Berriak Lehendakaritza
Eu

Undak adierazi duenez, dagoeneko gure lana ez da merkeenak izatea, onenak izatea baizik

2011.eko urtarrilak 18

Lehendakaria Arabiar Emirerrietan bultzatzen ari den enpresa-misioko enpresek enpresa-jardunaldi batean parte hartu dute, inguru horretan dagoeneko ezarriak diren beste euskal enpresa batzuen esperientzia ezagutze aldera.

Arabiar Emirerrietan bultzatzen ari den enpresa- eta erakunde-misioaren hirugarren eguna hasteko, enpresa-jardunaldi bat egin da; jardunaldi horretan, bertako enpresek eta Abu Dhabin duela urte batzuetatik ezarrita dauden euskal enpresek informazioa eskaini diete Patxi López lehendakariarekin batera Persiako Golkora misio horretan bertaratu diren 80tik gora enpresei. Jardunaldia ixteko, lehendakariak dei egin die enpresei "euskal ekonomia atzerrian ezinbestez zabaltzeko" lanean sakontzen jarraitzeko, eta horretan "Eusko Jaurlaritzaren" laguntza guztia izango dutela esan die. "Baina ez da itzuli behar ez den laguntza bat; izan ere, talde ikuspegia izan behar dugu eta Euskadiren aurrerapenean pentsatu, gure herrialdearen etorkizuneko ongizateari begira lan eginez" esan du Lópezek. "Herrialde ikuspegi" horrek aukera emango du, lehendakariaren ustez, Euskadik baliatzeko Arabiar Emirerrietako garapen planek eskaintzen duten aukera; aurreikusten denez, Barne Produktu Gordina %7,5 haziko da 2015. urtera arte, eta %6 hurrengoetan, hau da, "hazkunde kontrolatu, antolatu eta iraunkorreko 15 urte, teknologia berrietan oinarrituta". Zehatz-mehatz, lehendakariak animatu du inbertitzera inguru horretako merkatu berrietan, esaterako, eraikuntzan, turismoan, zerbitzuetan edo teknologian.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak inauguratu du jardunaldia, eta azaldu du adierazleek erakusten dutela "halako suspertze bat, bereziki industrian, ekonomia orokorra baino hobeto doalako". Eta, hain zuzen ere, hori gertatzen ari da, Euskadiren kasuan, Eusko Jaurlaritzak defendatzen duen nazioartera zabaltzeko apustuarengatik. Undak enpresak animatu ditu "merkatu berriak konkistatzera egiten den ohiko irteera baino haratago joatera", eta "multilokalizazioaren" aldeko apustua egitera. "Ezin da ukatu merkatua zabaltzeko prozesuan parte hartu duten herrialdeek onura atera dutela, hazkunde ekonomiko handiagoa izan dutelako; ondorioz, hori positiboki islatu da herritarren bizi mailan eta ongizatean", adierazi du.

Bere hitzaldian, Industriako sailburuak nabarmendu du euskal enpresak globalizazioa "modu globaleko nazioarteratzea" bezala ulertzeko adibide ona direla, eta esan du Eusko Jaurlaritzak lagundu behar diela "atzerrian proiektuak finkatu" nahi dituzten enpresa guztiei, bereziki enpresa txiki eta ertainei. "Txikiari atzerrira ateratzen lagunduko diogu", adierazi du Undak; halaber, honako hau esan du: "enpresa txiki eta ertainek funtsezko eginkizuna dute etorkizuneko lehiakortasuna ziurtatzeko".

Azkenik, Undak berriz esan du "ekonomia zabaleko ardatza dela jarduteko gida" enpresentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat, eta azken horrek 3i+Gko ikerkuntzan inbertitzen jarraituko duela. "Dagoeneko ez da gure lana merkeenak izatea, onenak izatea baizik", esan du bukatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)