Berriak Hezkuntza
Eu

Cristina Uriartek hezkuntza eraldatzeari buruzko jardunaldian parte hartu du

2018.eko apirilak 19
  • Hezkuntza sailburuak irekiera eman dio Hezkuntza Sailak eta Mondragon Unibertsitatean elkarrekin antolaturiko “Hezkuntza eraldatzeko bidaian elkarrekin aurrera” jardunaldiari
  • Euskadiko ikastetxeek hizkuntza proiektu integralen inguruan eta STEAM pedagogietan abian jarri dituzten esperientziak partekatu dituzte

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak irekiera eman dio gaur goizez, Hernanin, “Hezkuntza eraldatzeko bidaian elkarrekin aurrera” izenburupean Hezkuntza Sailak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) elkarrekin antolatu duten jardunaldiari. Hezkuntza arloko

165 profesional inguru elkartu dituen jardunaldiaren helburu nagusia izan da hezkuntza eraldatzeko esperientziak aurkeztea protagonista nagusien eskutik, era honetan ikastetxeek eurek sustatutako hezkuntza-berrikuntzaren arloko alderdirik adierazgarrienen inguruko gogoeta eta eztabaidarako espazioa sortuz.

Horregatik, jardunaldiak DBHko zein Batxilergoko bi eremu estrategikotan jarri du azpimarra: hizkuntza proiektu integraletan batetik, eta STEAM deritzen pedagogietan bestetik (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths ingelesez).

STEAM ikuspuntua

Bere hitzaldian, Cristina Uriarte sailburuak, STEAM ikuspuntuaren eta konpetentzia zientifiko-teknologikoen garrantzia eta hauek duten izaera estrategikoa nabarmendu ditu, hain zuzen ere. “STEAM hezkuntzaren bidez, ikasleek bizitzarako trebetasun eta gaitasunak garatzen dituzte, lanbide zientifiko-teknikoa izan ala ez izan. STEAM hezkuntza zeharkako eta diziplina anitzeko ikuspegitik onartzea, gaur egun, inoiz baino gehiago, lehentasunezkoa da”, azaldu du. “Lanpostu-eskariez gainera, ulertzen dugu STEAM hezkuntza, diziplina zientifiko eta teknologikoen ezagutza, trebetasunak eta balioak barne hartzen dituen estrategia pedagogiko gisa ulertu behar dela, eremu horretan bokazio gehiago sustatzeko ez ezik, baita gure ikasleek bizi behar duten munduan bizitzeko prestakuntza handiagoa izateko ere”.

Uriartek jardunaldi honetan ardatz den beste eremua ere hizpide izan du: ikastetxeko hizkuntza proiektuak. “Argi daukagu denok, eskola eleanitza ez dela soilik hizkuntza ezberdinak irakasten dituen eskola, baizik eta ikasleen gaitasun eleanitzaren garapena bilatzen duen hizkuntza guztietako proiektu integratzailea, hizkuntza batean ikasitakoak beste hizkuntza batean ere ikaskuntzari laguntzeko”, argitu du.

Horrela bada, sailburuak azaldu du Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua tresna paregabea dela “hizkuntzen ikaskuntza, erabilera eta eurekiko jarrera positiboak planifikatzeko, beti ere testuinguru soziolinguistikoa eta irakasleen eta ikasleen profilak kontuan hartuta. Horrez gain –jarraitu du esanez- hizkuntzak irakasteko eta lortu nahi ditugun gaitasun-mailetara heltzeko behar-beharrezkoa da ikuspegi metodologiko berritzaile eta eraginkorra hartzea. Ildo horretatik, konpetentzia komunikatiboa lantzearen ardura hizkuntza-irakasleetatik harago doala badakigu”.

Esperientzia trukeak

Jardunaldiari irekiera eman ondoren, bertaratutakoen Xavier Aragay, hezkuntza berriztatzean eta aldaketaren kudeaketan adituaren hitzaldia entzun dute. “Reimaginar la educación: visión, frenos, aceleradores y tendencias internacionales” izenburupean (Hezkuntza berrimajinatzea: ikuspegia, galgak, akuiluak eta nazioarteko joerak), Aragayk egun nazioartean diren hezkuntza-eraldaketa esanguratsuenak azaldu ditu, bai eta aldaketa prozesu horiek azkartzen edo oztopatzen dituzten jarrera  eta faktoreak zeintzuk diren ere. 

Jarraian, Euskadiko ikastetxeen eta Mondragon Unibertsitateko adituen txanda izan da. Lizardi (Zarautzen) eta Elorrio institutu publikoetako zein Arizmendi Ikastolako (Eskoriatza) ordezkariek STEAM deituriko pedagogietan (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths ingelesez) euren ikastetxeetan duten esperientzia partekatu dute.

Aretxabaleta Institutuak eta Zarauzko Antoniano Ikastetxeak ere gauza bera egin dute, baina hizkuntza proiektu integralen inguruko euren esperientziaz jardun dute azken hauek.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Begoña Pedrosa, Mondragon Unibertsitatea