Berriak Hezkuntza
Eu

Euskadik Europako Ikerketa Batzordearen beste 7 ERC laguntza lortu ditu, 10 milioi eurotik gorako zenbatekoaz

2018.eko apirilak 18
  • ERCk ezagutzaren mugan dauden arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzeko proiektuak bultzatzen ditu. Ikerketari zuzendutako mundu osoko laguntzarik garrantzitsuenetakoa da.
  • Ikerbasquek "ERC Fast Track" izeneko deialdi berria zabaldu du, 2016-2018ko deialdietan ERC laguntza jaso duten ikertzaileak erakartzeko asmoz.

Bilbon, 2018ko apirilaren 18an.– Europako Batzordeak Europako Ikerketa Kontseilua (ERC, ingelesezko siglen arabera) sortu zuen 2007 Europan bikaintasunezko oinarrizko zientzia sustatzeko asmoz, ezagutzaren mugan ikertzen jarraitu nahi duten esparru eta nazionalitate guztietako ikertzailerik onenei laguntza emanez. ERCk arrisku handiko ikerketa berritzaileak garatzea xede duten prestigiozko proiektuak finantzatzen ditu. Sortu zenetik, ERCk garrantzi handiko eragina izan du Europako ikerketaren arloan.

Euskadik beste 7 ERC laguntza lortu zituen 2017an, hiru aurreko urtean lortu baziren ere 2017.urtean jarri ziren martxan: 4 Starting Grant, Consolidator Grant 1 eta 2 Advanced Grant, 10 milioi eurotik gorako guztizko zenbatekoaz, eta laguntza hauei esker, puntako ikerketa garatu ahal izango da elektronikari, fotonikari nahiz energiaren bihurketa eta biltegiratzeari aplika dakizkiekeen teknologia berrietan, tumore eta hanturen hazkundearen inguruan edota birus bidezko infekzioen nondik norakoetan. Laguntza horietako sei, laguntza guztien % 85 alegia, Ikerbasqueko ikertzaileek lortu dituzte.

Programa abian jarri zenetik, Euskadiko erakundeek 26 ERC laguntza gauzatu dituzte: 13 Starting Grant, 4 Consolidator Grant eta 9 Advanced Grant. Guztira, Euskadik 40 milioi euro baino gehiago lortu ditu ikerketa garatzea helburu duen programa honen bitartez.

Urtean biltzen diren milaka eskaerari bikaintasun zientifikoa irizpide bakarra duen nazioarteko ebaluazioa egin ondoren, proiektuen % 10-15ek baino ez dute lortzen finantzazio erakargarri hau. Europako Ikerketa Kontseiluaren laguntza jaso duten ekimenek prestigio handia izan ohi dute nazioarteko komunitate zientifikoan, izan ere, esparru zientifiko guztiei zuzendutako laguntza hauek bikaintasunaren adierazletzat jotzen dira nazioartean. Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanetan, "ERC laguntzak lortzeak Euskadi nazioartean ikerketa aurreratuko eskualdetzat jotzea errazten du, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuz".

Hori dela eta, Ikerbasquek ERC Fast Track deritzon deialdia zabaltzea erabaki du, 2016-2018ko deialdietan ERC laguntza jaso duten ikertzaileak Euskadira erakartzeko asmoz. Urte osoan irekita egongo den deialdi berri hau munduko edozein lekutan lanean diharduten jakintza-arlo guztietako ikertzaileei zuzenduta daude. Ikerbasquek kontratu mugagabea eskainiko die Research Associate eta Research Professor kategorietan, norberaren ikerketa-ibilbidearen arabera.

Hiru ERC laguntza mota daude: Starting Grant, lider independenteak bihurtzeko gaitasuna frogatu duten ikertzaile gazteei zuzendutakoa;  Advance Grant, asmo handi-handiko proiektu aintzindariak dituzten ibilbide emankorreko eta lidergo-gaitasun bikaineko ikertzaileentzat, eta Consolidator Grant, ikertzaile bikainei lantalde edo ikerketa-programa independenteak finkatzen laguntzea helburu duena.

Nabarmentzeko moduko lan batzuk

IKERBASQUEko ikertzaileek lortutako ERC laguntzen artean, honako hauek nabarmen daitezke:

  • “Karbono-hidratoen ezagutzaren mugak hautsiz, Erresonantzia Magnetiko Nuklearraren bitartez" proiektua (Jesús Jiménez Barbero): 2,5 milioi euroko laguntza. Azukreen maila atomikoko elkarreraginen oinarri molekularrak aurkitzea du helburu.
  • “Tumoreen hazkundearen lau dimentsioko jarraipena, azalean areagotutako Raman espektroskopiaren bitartez” proiektua (Luis Liz Marzán): 2,4 milioi euroko laguntza. Kontrolatutako inguruneetan tumoreen hazkundea ikertzea ahalbidetuko duten metodoak eta materialak diseinatzea du helburu.
  • e-Sequence proiektua (Aurelio Mateo): 2 milioi euroko laguntza. Elektronikan, fotonikan eta energiaren konbertsioan nahiz biltegiratzean aplika daitezkeen teknologia berriak garatzea da proiektu honen helburu nagusia.

IKERBASQUEri buruz

IKERBASQUE, autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek duela zenbait urtez geroztik ikerketa zientifikoaren alde egin duten apustua indartzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren ekimen baten emaitza da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean islatuta geratu dena. Euskadi I+G+b arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan lagundu nahian, ikerketa arloko talentua erakartzeko gunea izatea da IKERBASQUEren jardunaren ardatz nagusia.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Cossío (Ikerbasque), Jesús Jiménez Barbero, Aitziber López-Cortajarena