Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadiren eta Abu Dhabiren arteko trenbide-zubia

2011.eko urtarrilak 18

Lehendakariak erraztu ditu trenbide-sektoreko euskal enpresen (CAF, adibidez) eta emirerriko trenbide-garapenerako planen arduradun nagusien arteko harremanak

Lehendakariaren agendan Abu Dhabirako ezarrita zegoen azken bilera. Dohara (Qatar) hegan egin aurretik, trenbide-sektorearen ingurukoa izan da ia guztiz. Izan ere, emirerriak alor horretan egingo du inbertsio handienetako bat datozen urteetan, 1.000 kilometro baino gehiago eraiki nahi baititu barnealdea eta kostaldea lotzeko, baita hiriburua eta Jordaniarako zein Europarako irteera lotzeko ere. Union Railway da proiektua garatuko duen erakundea, eta CAF euskal konpainiak horren gaineko interesa erakutsi du. Erakundeak adierazi du "prest-prest" dagoela Euskadirekin eta euskal enpresekin elkarlanean aritzeko. Izan ere, datorren apirilean, erakundearen ordezkari nagusi Nasser Alsowaidi Euskadira etorriko da, CAF eta SENER ezagutzera, eta baita bioteknologia eta osasun arloetako beste enpresa batzuk ere ezagutzera, "interes handi-handia baitute haietan". "Horixe da itzulitakoan jorratzen jarraitu nahi dugun lehen harremana, proiektu zehatzak itxi arte", adierazi du lehendakariak.

Arabiar Emirerrietara joandako euskal ordezkaritzak trenbide-sektoreko harremanak estutu nahi izan ditu Abu Dhabiko enpresa-misioaren hirugarren egunean. SENER eta CAF enpresek beren proposamenak aurkeztu ahal izaten dizkiote emirerriko trenbidea garatuko duen Union Railway erakundearen arduradunari. Patxi López lehendakariak zubi-lanak egin ditu euskal enpresen eta emirerrian egin beharreko inbertsioen ardura duten 7 xeketako baten artean. Etorkizunean elkarlanean aritzeari begira, Euskadik eskain ditzakeen "gaitasun" guztiak erakutsi zaizkio xekeari, batez ere bioteknologia eta osasun alorrekoak. Anfitrioiek interes handia erakutsi dute alor horietan. "Horixe da itzulitakoan jorratzen jarraitu nahi dugun lehen harremana, proiektu zehatzak itxi arte", esan du lehendakariak, Dohara (Qatar) eramango duen hegazkina hartu baino lehentxeago. Doha da 80 enpresak baino gehiagok eta Eusko Jaurlaritzaren Industria Saileko kide batzuek egindako enpresa- eta erakunde-bidaiaren azken geldialdia.

Bilera Abu Dhabiko Hilton hotelean egin da, eta Richard Bowkerrek eta Nasser Alsowaidik parte hartu dute (Union Railway erakundearen kontseilari delegatua eta arduradun nagusia dira horiek, hurrenez hurren). Lehendakariak ez ezik, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak eta Sener eta CAF konpainien ordezkariek ere parte hartu dute bileran.

Hauxek dira emirerriaren planak: barnealdea kostaldearekin lotzea trenbidez, herrialdea bera Jordaniarekin eta Europarekin lotzeaz batera. 1.000 kilometro baino gehiago guztira, CAFek eraiki litzakeenak. Proiektuen prezioari buruz galdetu diete enpresaren arduradunei, eta, interesa horren ondorioz, Union Railwayeko ordezkari nagusiak Euskadira etorriko dira, datorren apirilean.
Beste proiektu batzuen egoera ere aztertu da bileran: Irizar enpresari 250 autobus esleitzeko aukera edo Euskadiren turismo-eskaintza, besteak beste, Bernabé Unda sailburuak aurkeztuta.

Euskal ordezkaritzak misioaren laugarren egunari ekingo dio bihar (Qatarren eman beharreko estreinakoa), eta ekonomia zein enpresa arloetako harremanak izango ditu han.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)