Eu

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Michel Lafleur Quebeceko Kanpo Harremanetarako ministrordea hartu du Eusko Jaurlaritzako Gasteizko egoitzan

2018.eko apirilak 23

  

-          Bisita honen helburua da Quebecera egindako bidaian jorratutako lan-agendari jarraipen ematea, bi herrialdeen arteko lankidetza aukerak aztertuz.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018/04/23            

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Michel Lafleur Quebeceko Kanpo Harremanetarako eta Frankofoniarako ministrordearekin bildu da gaur, Eusko Jaularitzako Gasteizko egoitzan. Bisita honen helburua izan da aurreko astean Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Quebecera egindako bisitari jarraipen ematea, bidaia horretan kulturaren eta hizkuntza politikaren arloan bi lurraldeen arteko lankidetza sustatzeko hainbat aukera aztertu ziren eta.

Sailburuarekin batera, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Irene Larrraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izan dira gaurko bileran. “Aurreko astean bertatik bertara ezagutu ahal izan genuen nolakoa den Quebeceko Gobernuaren kulturaren kudeaketa, eta lankidetzarako bideak aztertu genituen. Epe laburrean, horri loturiko fruituak izatea espero dugu. Gaur, hizkuntza politikaren arloko beren kudeaketa lehen eskutik ezagutzeko aukera izan dugu”, azaldu du Zupiriak.

Zupiria sailburua eta Larraza Etxepare Institutuko zuzendaria aurreko aste osoan zehar Quebecen izan ziren eta hango hainbat kultura erreferentzia bisitatzeko aukera izan zuten. Marie Monpetit Quebeceko Kultura ministroarekin ere bildu ziren, eta prestigio handia duen McGill Unibertsitatearekin hitzarmen marko bat sinatu zuten, datozen hilabeteotan Euskal Ikasketen inguruko katedra bat ahalbidetzeko asmoz.

Lafleur ministrordea Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzarekin eta Kanpo Harremanetarako zuzendari Leyre Madariagarekin izan da goizean. Era berean, bihar Euskadiko beste zenbait eragilerekin bilduko da, garapen ekonomikoarekin edota ingurumenarekin loturiko proiektuak ezagutzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak