Berriak Lehendakaritza
Eu

Gobernuak bizikidetzaren eta giza eskubideen inguruko laguntza guztiak arautzen dituen dekretu berria onetsi du (Gobernu Bilera 2018-04-24)

2018.eko apirilak 24

Euskadiko gizarte- eta politika-testuinguru berrira egokitzen den esparru arautzaile bakarra ezarri da; erronka berriekin bat egin nahi du eta biktimen eta gizartearen arteko hurbiltasuna sustatzea du helburu

Eusko Jaurlaritzak, gaur, Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak giza eskubideen eta bizikidetzaren arloan ematen dituen laguntza-ildoak arautuko dituen dekretu berria onetsi du; aurten, 1.150.000 euro izango ditu. 

Araudi berriaren helburua orain arte Biktima eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak deitzen zituen laguntza-ildoen oinarri eta edukiak Euskadiko gizarte- eta politika-testuinguru berrira egokitzea da, eta esparru arautzaile bakarra ezartzea, biktimak gizartera hurbiltzen lagunduko duena, eta, horretarako, espazio partekatuak sortzea. Horrela, dekretu berri horretan batera arautzen dira, bai erakunde pribatuentzako eta udalerrientzako laguntzak, bai terrorismoaren biktimen elkarteei orain arte eman izan zaizkienak. Memoria historikoaren laguntzak, bestalde, GOGORA institutuak kudeatzen ditu orain.

Esparru orokor horren barruan, gure gizartean bizikidetzako, giza eskubideekiko errespetuko, enpatiako eta elkartasuneko kultura sustatzen duten proiektuak diruz lagunduko dira. Horretarako, honako eremu hauek ezarri dira: 

Bizikidetza eta giza eskubideak:

  • Giza duintasunarekiko, giza eskubideekiko eta bizikidetza kontziliatuarekiko konpromisoa sustatzea helburu duten parte-hartzeko, zabalkunderako edo gizarte-hezkuntzako jarduketak. 
  • Gizartean edonolako indarkeriari, terrorismoari edo giza eskubideen urraketari lotutako kontzientzia kritikoa eta deslegitimatzailea sustatzeko ekimenak. 
  • Iraganean gertatutako edonolako indarkeria-motaren inguruan, hausnarketa kritikoko eta gizarteratzeko prozesuetan lagundu ahal izateko programak, Europako justizia leheneratzailearen joerarekin bat. 
  • Gizarte-partaidetzako esperientziak eta bizikidetza normalizatuaren erronken gaineko elkarrizketa desberdinen artean, aniztasuna eta gizarte-topaketa sustatzeko. 

Biktimak eta gizartea:

  • Terrorismoaren biktimei laguntza emateko ekintzak. 
  • Politikagatiko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketen biktima direnei laguntza emateko jarduketak. 
  • Biktimen eta gizartearen arteko lotura sustatzen duten programak, bai eta biktimek bizikidetzaren eraikuntzari aurrerapenen eta bilakaeren parte-hartzaile diren aldetik egiten dioten ekarpena sustatzen dutenak ere. 

Aniztasuna eta elkartasuna:

  • Aniztasunaren kudeaketa positiboaren balioak, arrazismoaren, xenofobiaren edo gorroto-delituen prebentzioa sustatzen duten proiektuak. 
  • Elkartasunaren eta gizarte-inplikazioaren balioak sustatzen dituzten esperientziak, desberdintasuneko, diskriminazioko, bidegabekeriako, bazterketako edo marjinazioko modu kritikoenen aurrean. 
  • Elkartasuneko, inplikazioko eta gizarte-mugikortasuneko ekintzak, indarkeriarako, gerrarako eta nazioarteko terrorismorako adierazpen berrien aurrean. 

Laguntza horietara jo ahalko dute –ezingo dira 50.000 euro baino gehiagokoak izan– honako erakunde hauek: 

a) Erakunde pribatuak eta irabazi-asmorik gabeak, bizikidetza eta giza eskubideak helburu dituztenak, betiere beren programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen badira. 

b) Euskal Autonomia Erkidegoan helbideratuta daudenedo kanpoan helbideratuta dauden baina, bazkideen artean, Euskal Autonomia Erkidegoan gertatu diren ekintza terroristen biktimak dituzten biktimen elkarteak. 

c) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriak eta gainerako toki-erakundeak. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko