Eu

Euskaraldiak bere lehen 'hamaikakoa' aurkeztu du

2018.eko apirilak 18

Bilbon aurkeztu dute gaur Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa sozialaren Euskal Herriko lehen hamaikakoa. Arratsaldeko 16:00etan Itsas Museoan agertu dira hamaikakoaren kideak diren Mikel Arrasate, Karrikaluze elkarteko kidea, Arianne Unamuno, Pil-pilean elkarteko kidea, Zuriñe Gil, Geu elkarteko kidea, Alex Txikon, alpinista, Dani Alvarez, kazetaria, Pedro Miguel Etxenike, fisikan doktorea, Toti Martinez de Lezea, idazlea, Eneko Sagardoy, aktorea, La Basu, musikaria, Aretz Igiñiz, errugbilaria eta Cris Lizarraga musikaria. Beraiek dira dinamikan erreferentzia izango den hamaikakoaren parte, eta eurekin batera izan dira Arrate Illaro, Euskatzaleen Topaguneko kidea eta Euskaraldiaren koordinatzailea, Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Mikel Arregi, Euskarabidea/Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria eta Iker Martinez de Lagos Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaritzako kidea.

Zer da hamaikakoa eta zein daEuskal Herriko lehen hamaikakoaren funtzioa?

Hamaikakoa, hamaika laguneko taldea da modu pertsonalean eta borondatez Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenean parte hartzea erabaki dutenak belarriprest eta ahobizi rollen bitartez. Euskal Herriko hamaikakoa osatzen duten kideek euskararen aktibazioa sustatzeko babes urratsa ematea erabaki dute. Ekimenaren enbaxadore izango dira, eta herritarren parte hartzea aktibatzeko lehen deia egin dute. Ekimenaren berri emango diete inguruko kideei gainera. Izan ere, ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek ere ahobizi eta belarriprest rolen bitartez euren hamaikako propioak osatu beharko dituzte. Hau da euskarazko harremanak izan eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula.

Zer esan nahi du hamaikakoan ahobizi edo belarriprest  izateak?

Euskaraldia ariketa soziala da, ez da euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera hazteko ariketa egingo dute parte hartzen dutenek. Horretarako, ahobizi edo belarriprest gisa eman ahalko dute izena udazkenean. Beraz, parte hartzeak ariketa egitea esan nahiko du, praktikatzea edo euskara erabiltzea bi modutara egin ahalko delarik: 

Ahobizi: Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egingo dien pertsona da ahobizi, baita kideek erdaraz erantzuten dutenean ere. Era berean, ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten die (eta hauek ulertuz gero jarraituko dute euskaraz).

Belarriprest: Ekimenak irauten duen hamaika egunetan, dakienari berarekin euskaraz aritzeko gonbitea egingo dion pertsona da belarriprest, berak euskaraz zein erdaraz erantzun arren. Euskara ulertzea da gutxieneko baldintza, baina hitz egiteko gaitasunari dagokionez, hitz egiteko gaitasun txikia duten pertsonak eta oso ondo moldatzen direnak izan daitezke.

Herritar bakoitzak erabakiko du nola hartu nahi duen parte ekimenean. Rolak ez daude hizkuntza gaitasunarekin zuzenean lotuta.

Hurrengo datak Euskaraldiaren agendan

  • Udaltop topaketan Euskaraldia izango da langai, maiatzaren 17an eta 18an. Lehen egunean, aurtengo ekimenari dagozkion gaiak landuko dira. Bigarrenean, 2019ko ekimenari begira jarriko gara. Izen-ematea udaltop.eus webgunearen bitartez egin daiteke.
  • Martxan jarri diren batzordeen mintegiak izango dira datozen asteetan.
    • Gipuzkoa: apirilak 25, Martin Ugalde (Andoain), 18:00-20:30
    • Bizkaia: maiatzak 10, Landako gunea (Durango), 18:00-20:30
    • Nafarroa: maiatzak 12, Katakrak (Iruña), 10:30-13:00
    • Ipar Euskal Herria: ekainak 2, Etxe Handia (Luhuso), 9:30-12:00

 Informazio guztia, hemen.

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @euskaraldia
    2018.eko apirilak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @mintzanet: .@euskaraldia-k bere lehen 'hamaikakoa' aurkeztu du, ezagutu nahi duzu? https://t.co/chvKFMpAY0 https://t.co/7hZ1BShNgD

  • @mintzanet
    2018.eko apirilak 20

    Comentario de Twitter:
    .@euskaraldia-k bere lehen 'hamaikakoa' aurkeztu du, ezagutu nahi duzu? https://t.co/chvKFMpAY0 https://t.co/7hZ1BShNgD

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak