Eu

18 eta 26 urte bitarteko gazteentzako Auzolandegiek edo boluntario-eremuek 264 plaza eskaintzen dituzte udarako

2018.eko apirilak 23
  • Jada proiektuak prestatzen ari dira Agurainen, Arraia-Maeztun, Galdamesen, Lekeition, Lemoan, Busturialdean, Zamudion, Bergaran, Elgoibarren eta Tolosan Euskal gazteek, halaber, atzerrian edo beste autonomia-erkidego batean antzeko proiektutan parte hartzeko aukera dute

Vitoria-Gasteiz, 2018/04/23

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak aurten berriro jarri ditu abian Auzolandegiak edo gazteentzako borondatezko eremuak. Bertan, Euskadiko eta/edo Estatuko edo atzerriko gazte askok parte hartu ahal izango dute.

Horretarako, jada zabalik dago izena emateko epea (apirilaren 19tik 25era, biak barne) www.gazteaukera.euskadi.eus web-orriaren bitartez. ‘Auzolandegiak’ kanpainan plazak eskuratzeko aukera-berdintasuna bermatzeko helburuarekin, notario aurrean egingo den zozketa-sistema bat ezarri da. Ondoren, notario horrek dagokion akta idatziko du. Zozketa datorren maiatzaren 3an egingo da.

“Auzolandegiek bizikidetza, tolerantzia, elkartasuna, parte-hartzea, ikasketa intelektuala, etab. bezalako balioak sustatzeko balio dute” adierazi du Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari Ander Añibarrok.

Aurtengo edizioan, hainbat proiektu prestatu dira Agurainen, Arraia-Maeztun, Galdamesen, Lekeition, Lemoan, Busturialdean, Zamudion, Bergaran, Elgoibarren eta Tolosan. Bertan, parte hartuko duten 18 eta 26 urte arteko euskal gazteek Estatuko beste autonomia-erkidegotatik edo atzerritik bertaratutako gazteekin esperientziak partekatu ahal izango dituzte. Era berean, euskal gazteek antzeko boluntario-lanak Estatuko beste zona batzuetan eta Alemania, Armenia, Belgika, Estonia, Frantzia, India, Indonesia, Islandia, Italia, Letonia, Mexiko, Nepal, Herbehereak, Peru, Txekia Errepublika, Serbia, Taiwan eta Turkia bezalako herrialdetan ere egin ditzakete.

Guztira, Euskadiko gazteentzako 264 plaza eskaintzen dira, honela banatuta:

-        43 plaza EAEko eremuetan.

-        155 plaza kanpoko autonomia-erkidegotan antolatutako eremuetan.

-        Eta 66 plaza aurretik aipatutako beste herrialde batzuetako boluntario-eremutan.

10 eremu Euskadin

2018an, hiru lurraldeetako Auzolandegietan 10 proiektu diferente eskaintzen dira. Hala ere, horietakoren batek bi txanda izango dituenez, 13 aukera (txanda) dira guztira. Bertan, gehienez 260 lagunek hartu ahal izango dute parte. Horietatik 43 plaza euskal gazteentzako gorde dira.

Busturialdeako eta Lemoako Auzolandegiak —Lemoatx eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserban Turismo iraunkorra deitutakoak— nazioarte-mailakoak izango dira; hortaz, atzerriko jendeak ere hartuko du parte eta erreferentzia-hizkuntza ingelesa izango da. Gainerako eremuek —Agurain, Arraia-Maeztu, Galdames, Lekeitio, Zamudio, Bergara, Elgoibar eta Tolosa bezalako herritan kokatuak— erreferentziako hizkuntza gisa gaztelania eta euskara dute eta, segur aski, Estatu osoko gazteek hartuko dute parte.

Auzolandegiek Euskadin lau modalitate dituzte:

  • Ondare arkitektonikoa berreskuratzekoak: gure aberastasun artistikoa kontserbatzeko gazteen interesa motibatzea, gure herriaren historiarekin zuzenean harremanetan egotea, eta gure kultura arkitektonikoa babesteko urrats eraginkorrak ematea bilatzen dute.
  • Arkeologiakoak. Bertan indusketa arkeologikoak dituztenez metodo egokia jarraitu behar da. Bertan lanak geldoak eta arduratsuak dira. Horri dagokionez, eremu hauetan parte hartzen duten pertsonei erabateko zuhurtzia eta erantzukizuna eman nahi zaizkie, horiek baitira ekintza arkeologikoaren funts nagusiak.
  • Naturakoak. Bertan, habitat naturala babesteko ekintza zuzenak burutu eta naturarekiko sentsibilitatea eta errespetua sustatu nahi dira.
  • Eta ekintza komunitariokoak, lanak burutzen diren herrietako eta hirietako jendearekiko harremanen ondoriozko osagai sozial batekin.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak