Berriak Hezkuntza
Eu

Lehen Hezkuntzako ikasleei konpetentzia zientifiko-teknologikoak hurbiltzeko programa

2018.eko apirilak 20

LEHEN HEZKUNTZAKO IKASLEEI KONPETENTZIA ZIENTIFIKO-TEKNOLOGIKOAK HURBILTZEKO PROGRAMA

 

  • Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako 377 ikaslek STEAM konpetentziei loturiko programan parte hartu dute
  • Lanbide Heziketako ikasleen laguntzaz, 3D inprimagailuen bidez eginiko objektu bat sortzen aritu dira, diseinutik hasi eta eraiki arte

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Maite Alonso sailburuordeak parte hartu dute gaur goizez, azken hilabeteotan ekimen berritzaile batean protagonista izan diren Lehen Hezkuntzako 8 ikastetxetako neska-mutilek egin duten lana aitortzeko ekitaldian.

Gazteenei konpetentzia zientifiko-teknologikoak hurbilarazteko helburuz, Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako 377 neska-mutilek, Lanbide Heziketako ikasleak laguntzaile zituztela, STEAM deritzon eremuko lehen pausoa egin dute (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika konpetentzien ingelesezko akronimoa da STEAM). Haur horiek guztiek 3D inprimagailuen bidez objektu bat sortzeko prozesuan hartu dute parte, lehen diseinutik hasi eta azkenean objektua bera egin arte. Horretarako, Lanbide Heziketako ikasleen formazioa eta aholkuak izan dituzte bidelagun.

Gaur goizez, Lehen Hezkuntzako nahiz Lanbide Heziketako ikasleek, hauen irakasleek, eta zenbait gizarte erakundetako ordezkariek Bilboko Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioan burutu den ekitaldian parte hartu dute.

Enpatia eta lankidetza

Izan ere, 3D inprimagailuan objektu bat sortzeaz harago, ekimen honen helburua izan da gaztetxo hauei euren ingurunean diharduten zenbait gizarte erakundek egiten duten lana hurbiltzea. Parte hartu duten ikastetxeek gizarte erakunde bat aukeratu dute Lurralde Historikoetako bakoiztean. Helburua bikoitza izan da: elkarte horrek gizartearen mesederako zein lan egiten duen ezagutzea bata; eta ekimen honen bidez 3D inprimagailuan –elkarte horri emateko- egin dituen objektua diseinatzea.

Programa garatzea

Lehen Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleekin garatu da programa –adin horietan sustatu nahi baitira bokazio zientifiko eta teknologikoak-, Lanbide Heziketako ikasleak lagun hartuta, hauek egunerokoan egiten baitute lan STEAM eremuari loturiko baliabide eta lanabesekin, era praktiko eta dinamikoan. Lanbide Heziketako ikasleak arduratu dira, parte hartu duten irakasleekin batera, 8-9 urteko neska mutilei pentsatu duten objektua diseinatu eta egiteko orientabideak emateaz.

Hainbat ataletan banatutako programak, fase nagusi hauek izan ditu:

  • Lanbide Heziketako ikasleei prestakuntza, Lehen Hezkuntzako ikasleekin lehen harreman izan aurretik
  • Tailerrak ikastetxeetan. Tailer hauetan aukeratutako gizarte erakundearen lana ezagutzen da, eta hark egiten duen lanaren arabera diseinatzen da beranduago emango zaion objektua
  • Hirugarren fasean, Lehen Hezkuntzako ikasleak Lanbide Heziketako ikastetxera joan dira objektua bertan sortzeko, 3D inprimagailuak erabiliz

Objektua emateko ekitaldia

Gaur goizez Bilbon burutu den ekitaldian, parte hartu duten ikastetxeetako ordezkariek ikasleek ekimen honen bidez egin dituzten objektuak eman dizkiete hautatutako gizarte erakundeei: Aspasor Araban, Traperos de Emaus Bizkaian eta Albaola Itsas Kultur Faktoria Gipuzkoan.

 

Zein gaitasun landu dituzte prozesu honetan?

  • STEAM arloetara gerturatzea eta ezagutzea
  • Enpatia
  • Talde lana, eta taldean erabakiak hartzea
  • Ahozko komunikazioa
  • IKT baliabideak erabiltzea azalpenak eman eta aurkezpenak egitean

 

Parte hartzea:

GUZTIRA: 8 ikastetxe, 16 talde, 377 ikasle, Lanbide Heziketako 3 ikastetxe

BIZKAIA

  • 3 ikastetxe (CEIP Intxixu Ikastola HLHI, CPI Deustuko Ikastola IPI, CEIP Deusto HLHI)
  • 6 talde (horietako 2 taldetan Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetakoak nahasi)
  • 164 ikasle
  • Lanbide Heziketako ikastetxea: Elorrieta Erreka Mari LHII

ARABA

  • 2 ikastetxe (CEIP Miguel de Cervantes HLHI, CPEIPS Carmelitas - Sagrado Corazón HLBHIP)
  • 5 talde
  • 117 ikasle
  • Lanbide Heziketako ikastetxea: Mendizabala LHII

GIPUZKOA

  • 3 ikastetxe (CEIP Katalin Erauso HLHI, CEIP Arantzazuko Ama Ikastola HLHI, CPEIPS Mary Ward HLBHIP)
  • 5 talde
  • 96 ikasle
  • Lanbide Heziketako ikastetxea: Bidasoa LHII
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak