Berriak Hezkuntza
Eu

Arte Dramatiko Goi mailako ikasketak ezagutzeko jardunaldiak

2018.eko apirilak 19
  • Dantzerti – Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi mailako Eskolak antolaturik, ikasketa horiek egiteko interesa duen ikasle ororentzat
  • Apirilaren 21ean Donostian eta 28an Bilbon
  • Ateak irekitzeko eguna maiatzaren 2an Dantzertin, aurrez izena emanda

Joan zen apirilaren 14an Gasteizen egin zuten legez,  Dantzerti – Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi mailako Eskolak informazio eta gerturatze jardunaldiak antolatu ditu datozen bi larunbatetarako (apirilaren 21 eta 28rako), Donostian eta Bilbon, hurrenez hurren. Saio hauek Goi mailako Arte Dramatiko ikasketak burutzeko interesa duten ikasleei zuzenduak dira.

Dantzerti zer den, Arte Dramatiko Goi Titulazioa nola antolatzen den eta 2018-2019ko ikasturteko ikasketetan sartzeko zer egin behar den azalduko dute bertan Dantzertiko arduradunek.

Saioek 90 bat minutuko iraupena izango dute gutxi gorabehera, eta bertaratutakoekin elkarrizketa ireki batean oinarrituko dira. Asmoa da, sarbide irizpideak eta frogak argitzea, ikasketa plana nolakoa den azaltzea eta titulatuen aukera profesionalak zeintzuk izan daitezkeen argitzea. Horrez gain, sortutako zalantzak zuzenean irakasleriari galdetzeko aukera ere izango da.

Jardunaldiak doakoak eta sarrera librekoak dira, lekuak bete arte:

  • Apirilak 21,larunbata, Donostian. San Jeronimo Aretoan, San Jeronimo kalean (Udal Liburutegiaren azpian).   17:00etan
  • Apirilak 28, Bilbo,  Dantzertiren egoitzan. Ibarrekolanda Plaza (Sarriko). 17:00etan

Dantzertin, Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan, bi titulazio ikasi daitezke: Arte Dramatikoko Goi Mailako Titulua eta Dantzako Goi Mailako Titulua, biak lau urteko iraupenekoak, efektu guztietara unibertsitate graduaren baliokideak.

Informazio gehiago: www.dantzerti.eus

Maiatzak 2, ateak irekitzeko eguna

Baina informazio eta gerturatze jardunaldi hauez gain, Dantzerti datorren maiatzaren 2rako ateak irekitzeko eguna antolatzen ari da. Eskola honetan egiten den lana bertatik bertara eta sarbide probak sakonki ezagutzeko interesa duten ikasle eta senideei zuzendutako eguna izango da. Dantzako zein Arte Dramatikoko zenbait tailerretara bisitak eginez, eskolaren eguneroko martxa ezagutze aukera bikaina.

Ateak irekitzeko egunean parte hartzeko interesa duen orok, izena eman beharko du apirilaren 26a baino lehen, plaza kopurua mugatua izango baita: e-postaz: administraritza@dantzerti.eus; telefonoz: 946 57 06 00.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak