Eu

Kontroleko osoko bilkura (2018/04/27)

2018.eko apirilak 27

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek legebiltzarkideen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko osoko bilkuran:

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bilduko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorrek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izango duten eraginari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun du 2017ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak onestea Eusko Alderdi Jeltzaleak hartutako erabakia izan dela, eta, bere aldetik, esan dezakeena dela aurreko ekitaldietan lortutakoak positiboak izan zirela Euskadirentzat eta Euskadiko herritar guztientzat, eta baita ere azpiegiturak hobetzeko egin ziren inbertsioak, ekonomiara eta industriara zuzendutako laguntzak eta Ertzaintzako kidegoa indartzen lagundu zuten erabakiak.

Gainera, Urkulluk nabarmendu duenez, orain arte ezagutzen dena pentsioak igotzeko "aurre-akordio" bat da, “pentsiodun guztientzako positiboa”, eta bete egiten du Legebiltzarrean sinatutako akordioa. Hala, gogora ekarri duenez, ez dagokio euskal Exekutiboari Estatuko Aurrekontu Orokorrak onestea edo ez onestea, hartzen diren erabakiak gizartearentzako onuragarriak direla bermatzea baizik. 

Galdera, Lander Martínez Hierro, Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, egiteko dauden transferentziei buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun du Gernikako Estatutua osorik betetzea dela Eusko Jaurlaritzaren helburua. Horregatik, gogora ekarri du euskal Exekutiboak egiteko dauden transferentziei buruzko txosten bat aurkeztu ziola Gasteizko Legebiltzarrari 2017ko irailean eta Legebiltzarrak joan den apirilaren 12an proposamen bat onetsi zuela Gobernu zentralari eskatzeko egutegi bat eta plan bat Gernikako Estatutua betetzeko. Proposamen hori, adierazi duenez, Espainiako Gobernuko Lehendakariari helarazi dio.

Arrazoi horregatik, Urkulluk adierazi duenez, “inork ez du batera ekarri oso bestelakoak diren bi gai, solaskide desberdinak dituztenak”. “Bi Gobernuen arteko harreman instituzionalaren eremuari dagokio Gernikako Estatutua betetzea eta ez du zertan baldintzatu urte jakin bateko Aurrekontuak onetsi izanak edo onetsi ez izanak, erabaki hori alderdi politikoen negoziazio eremuari baitagokio”, nabarmendu du.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui, euskal alderdi Popularreko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Quebeck katedrari buruz.

Galdera horren aurrean, Lehendakariak gogora ekarri duenez, “Euskadi Basque Country” nazioartekotzeko esparru-estrategiak “lehentasunezko lurralde” gisa identifikatzen du Quebec, eta 2017ko urrian elkar ulertzeko Memorandum bat sinatu zuen lurralde horretako Lehen Ministroarekin. Hala, bertan geratzen da jasota, beste helburu batzuen artean, harremanak sustatzea kulturaren, hizkuntzaren, ondarearen, hezkuntzaren eta unibertsitatearen arloetan. Hortaz, azaldu duenez, Etxepare Institutuaren katedra berriak lagundu egiten du aipatutako helburua lortzen.

Horren haritik, Urkulluk azaldu duenez, Memoranduma abiaburutzat hartuta, Etxepare Institutuak ospe handiko McGill Unibertsitateari planteatu zion euskal leiho bat sortzea, “Kultura, hizkuntza eta ondarea” oinarritzat hartuta eta, aldi berean, Institutuak jakin zuenez Aguirre Lehendakari Center erakundeak lankidetzarako beste akordio bat planteatu zuen “Gizarte-berrikuntza eta hirigintza” arloan.

“Kontzientzia horren aurrean, eta McGill Unibertsitatearen interesa ikusita, Eusko Jaurlaritzak interesgarritzat jo zuen ekitaldi bakar batean bi ekimenak sinatzea. Unibertsitateak Jardunaldi akademiko bikoitz bat antolatu zuen: batetik, kulturaren eremuan, eta Kulturako sailburuak parte hartu zuen bertan, eta bestetik, gizarte-berrikuntzaren eremuan, eta Ibarretxe Lehendakariak parte hartu zuen bertan”, zehaztu du Urkulluk.

Horregatik, Lehendakariak azpimarratu duenez, bi akordioak protokolo orokor berean txertatzea McGill Unibertsitatearekin partekatutako interes berari erantzuten dio. “Interes eta nabaritasun handiagoa lortzen da horrela bi ekimen desberdin aurkeztean, kontuan izanik biek sendotzen dutela helburu bera: Quebecen eta Euskadiren arteko harreman kulturalak eta akademikoak hedatzea”, zehaztu du.

Galdera, Iker Casanova Alonso, EH Bilduko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak politika publikoen orientazioa Confebascken uzteari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak erantzun du politika publikoen orientazioa Eusko Jaurlaritzak erabakitzen duela, eta Legebiltzarra arduratzen dela politika horien jarraipenaz eta kontrolaz. “Akordioaren helburuak berau sinatu duten Sailen eskumenekin zerikusia badu ere, 2020 Euskal Enplegu Estrategian jasotakoa betez, aitortu eta onartu egiten dut Akordio hori behar adina partekatu ez izana, Gobernuan jarraitutako prozedura eta ohiko egutegia bete izan dudan arren”, azaldu du Urkulluk.

Gainera, Lehendakaria Gizarte Elkarrizketarako Mahai bat egotearen alde agertu da: “Ez dago dibergentziarik Gizarte Elkarrizketarako Mahaiarekin hartua dugun konpromisoa dela-eta, eta nire nahia da, hemendik gutxira, berau erregulatuko duen arau bat egotea”. Horregatik, bere borondatea berretsi du, aipatutako Akordioa Mahai horretara helaraztekoa berau kontrastatu, garatu, aberastu, eta jarraipena egiteko. “Enpresariek beraiek adierazten dute 100.000 pertsona kontratatzeko premia. Haiek identifikatzen dituzte behar izango dituzten lan-profilak eta lanbide-profilak”, azaldu du.

Horregatik, azpimarratu duenez, bere borondatea da premiei erantzutea eta prestakuntzako eta lan-munduan txertatzeko programak egokitzea “lanpostu bakar bat ere bete gabe gera ez dadin”. Hala, bere konpromisoa azpimarratu du laneko prekarizazio egoera eragile ekonomikoekin eta sozialekin adostasunean ebaztea, eta horretarako beharrezkoa da “guztion inplikazioa”. Lehendakariak azpimarratu duenez, Akordio horretan ere sartzen da beste instituzio eta erakunde batzuekiko, hezkuntzaren eta gizartearen eragileekiko lankidetza.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak