte garapenari laguntzeko

2018.eko apirilak 25

Gaur, Vitoria-Gasteizen, Euskal Osasun Sisteman arreta integratuan eta osasun-zerbitzuetan  zentratutako Europako ikerketa-proiektuei buruzko lehen jardunaldia izan da; bertan, Jon Darpón Osasun sailburuak eta Arnaud Senn Europako Batzordeko ordezkariak parte hartu dute

 

Guztira Osakidetzako 400 profesionalek lankidetzan dihardute Europako ikerketa-proiektuetan, eta Europako 5,2 milioi baino gehiagoko funtsak bereganatu ditu Euskadik bere garapenerako

 

 

Jon Darpón Osasun sailburuak, gaur goizean, Vitoria-Gasteizen, “Euskal Osasun Sistemako Europako proiektuei buruzko lehen jardunaldia:arreta integratua eta osasun-zerbitzuak” jardunaldian parte hartu du. Osasun Sailaren Kronikgune osasun-zerbitzuetako eta kronizitateko ikerketa-zentroak antolatu du, Euskal Osasun Sistema Europako zer proiektuetan dabilen ezagutzera emateko. Horietan, Osakidetzako 400 profesionalek baino gehiagok dihardute lankidetzan eta horien helburua da osasun-arloko emaitzak hobetzea, sistema eta osasun-zerbitzuak aldatzea eta Euskadiko gizartearen ekonomia- eta gizarte-garapenari laguntzea.

Arnaud Senn, eremu honetan Europako Batzordearen ordezkari dena, izan da jardunaldian, eta, bertan, Jon Darpón sailburuak nabarmendu du zer ahalmen handia duen Euskal Osasun Sistemak eta ezagutza berria lortzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko ikerketa eta berrikuntza garatzeko beharra nabarmendu ditu.“Gaitasun handiko profesionalak ditugu, goi-mailako ekipamendu teknologikoa eta Europan ia bakarra den ahalmenaz integratutako informazio-sistemak”.

Osasun sailburuak nabarmendu du Euskadin beharrizan handia egon dela denboran eta baliabideetan inbertitzeko ikerketan eta berrikuntzan, erronkei aurre egiten laguntzeko eta kalitate handienak ziurtatzeko eta, hori horrela, Eusko Jaurlaritzarentzat oro har ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko apustua lehentasuna dela.

Arreta integratua eta osasun-zerbitzuen inguruko ikerketa 2017-2020rako Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren ildo estrategikoetako bat bezala jaso da. Legegintzaldi honetan zenbait jarduketa zabaltzea aurreikusten da, 2020rako Osasunaren ikerketaren eta berrikuntzaren estrategiaren lau ardatzetan: eragina, integrazioa, pertsonak eta baliabideak. Helburua osasun-sisteman I+G+b jardueren koordinazio hobea lortzea da, euskal ekosistemako erakunde, organizazio eta ikerketa-zentroekin koordinazioan.

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak osasun-sistemaren etengabeko egokitzapena eta eraldaketa lortu nahi du, bai eta Euskadi ezagutza-arlo horretan nazioarteko erreferente bilakatzea ere, jasangarritasunerako eta gure ongizate-sistemaren kalitaterako gakoa.

2016tik, Euskadi Europa mailan erreferentzia-gunetzat jotzen da (“Reference Site”); lau izar ditu, Europako Batzordeak eman dezakeen puntuaziorik altuena, zahartze aktiboari eta osasungarriari eta pertsona jarduketa ororen zentro izateko politika berriak sartzeari modu integralean heltzeko duen konpromisoagatik.

Gaur egun, Euskal Osasun Sisteman Europako 40 proiektu daude martxan eta Euskadik 5,2 milioi euro baino gehiago bereganatu ditu Europako funtsetan, horiek garatzeko. Horrela, Kroknigunek Osakidetzako profesionalekin batera honako arlo hauetan ikertzen eta lan egiten du, Europako zenbait proiekturen bidez:

  • Kronizitatearen osasun-, gizarte- eta ekonomia-inplikazioak.
  • Paziente kronikoak identifikatzeko ereduak.
  • Kronizitaterako zerbitzu eta kudeaketa egokienaren ereduak 
  • Esku-hartze pertsonalizatuen diseinua eta ezarpena (pazientean zentratuta).
  • Arretarako eta zaintzarako sistema integratuak.
  • e-Osasuna eta teknologien erabilera osasun-zerbitzuetan.
  • Osasuna sustatzeko estrategiak, banako jarduketak eta egiturazkoak eta ekintza komunitarioko ereduak barne hartzen dituenak.

 

Zehazki, jardunaldian Europako proiektu esanguratsuenak aurkeztu dira, besteak beste: Carewell proiektua, Kronikgune lider duena Europa mailan, eta, bertan, Osakidetzako zenbait erakundek parte hartu dute. Proiektu horrek premia konplexuak dituzten pazienteentzako arreta integratuaren antolaketa-ereduan sakondu du, osasun-profesionalen arteko koordinazioaren eta komunikazioaren bidez zaintza eta osasun-laguntza hobetzeko, pazientean zentratzen den laguntzaren prestazioa hobetzeko eta IKTak elementu bideratzaile gisa erabiltzeko. Oraintsu, Carewellek Europako Batzordearen aintzatespena jaso du, Europan azken hamarkadan zahartze osasungarrirako ikerketako eta berrikuntza teknologikoko hiru proiektu eraginkorrenetako bat bezala.

United4Health proiektua; horren bidez, telemonitorizazioa ezarri eta zabaldu zaie gutxiegitasun kardiakoa duten pazienteei, zaintzen jarraitutasuna hobetzeko eta beren etxetik egiteko.

Mastermind; horren bidez, onlineko jokabidezko terapia kognitiboa ezarri zen depresio maila arina eta moderatua daukaten paziente helduentzat.

ACT@Scale proiektua; bertan, Osakidetzako erakunde guztietako profesionalek parte hartzen dute, eta paziente pluripatologikoarentzako asistentzia-ibilbideari aplikatuko zaizkion hobekuntzak adostu dituzte, besteak beste, paziente eta/edo zaintzaileak ahalduntzeko jarduerak.

Scirocco; bertan, arreta integratuko jardunbide egokien heldutasuna ebaluatzeko eta jardunbide horiek Euskadin eta Europako beste eskualde batzuetan duten transferentzia ebaluatzeko tresna zehaztu da.

Azkenik, C3Cloud proiektua; horrek arreta pertsonalizatuko planak garatuko ditu paziente pluripatologikoentzat, plataforma digitalek lagunduta eta diziplina anitzeko ekipo koordinatuak kudeatuta.Proiektu horren fokua arreta integratua eta pazienteak eta/edo zaintzaileak erabakiak partekaturik hartzean duen inplikazioa dira. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak