Eu

Beatriz Artolazabal´ek ONCE erakundearen XXIII. Kriskitin Lasterketan hartu du parte: “gizartea sentsibilizatzeko jarduera eredugarria da”

2018.eko apirilak 21
  • “Euren bizi-kalitatea hobetzen, euren helburuak lortzen eta gizartean modu aktiboan eta produktiboan parte har dezaten laguntzen dute”
  • Beste gizarte-arduradun eta erakunde batzuekin batera, Arabako hiriburuko zentroaren bitartez

 VG 18 04 21

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, gaur goizean, ONCE erakundeak Arabako hiriburuan antolatu duen hogeita hirugarren Kriskitin Lasterketan hartu du parte. Sailburuak lasterketa “gizarte-sentsibilizazioko jarduera eredugarri gisa” kalifikatu du.

 Once erakundearen Euskadiko lurralde kontseiluko presidente Javier Domínguez Entezarekin batera, Artolazabal Gasteizko Dato, San Prudentzio kaleetan eta Arka plazan aritu da lasterka, bere begiak zapi batez estalita eta kriskitinak zituen eskumuturrekoa zeraman lagunak esandakoari jarraituta.

 “Sentsibilizazio-jarduerek dibertsitatearen errespetuan oinarritutako jarrera positiboak eta solidarioak sustatzen dituzte, eta gizartean parte hartzeko eta ikasteko garaian hesiak agertzea saihesten dute” adierazi du Artolazabalek.

 Sailburuaren iritziz “Kriskitin Lasterketaren kasuan bezala, pertsona itsuen edo ikusmen-desgaitasuna dutenen pertzepzio-mugak esperimentatzeko aukera ematen zaigu jarduera ludiko eta parte-hartzaile baten bitartez. Horren helburu da, gu desgaitasun hori duten pertsonen ahalmenez jabetzea eta, aldi berean, eurek egunero zein oztopori aurre egin behar dieten konturatzea”.

 “Gaur ikusmen-desgaitasuna duten pertsonen lekuan jarri gara eta, eurekin batera, Kriskitin Lasterketa honetan hartu dugu parte, pertsona itsu edo ikusmen-desgaitasuna duen batek eguneroko jarduerak egitean (ibiltzean, kaleetan barrena mugitzean edo, oro har, hiri- eta landa-ingurunetan mugitzean) dituen zailtasunak guk geuk bizitzeko”, zehaztu du Beatriz Artolazabalek.

 Sailburuaren iritziz “horrela pertsona horien balioaz jabetzen gara eta euren egoera hobeto ulertuko dugu. Gainera, ekitaldia antolatzen parte hartu duten pertsonei eta jada laurogei urteko ibilbidea duen ONCE erakundeari, oro har, gure esker ona eta miresmena erakusten dizkiegu”.  

 “Pertsona horien bizipenen eta usteen gaineko etengabeko sentsibilizazio-jarduera horiek, erakundeetatik euren beharrei eta eskaerei ematen diegun erantzunarekin batera, bizi-kalitatea hobetzen laguntzen dute, eta pertsona itsuei edo ikusmen-desgaitasun maila diferenteak dituztenei euren helburuak lortzen laguntzen diete, eta gizartean modu aktiboan eta produktiboan parte hartzeko aukera ematen diete. Azken batean, euren bizi-kalitatea hobetuz", gaineratu du Artolazabalek.

 Euskal Enplegu eta Gizarte Politiken arduradunak azaldu du “horrek pertsona guztientzako onurak ekartzen dituela, azken batean pertsona guztiok baldintza berberetan gure eskubideak gauza ditzagun gizarte inklusiboa eraikitzen jarraitu nahi dugulako”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Javier Domínguez