Berriak Hezkuntza
Eu

Irakasle funtzionarioen Mahai Sektoriala

2018.eko apirilak 18

Hezkuntza Saila eta sindikatuak Irakasle funtzionarioen Mahai Sektorialean elkartu dira gaur goizez Gasteizen.

Joan zen urtarrilaren 27an burutu zen aurreko Mahai Sektorialaren ostean eta jarraian izan diren mahai tekniko eta aldebiko bileren ondoren, Hezkuntza Sailak proposamen berria aurkeztu die sindikatuei, aurrez jasorikoez gain neurri osagarriak batzen dituen proposamena.

Neurri hauek guztiek hezkuntza sistemaren hobekuntzan sakontzea dakarte. Horrela bada, aurkezturiko neurri berrien artean daude:

  • Hiru urteko geletarako langileen errefortzua proposatzen da, geletan bataz besteko ratioa 20 ikasletik gorakoa bada (3 urteko geletan gehienezko ratioa 23 ikaslekoa da)
  • Hezkuntza premia berezien indizea garatzea proposatzen da, beharrik gehien duten gela edo ikastetxeei laguntza emate aldera.
  • Haur eta Lehen Hezkuntzako  etapetan administrazio zereginak burutzeko plazak sortzea
  • Funtzionario nahiz bitarteko langileen lizentzia eta baimenak handitzea
  • Lanerako ezintasun kasuetan osagarriaren %100 kobratzeko jarduerak garatzea (Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean lantzen ari den balizkoen katalogoaren osagarri)
  • Lanbide Heziketa euskalduntzeko eta Lanbide Heziketa Duala garatzeko eta bultzatzeko langile-hornidura berria proposatu da

 

Sindikatuetako ordezkariei ezagutarazi zaizkien proposamen berriok, aurrez aurkeztu zitzaizkienei gehitzen zaizkie. Labur azaltzeko, joan zen irailetik gaurdaino Hezkuntza Sailak honako proposamen hauek helarazi dizkie sindikatuei:

  • 5.000 plaza EPE deialdien bidez, legealdi honetan zehar. 2018ko EPEan 1.511 plaza deitu dira Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako irakasleen kidegoetarako.
  • Irakaskuntza publikoan bitartekotasuna jaistea (behin-behinekotasuna jaistea) egungo %27tik %17ra
  • Lehen Hezkuntza, ordezkapena lehen egunetik
  • Bitarteko irakasleen egonkortasuna
  • Adinagatik eskola-orduak murriztea: 60 urtetik gorako irakasleek, aukera izango dute eskola-ordutan heren bateko lanaldi murriztua eskatzeko. Haur eta Lehen Hezkuntzan, 59 urtetik gorakoek astean bi eskola-orduko murrizketa eskatzeko aukera izango dute.
  • Ordezkapenak: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, ordezkapenak bosgarren egunean egin beharrean hirugarrenean egingo dira. Halaber, baja programatuak (aurreikusi daitezkeenak), lehen egunetik ordezkatuko dira hezkuntza maila guztietan.
  • Lehen Hezkuntzako geletan errefortzua: tutoretza bikoitza baliatzeko aukera emango da, ratioak baimentzen duen ikasle kopuru maximoa izan eta berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasle kopuru jakin bat duten ikasgeletan.
  • Lanpostuak erregulatzea: Dekretuz 160 plaza erregulatzea Bigarren Hezkuntzako kidegoan. Plaza hauek irakasleen plantila estrukturala handituko dute, eta ondorioz, etorkizuneko EPEtan eskaini ahal izango dira
  • Bitarteko irakasleen egonkortasuna (klaustro egonkorragoak): iraileko bileran aurreraturikoaren ondoren, bitarteko irakaslea egokitu zaion plazan gelditu dadin metodologia zehaztu da orain, plaza hori behin betiko bete artean (EPEak edo lekualdatze lehiaketak).

Gaur goizez egin den bileraren ondotik, Hezkuntza Sailak Mahai Sektoriala deituko du berriro aste batzuen buruan, aurkeztutako proposamena zehazte aldera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak