Eu

Eusko Jaurlaritzak Administrazio Publikoari eta Euskadiko autonomiaren berezitasunari buruzko ikerketa zientifikoa bultzatu du (Gobernu Bilera 2018-04-24)

2018.eko apirilak 24

IVAPek 40.000 euroko laguntzak emateko deialdia egin du, Administrazio Publikoari, Zuzenbide Publikoari edo Administrazioaren Zientziari buruzko bi ikerketa-lan finantzatzeko

Gainera, euskal autonomiaren berezitasunari buruzko ikerketa-lanik onenak saritzeko “Jesús María Leizaola” sarien edizio berri baterako deialdia egin du 

Gobernu Kontseiluak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) Administrazio Publikoari, Zuzenbide Publikoari edo Administrazioaren Zientziari buruzko ikerketak egiteko laguntzen eta euskal autonomiaren berezitasunari buruzko ikerketa sustatzeko “Jesús María Leizaola” sarietarako deialdiaren inguruan hartutako bi ebazpen onartu ditu gaur. Bi deialdi horiek IVAPen 2018rako Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan kokatuta daude, eta 70.000 euro bideratuko dira horietarako, hau da, 2017an baino 32.000 euro gehiago.  

IKERKETAK EGITEKO LAGUNTZAK 

Lehen ebazpenaren bidez, Administrazio Publikoari, Zuzenbide Publikoari edo Administrazioaren Zientziari lotutako azterketa-esparruak dinamizatuko dituzten bi laguntza esleitzeko meritu-lehiaketa baterako deialdia egiten da, eta laguntza bakoitzak 20.000 euro izango ditu (joan den urtean baino 16.000 euro gehiago). 

Laguntzak dagoeneko finkatuta dauden edota deialdirako proiektua lantzeko ad hoc prestatu diren ikerketa-taldeei zuzenduta daude. Taldeak bi pertsonak osatuko dituzte gutxienez, eta guztiek goi-mailako unibertsitate-titulazioa izan beharko dute. Taldekideen erdiek Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon beharko dute, 2017ko urtarrilaren 1az geroztik gutxienez. 

Laguntza horiek lortzeko eskaerak IVAPen webgunearen bitartez aurkeztu beharko dira: www.ivap.euskadi.eus. Diru-laguntzen bidez egindako ikerketa-lanak 2019ko uztailaren 23a baino lehen aurkeztu beharko dira, eta IVAPek bi lanak editatuko ditu urtebeteko epean. 

JESÚS MARÍA LEIZAOLA SARIAK 

Bigarren ebazpenaren bidez, “Jesús María Leizaola” sariaren edizio berri baterako deialdia egiten da. Sariak hainbat azterketa-ikuspegitan oinarrituta egin diren eta euskal autonomiari buruzkoak diren edota euskal autonomia aztertzen edo sakontzen lagun dezaketen ikerketa-lanetara (monografietara) zuzenduta daude. 

Aurtengo edizioan, saria 30.000 eurokoa izango da (2017an baino 16.000 euro gehiago), eta honela banatuko da: 

  • 20.000 euro lehen sarirako
  • 10.000 euro akzesit baterako 

 “Jesús María Leizaola” saria pertsona indibidualei zein horretarako osatutako lantaldeei eman ahal izango zaie. Lanak argitaratu gabeak izango dira, eta ekainaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dira honako webgune honetan: www.ivap.euskadi.eus.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko