Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria Ertzaintzako Trafikoko Lurralde Unitateen 35. urteurreneko ekitaldiaren buru izango da

2018.eko apirilak 21
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Gaur goizean egin da Arkauten

1983ko otsailaren 14an irten ziren Euskadiko errepideetara Ertzaintzako lehenengo trafiko-patruilak.Erakunde foralak eta autonomikoak zaintzeko agenteekin batera, frankismoaren parentesiaren ostean euskal herritarrek aktiboan ikusten zituzten lehenengo ertzainak ziren, eta hogeita hamabost urteren ondoren eguneroko irudi bihurtu dira.Efemeride hori ospatzeko egin da gaur goizean Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian oroimen-ekitaldi bat lehendakaria buru dela.

Lehendakariarekin batera izan dira omenaldian Segurtasun Sailaren eta Ertzaintzaren arduradunak, Estefanía Beltrán de Heredia sailburua buru dela, Legebiltzarreko lehendakaria, Arartekoa, Ekonomiaren Garapena Azpiegituretako Arabako Probintzia Auzitegiko lehendakaria, bide-segurtasunaren fiskal ordezkaria, Bide Azpiegituretako foru-diputatua eta Ertzaintzako agintariak. Ekitaldian urte hauetan hildako trafiko-unitateetako agenteak ekarri dira gogora eta unitateetan hogeita hamar urtetik gora daramatzaten agenteei oroigarri bana banatu zaie.

Ekitaldian unitateen irudi historikoak eta unitateen egungo arduradunen lekukotzak biltzen dituen bideo bat ere ikusi ahal izan da, eta hiru lurralde unitateetako agenteen eta motoristen ordezkariak ere izan dira Arkauten.

Hogeita hamabost urte Euskadiko errepideetako segurtasunaren zerbitzura

Ertzaintzaren baitan sortu ziren lehenengo unitateak izan ziren trafikoko hiru lurralde unitateak, lurralde historiko bakoitzeko bat. Hasieratik errepide nagusietara hedatu izanari esker ikusi zuten euskal herritarrek Ertzaintza estatuko polizia-kidego ezberdinak ordezkatzen ari zela, eta gainerako eskumenen kasuan (herritarren segurtasuna, ikerketa kriminala, ordena publikoa, eta abar) ordezkapen hori pixkana egin zen Ertzaintzaren ertzain-etxeak ireki ahala, eta prozesua 1995eko irailean amaitu zen, Ertzaintza Gasteizera iritsi zenean.

Trafikoko Lurralde Unitateak gaur egun

Trafikoko Lurralde Unitateen lana, hasieratik, errepide nagusietako (autopistak, autobideak eta errepide nazionalak) trafikoa zaintzea eta arautzea izan da, eta herriarteko eta hiri eta herrietako gainerako errepideak udaltzaingoen eskumenekoak izan dira. Unitateen jarduera-kopuruaren adibide moduan, aipatu behar da iaz, 2017an, unitateek guztira 5.335 istripu artatu zituztela, Autonomia Erkidego osoan izandakoen % 44, alegia.

Gaur egun Ertzaintza zortzi mila agentek, gizon-emakumek, osatzen dute, eta horietatik bostehun inguru, apur bat gehiago, hiru trafiko-unitateetakoak dira. Unitate horien baitan, lurraldeen araberako agenteen banaketa ez da biztanleriaren araberakoa, beste faktore batzuen araberakoa baizik, eta faktore horietan sartzen dira errepide nagusien kilometro kopurua eta lurralde bakoitzean zirkulatzen duen trafikoaren dentsitatea, ibilgailu astunak eta nazioarteko garraioa barne direla. Unitateetako agenteen % 38k, beraz, Gipuzkoan dute lanpostua, % 40k Bizkaian eta % 22k Araban.

Errepideetako zirkulazioaren segurtasuna zaintzeaz eta errepide nagusietan izaten diren istripuak artatzeaz gainera, unitateetako ertzainek beste zeregin ugari izaten dituzte, eta, horien artean, abiadura, alkoholaren eta drogen kontsumoa eta segurtasun-uhalaren eta kaskoaren erabilera kontrolatzen dituzte, ibilgailu astunen takografoak ikuskatzen dituzte, garraio berezietan laguntzen dute, kirol-probak zaintzen dituzte, bide-segurtasunaren aurkako delituengatik izapideak instruitzen dituzte, eta abar.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @rgartzia
    2018.eko apirilak 21

    Comentario de Twitter:
    Lehendakaria Ertzaintzako Trafikoko Lurralde Unitateen 35. urteurreneko ekitaldiaren buru izango da https://t.co/YUdzMUqXDd

Ekitaldiko kargudunak