Berriak
Eu

Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadi bat eginik arrantzaren sektorean segurtasuna areagotzeko ahaleginean

2011.eko urtarrilak 18

Kantauri aldeko autonomia erkidego bakoitzeko (Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadi) laneko segurtasun eta osasuneko erakundeetako zuzendari nagusiak bilduko dira bihar, Donostian, arrantzaren sektoreko ezbeharrak murrizteko prebentzio-neurriak elkarrekin garatzeko lanean aurrera egiteko.

Iazko azaroan, Santiago de Compostelan, izandako bileraren ondoren, biharko bilera baliagarria izango da, besteak beste, "Arrantzaren sektorean segurtasuna eta osasuna zaintzeko Gida" izango denaren edukietan sakontzeko.

Eskuliburua egitea EAEko arrantzaren sektorean lan-arriskuak prebenitzeko Planean (Itsaspreben) aurreikusitako neurrietako bat zen. Horregatik, lan‑medikuntzaren eta prebentzioaren arloko adituak eta arrantzaren sektoreko profesionalak lanean ari dira prebentzio neurri horietan; izan ere, lan-arrisku ugari dituen lanbidea baita -ingurune ezegonkor eta mugikorra-, eta lan‑berezitasun handia du (ingurune fisikoa, itsasontzia lantoki eta bizibide, denboraren neurria, leku mugatuak, etab.)

Horrez gain, lanaldien iraupena eta antolaketa ez da beste lanbideetakoa bezalakoa. Biztanleria Aktiboaren Inkestak (BAI) emandako datuen arabera, arrantzari lotutako lanetan ari ziren pertsonen erdiek astean 50 lanordu baino gehiago egiten zituzten.

Arriskuen artean, nabarmenena itsasora erortzea da; ontziratzean eta lehorreratzean, sareak botatzean eta biratzean edo arrantza itsasontzira igotzean. Halaber, larritasun handiko eta txikiko istripuak gertatzen dira maila bereko erorketengatik, hainbat egoerak eraginda: lurrean arrain-hondakinak edo besteko isurkiak daudelako, itsasontziaren eragiketa eta maniobrengatik, leku mugatua izanik egiturak, objektuak edo ontziratutako karga daudelako, etab. Arriskua areagotzen da, gainera, itsasontziaren kulunkarekin eta argiztapen eskasarekin.

Zarata, bibrazioak, hondakin organikoak, inguruneko tenperatura eta hezetasuna, lanerako jarrera desegoki eta behartuak -etengabe mugitzen ari den leku ezegonkor batean-; horiek guztiak dira era horretako lanak eduki ohi dituen arriskuetako batzuk.

Azkenik, logura eta ezohiko esna-aldiak, eta arrantzuntziak bizikidetzako lekuak izatea -lan-bizitza eta bizitza pertsonala bereizi gabe, kultura eta jarrera desberdinetako pertsonen artean- arrisku psikosozialaren eragile dira.

Lau autonomia erkidegoetako segurtasun- eta osasun-erakundeetako zuzendarien arteko bileran, baita ere, itsasoko langileei arriskuen prebentzioaren arloko prestakuntza emateaz hitz egingo da (arrantza-lanetan aurkitu diren arriskuen %77 langileen informazio eta prestakuntza nahikorik ez izateari loturik daude). Horrez gain, sektorean egindako ikerketek agerian uzten dute arriskuen %63 garapen teknologikoarekin batera etorri direla, bereziki arrantza ontziratu eta maneiatzeko prozesuetan.

Euskadiko arrantza-flota 3.000 pertsona inguruk osatzen dute, eta horietako gehienek itsasbazterreko arrantzan dihardute. Erroldaren herena inguruk itsas zabaleko arrantza egiten duten ontzietan lan egiten du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan