Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak "enplegu gehiago eta kalitate hobekoa" aldarrikatu du, Elkargiren 29. Enpresa Topaketako amaiera ekitaldian

2018.eko apirilak 25
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, gaur, Donostian, ELKARGIren Enpresen XXIX. Topaketa itxi du. Lehendakariak nabarmendu du bilakaera ekonomikoa positiboa dela, baina enplegu gehiago eta kalitate hobekoa lortzeko gehiago egiten jarraitu behar dela. Aldi berean, azpimarratu du Elkargi “enpresen funtsezko bazkide laguntzailea dela, bai eta administrazio publikoarena ere”; izan ere, alde batetik, eraldaketa digitala, berrikuntza eta enpresak kanpoaldera zabaldu daitezen bultzatzeko finantza-oinarria bermatzeko estrategia partekatzen dute eta, bestetik, Euskadiko politika ekonomikoa bideratzeko adostasuna sendotzeko uste osoa partekatzen dute.

Ekitaldian izan direnei esan bezala, euskal enpresak azken urteotan erresistentziarako gaitasuna erakutsi du: “adostasunetik abiatuta, beste guztiaren gainetik, jarduerari eta enpleguari eustea lehenetsi duten enpresak ezagutu ditugu”, esan du. Hori horrela, Urkulluk enpresek indarkeriari eta terrorismoari aurre egiteko duten gaitasuna ere nabarmendu nahi izan du: “Gertakarien bidez erakutsi duzuen herrialde-konpromisoa, unerik zailenetan. Enpresaren mundutik, eredu izan zarete eta hori aitortu beharrekoa da, eta gaur berriz ere aitortu nahi dut”, esan du.  

Ildo beretik, Urkulluk nabarmendu nahi izan du proiektu berrietan inbertitzeko eta horiek finantzatzeko baliabide eta laguntzak daudela, kanpoaldean merkatu berriak irekitzeko, antolaketan, produktuan eta zerbitzuan berritzeko. “Gazteentzako aukerei bide emateko laguntzak ditugu”, esan du Lehendakariak. Eta, azaldu duenaren arabera, enpresei berrikuntzarako, erronka digitalari eta teknologikoari erantzuteko edo nazioarteko merkatu berrietara zabaltzeko aktibo handia ematen dien inbertsioa da. Horren adierazle da, esaterako, Eusko Jaurlaritzaren eta ELKARGIren arteko akordioa, “AURRERA” ekintzaileen finantzaketa-programarako; 5 milioi euro ditu.

Etorkizunera begira, Lehendakariak Euskadiko gazteentzako lan-aukerak aldarrikatu nahi izan ditu; bertan, berenganatu duten ezagutza guztia erakutsi ahalko dute. “Hori dela eta, dei egiten diet enpresei, gazteei ateak zabaltzeko”, eskatu du Lehendakariak.

Nahiz eta euskal ekonomiaren bilakaerak positiboa izaten jarraitzen duen, oraindik arazoak dauzkaten edo ingurune globalaren mehatxuak jasaten dituzten enpresak daude, esan du Lehendakariak: “Baina beti erakutsi izan dugu krisi guztiak arrakastaz gainditzeko gaitasuna; elkarrekin lan eginez. Enpresa-eredu berria eraikitzen ari gara, eredu inklusiboagoa, parte-hartzailea, lankidetzan oinarritzen dena eta, beraz, lehiakorra sustatzen duena”, esan du.

Era berean, Urkulluk esan du Euskadik historian prestakuntza eta gaitasun onenak dituen giza baliabideak dauzkala: “Ikerketako eta garapeneko berezko ekosistema eraiki dugu, gizarte solidarioa eta orekatua. Euskadi mundura zabaltzen ari da. Ausartak izateko gakoak ditugu. Eman aurrerapausoa”, esan du Lehendakariak.

Gaurko ekitaldian Pedro María Azpiazu Uriarte Ogasun eta Ekonomiako sailburua, Itziar Agirre Berriotxoa Ogasuneko sailburuordea, Alberto Alberdi Larizgoitia Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordea, Francisco Javier Arnaez Arrecigor Finantza Politikako zuzendaria, Jordi Campàs Velasco Ekonomia eta Plangintzako zuzendaria, eta Josu Iñaki Garay Ibañez de Elejalde Finantzen Euskal Institutuko zuzendari nagusia izan dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak