Eu

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Marie Monpetit Quebeceko Kultura ministroarekin bildu da

2018.eko apirilak 18

-          Batzar honetan kulturaren arlo ezberdinetan bi lurraldeen arteko lankidetza sustatzeko aukerez hitz egin dute.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018/04/18            

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Marie Monpetit Quebeceko Kultura ministroarekin bildu da, egunotan lurralde honetara egiten ari den bisitaren barruan. Bilera honen helburua da Euskadiren eta Quebecen artean elkarlanerako bideak zabaltzea, bai eta lurralde honen kultura politikak bertatik bertara ezagutzea ere. Bilera honetan Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza ere izan da. Bidaia ostiralean amaituko da Montrealgo McGill Unibertsitatearekin hitzarmen marko bat sinatu ostean, Euskal Ikasketen inguruko katedra bat sustatzera bideratuta.

Sailburuak Quebeceko agintarien eta kultura eragileen harrera ona baloratu du. “Erakundeen eta kultura eragileen aldetik oso harrera beroa jaso dugu, bereziki ministroaren eta Arteen eta Letren Kontseiluaren aldetik. Harreman honek aukera berriak irekitzen ditu gure lurraldeen arteko lankidetzarako, kasu honetan kulturaren arloan. Izan ere, bilera hauei esker bitariko harreman honetan sakondu ahal izango dugu kulturaren arlo ezberdinak bultzatzeko, literatura edo arte eszenikoetatik hasita eta musikaren arlora arte”.

Zupiriak, halaber, nabarmendu du Quebec kide estrategikoa dela Euskadirentzat, eta lurralde honen kultura politiketatik ikas daitekeena azpimarratu du. “Nazioartekotze politiken ikuspegitik, Quebec bidelagun estrategikoa da Euskadirentzat, horrela baitago ezarrita Eusko Jaurlaritzak kanpo harremanak bideratzeko onartu duen Euskadi 2020 estrategian. Lehendakariak iaz bisitatu zuen Quebec, eta bidaia hau horren ondorioz etorri da. Honi esker, kultur entitateekin izaten ari garen bilerei esker, nazio frankofono honetan sustatzen dituzten kultur politikez ikasi ahal izango dugu”, azaldu du sailburuak.

Gaur Quebecetik kanpo helduko diote bidaiaren agendari Zupiriak eta Larrazak.  Ottawan dagoen Canada Parks agentzia publikoko ordezkariekin biltzeko aukera izango dute Zupiriak eta Larrazak, Kanadako ondare historikoa, giza ondarea eta ondare naturala kudeatzeaz arduratzen den erakundearekin, alegia. Erakunde horren egitekoen artean dago Kanadako leku historikoak kudeatzea, tartean euskal baleazaleen legatuarekin lotura dutenak. Leku horietako bat da Red Bay euskal baleazaleen estazioa, Ternua eta Labrador probintzian kokatua eta 2013an Gizadiaren Ondare deklaratua.

Bihar Quebeceko Montreal hirian jarraituko du bisitaldiak. Bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Dantza Garaikideko Eskolako arduradunekin bilduko dira, Dantzaren Agorarekin, eta Zirkuko Arteen Hiriarekin. Era berean, SODECeko (Kultur Negozioen Garapenerako Elkartea) nazioarteko harremanetako zuzendari Élaine Dumont-ekin bilduko dira bihar.

Azkenik, ostiralean McGill Unibertsitatearekin hitzarmen marko bat sinatzeko momentua izango da, datozen hilabeteotan Euskal Ikasketen inguruko katedra bat ahalbidetzeko asmoz. Hitzarmena sinatzeko ekitaldiarekin batera, zenbait hitzaldi eta mintegi antolatuko dira; horietan Ipar Amerikako beste zenbait unibertsitatetako ordezkariak izango dira, baita Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendari Juan José Ibarretxe ere.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2019.eko uztailak 04

    Falta la bandera de España, ya que se utiliza la de la Comunidad vasca, según nuestra Constitución, http://www.congreso.es/consti/constitucion/indice/titulos/articulos.jsp?ini=4&tipo=2.

    Ella Ministra y Ud. Consejero, qué envidia; ¿verdad, Excmo. Sr. Zubiria?. Sin embargo ello, en algo sí son semejantes, ni Quebec ni Vascongadas son independientes.

Ekitaldiko kargudunak