Eu

Etxepare Euskal Institutuak, Agirre Lehendakaria Centerek eta McGill Unibertsitateak lankidetza hitzarmena sinatu dute Montrealen katedra bat sortzeko

2018.eko apirilak 21

- Kultura eta berrikuntza soziala izango ditu ardatz, eta Quebec eta Euskal Herriaren arteko ikuspegi konparatua landuko du.
- McGill Unibertsitateko eta Euskal Herriko ikerlari eta akademikoen elkartrukea sustatuko da.

Etxepare Euskal Institutuak, Agirre Lehendakaria Centerek (ALC) eta McGill Unibertsitateak lankidetza hitzarmena sinatu dute, datozen hilabeteetan euskal ikasketen katedra berri bat sortzea ahalbidetuko duena. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Irene Larraza, Institutuko zuzendaria, Quebec-ekin kultur harremanak sendotzeko asmoz egiten ari diren bidaiaren testuinguruan sinatu da akordioa.

Katedra berria McGill Unibertsitateko CRIEM (Centre de recherches interdisciplinaires en études montréalaises) zentroan egongo da kokatuta, eta kultura eta berrikuntza soziala izango ditu ardatz. Hizkuntza, eleaniztasuna eta kulturartekotasuna dira, besteak beste, CRIEM-en lan-arlo nagusiak. Era berean, McGill Unibertsitateko eta Euskal Herriko ikerlari eta akademikoen arteko elkartrukea bultzatuko da, nazioartean erreferentzia den unibertsitate honetan euskal kulturari buruzko ikerketa sendotzeko.

Kultura sailburuaren hitzetan, hitzarmen honi esker “unibertsitatean leiho bat zabaltzen da, aukera emango diguna gure berri emateko, eta munduaren aurrean agertzeko gure kulturaren, hizkuntzaren, ondarearen eta gizarte aldaketen bidez”. 

Katedra berrian eskainiko diren ikasketetan Quebec eta Euskal Herriaren arteko ikuspegi konparatua landu, eta bi kulturen arteko elkarrizketa sustatuko da. Graduondoko ikasleei zuzenduta egonagatik ere, graduko ikasle eta unibertsitateko osoko komunitateari irekita egongo dira ikasketak.

Hitzarmena Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak; Irene Larraza, Etxepare Institutuko zuzendariak; Juan Jose Ibarretxe, ALCko zuzendariak, eta Philip Oxhorn McGill Unibertsitateko errektore ordeak sinatu zuten ostiral goizean (arratsaldea Euskal Herrian), McGill Unibertsitatean antolatutako jardunaldi akademikoaren baitan. “Culture and Social Innovation Beyond Boundaries: from Basque Country to Quebec” (Kultura eta berrikuntza soziala mugetatik haratago: Euskal Herritik Quebec-era) izenburupean Ipar Amerikako hainbat unibertsitatetako adituk kultura, hizkuntza eta berrikuntza sozialaz eztabaidatu zuten hainbat hitzaldi eta mintegitan. Halaber, Zupiria sailburuak eta Iberretxek, hitzaldi bana eman zituzten.

Etxepare Euskal Institutuak mundu akademikoan euskal ikasketak sustatzeko zortzi katedra jarri ditu abian orain arte Liverpool, Chicago, Bordeaux-Montaigne, Massachusetts Amherst, New York, Johann Wolfgang Goethe, Nevada Reno eta Boise State unibertsitateetan. McGill Unibertsitatearekin sinatutako akordio honek euskal kultura nazioarteko ikasle eta ikerlarien artean ikusgarriago egiten lagunduko du. Nazioarteko sailkapenetan punta-puntan dagoen unibertsitatea da McGill –Kanadako zaharrena- eta 150 herrialdetako ikasleak ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak