Sarrera-probatan izena emateko epea ireki du Dantzertik
- Izenak emateko epea irekia dago maiatzaren 25era arte
- Sarrera-probak ekainean egingo dira, bai Arte Dramatikorako, bai Dantzarako
- Ateak Irekitzeko eguna Dantzertin maiatzaren 2an, aurrez izena emanda
Dantzerti, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolak ireki du dagoeneko epea, datorren 2018-2019 ikasturtean eskolak eskaintzen dituen bi espezialitateetakoren bat ikasi nahi duten ikasleek sarbide-probatarako izena eman dezaten. Epe hau, atzo ireki zen, apirilaren 23an, eta irekita izango da maiatzaren 25era arte.
Baldintza hauetakoren bat betetzen duten ikasleek egin ahalko dute Arte Dramatikoko edo Dantzako Goi-mailako ikasketak burutzeko sarbide-proba espezifikoa:
- Batxilergo-titulua izatea.
- 25 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba gainditu izana.
- Goi-mailako arte-ikasketetan sartzeko ezarritako betekizun akademikoen ordezko heldutasun-proba gainditzea edo lanbide-heziketako goi-mailako prestakuntza-zikloak egiteko sarbide-probaren zati amankomuna gainditzea.
2018-2019 ikasturterako sarrera-probak egiteko datak, hauek izango dira:
- Ekainaren 11tik 15era, Dantzako Goi Mailako Ikasketetarako
- Ekainaren 18tik 22ra, Arte Dramatiko Goi Mailako ikasketetarako
Proba hauen inguruko informazio guztia (proben egitura, garapena, egin beharreko ariketak, kalifikazioa) Dantzertiren webgunean ikus daiteke:
Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan, bi titulazio ikasi daitezke: Arte Dramatikoko Goi Mailako Titulua eta Dantzako Goi Mailako Titulua, biak lau urteko iraupenekoak, efektu guztietara unibertsitate graduaren baliokideak.
Maiatzak 2, ateak irekitzeko eguna
Bestalde, eta azken hilabeteotan bere hezkuntza-eskaintza ezagutarazteko eskola burutzen ari den ekintzen barnean, datorren maiatzaren 2rako ateak irekitzeko eguna antolatu du Dantzertik. Eskola honetan egiten den lana bertatik bertara eta sarbide probak sakonki ezagutzeko interesa duten ikasle eta senideei zuzendutako eguna izango da. Dantzako zein Arte Dramatikoko zenbait tailerretara bisitak eginez, eskolaren eguneroko martxa ezagutze aukera bikaina.
Ateak irekitzeko egunean parte hartzeko interesa duen orok, izena eman beharko du apirilaren 26a baino lehen, plaza kopurua mugatua izango baita: e-postaz: administraritza@dantzerti.eus; telefonoz: 946 57 06 00.
-
2018-04-25
Comentario de Twitter:
RT @Irekia: ⚠️ Abierto el plazo de inscripción para las pruebas de acceso a @Dantzerti ➡︎ https://t.co/uxEpjSKiMr https://t.co/AC4lDWqlbI