Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak anbizio handiagoa eskatu du, energia berriztagarrien lidergoa lortzeko

2011.eko urtarrilak 17

200 pertsona inguru bertaratu dira Eusko Jaurlaritzak Arabiar Emirerrietako euskaldunentzat eskainitako harrera ofizialera

Patxi Lopez Lehendakaria Abu Dhabiko euskaldunentzako harreraren arduraduna izan da, Eusko Jaurlaritzak kanpo bidaia orotan atzerriko euskaldunei eskaini ohi dien harrerei eutsiz. Abu Dhabiko Fairmont Bab Al Bahr hotela izan da, hain zuzen, ospakizun honetarako agertokia; bertan, Lehendakariak azpimarratu du Arabiar Emirerritan bizi direnek Euskadi ordezkatzeko orduan jokatzen duten paper "erabakigarria". "Gure irudiaren eta geure buruarekiko asebetearen ispilua zarete", adierazi du. Lopezek, gaur goizean Etorkizuneko Energien Munduko Gailurrean partaide izan ondoren, Eusko Jaurlaritzaren "laguntza guztia" bermatu du, " gure ekonomia ireki eta kanpora zabaldu dezagun"; laguntza hori Arabiar Emirerrietan "euren espazioa finkatzeko gaitasun eta talentu nahikoa duten enpresentzat da bereziki, haientzat merkatu handia" baita.

Etorkizuneko Energien Munduko Gailurrean parte hartu ondoren, Lehendakariak Arabiar Emirerrietako enpresa-misioaren bigarren jardunaldi hau itxi du, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaritzak bisitatzen dituen herrialdeetako euskaldunei eskaini ohi zaien harrerarekin. Enpresaren munduko 200 pertsona baino gehiago bertaratu dira Abu Dhabiko Fairmont Bab Al Bahr hotelera, bertan antxoa edo Arabako Errioxako ardoa bezalako euskal produktuak dastatzeko aukera izanik. Horiengana guztiengana helarazi du Patxi Lopez Lehendakariak bere esker ona, euskaldunen kanpoko irudia hobetzearren egiten duten ekarpenagatik, "guztiontzat erreferentzia eta eredua" baitira. "Geure irudia eta geure buruarekiko asebetea islatzen dituen ispilua zarete", azpimarratu du.

Hain zuzen, planetaren gune honetara horrenbeste euskaldunok (1.000 baino gehiago Arabiar Emirerrietan) ekarritako balioak, "seriotasuna, konpromisoa eta esfortzuaren ahalmena", izan dira Lehendakariak bere Gobernuaren kanpo ekintzarako zutabe kontsideratu dituenak, erakunde eta enpresa arloko harremanak hobetzeko ahaleginean. "Merkatu handi honetara etorri gara herrialdearen eskaintza egin eta erakustera bestelako desadostasunak alde batera utzita, jakin badakigula elkartzen, esfortzuak bateratzen eta elkarrekin Euskadiren aurrerapena, garapena eta ongizatea lortzeko onena bilatzen", erantsi du Persiako Golkora 80 euskal enpresa euskaldun, Merkataritza Ganberak, Confebask eta Arrasateko zein Deustuko unibertsitateak hurbildu dituen enpresa-misioaren xehetasunak argitzeko orduan.

Alde horretatik, Lopezen esanetan, "estrategikoa" da Arabiar Emirerrien papera Euskadiren kanpo aurrerapenean, bereziki energia berriztagarrien arloan, Euskadi sektore horretako "lider" modura aurkeztu baitzaigu. Lehendakariak bertako "lehentasunezko aliatuak" bihurtu gaitezen nahi luke, "Euskadiren esperientzia eta nagusitasuna" aprobetxatuz, Arabiar Emirerrietako garapen estrategikoan parte hartzeaz batera. "Hori dela eta, anbizio handiagoa behar dugu, gure sektore indartsuenetan (energia berriztagarriak, aeronautika, garraioa) liderrak izan gaitezen", ohartarazi die harrerara bertaratutakoei.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)