Berriak Hezkuntza
Eu

Jardunaldia: “Hezkuntza eraldatzeko bidaian elkarrekin aurrera”

2018.eko apirilak 18
  • Hezkuntza arloko 150 profesionaletik gora batuko dira bihar Hezkuntza Sailak eta Mondragon Unibertsitateak antolatutako jardunaldian
  • Saioek bi eremu estrategikotan jarriko dute azpimarra: DBH eta Batxilergoko hizkuntza proiektu integraletan eta STEAM pedagogietan

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak hasiera emango dio, bihar goizez Hernanin, “Hezkuntza eraldatzeko bidaian elkarrekin aurrera”izenburupean Hezkuntza Sailak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) elkarrekin antolatu duten jardunaldiari. Jardunaldi honen xedea da, hezkuntza eraldatzeko bidaia horretan aurrera egiteko lagungarri izango diren esperientzia berritzaileak trukatzea eta partekatzea.

Horretarako, hezkuntza arloko 150 profesionaletik gora elkartuko dira, jardunaldi honek ardatz dituen bi arlo estrategikoen inguruan Euskadiko zenbait ikastetxetan burutzen ari diren esperientziak entzuteko: hizkuntza proiektu integralen inguruko esperientziak eta STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths ingelesez) deituriko pedagogien ingurukoak.

Era berean jardunaldiko parte-hartzaileek Xavier Aragay, hezkuntza berriztatzean eta aldaketaren kudeaketan adituaren hitzaldia ere izango dute egitarauan, “Reimaginar la educación: visión, frenos, aceleradores y tendencias internacionales” izenburukoa (Hezkuntza berrimajinatzea: ikuspegia, galgak, akuiluak eta nazioarteko joerak).

“Hezkuntza eraldatzeko bidaian elkarrekin aurrera” jardunaldiaren egitarau osoa Hezkuntza Sailaren web orrian ikus daiteke.

 

“Hezkuntza eraldatzeko bidaian elkarrekin aurrera”

Eraldaketa prozesu betean dago hezkuntza mundu zabalean, eta ugari dira, hango zein hemengo herrialdeetan, aldaketarako abian jarri diren ekimen eta esperientziak. Garrantzitsua da hezkuntza-aldaketan gertatzen ari diren nazioarteko joera nagusiak ezagutzea; hezkuntza berrimajinatzen lagunduko digute eta hausnarketa ahalbidetuko, aldaketa prozesuetan azaldu ohi diren eta eragina duten jarrera, galga zein akuiluen inguruan.

Berriztatzea da erronka, egungo gizarte aldakorrak hezkuntzara dakartzan behar berriei erantzun hobea eman ahal izateko. Elkarlanean aurrera egin ahala lortuko da hori, diziplinartekotasuna areagotuz.

Testuinguru honetan, hezkuntza sistemako eragileen arteko itunek, berrikuntzaren aldeko apustua hobeto irudikatzen eta eraikitzen laguntzeko ez ezik, aldaketarako giltzarriak identifikatzeko ere balio dute, eta hezkuntza berrirantz abiaturiko bidaian zehar makulu izango dira une oro.

Hezkuntza Sailak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultateak elkarrekin antolatutako jardunaldi hauek xede horixe dute, hain zuzen ere: bidaia horretan aurrera egiteko lagungarri izango diren esperientzia berritzaileak trukatzea eta partekatzea. DBHko zein Batxilergoko bi eremu estrategikotan jarriko da azpimarra: hizkuntza proiektu integraletan batetik, eta STEAM pedagogietan bestetik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Begoña Pedrosa (Mondragon Unibertsitatea)