Eu

Artolazabal: “Gizarteratzeko IV. Planak pobrezia-tasa murriztuko du % 5,6tik behera, eta gizonezko eta emakumezkoen okupazio-tasa areagotuko du”

2018.eko apirilak 23
  • Aurkezpena Eusko Legebiltzarrean
  • Lan-intentsitate baxuko tasa % 8tik behera ezarriko du eta eskola-uztearena % 7tik behera; osasun txarraren desberdintasunak eta etxebizitzara jotzeko beharra duten biztanleen ehunekoa % 5etik behera murriztuko du.
  • 2021a arte, 4.000 milioiko aurrekontua
  • Lehentasunezko jarduketak enpleguan, gizarte-politiketan, osasunean eta etxebizitzan

VG 23 04 18

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak Gizarteratzeko IV. Planaren helburu nagusi gisa honako hauek aipatu ditu: “% 20 murriztea pobrezia-tasa erkidegoko eskualde guztietan eta, horrela, pobrezia-tasa % 5,6tik behera geratzea; gizonezko eta emakumezkoen okupazio-tasa areagotzea eta lan-intentsitate baxuko tasa % 8tik behera ezartzea eta eskola-uztearena % 7tik behera; osasun txarraren desberdintasunak eta etxebizitzara jotzeko beharra duten biztanleen ehunekoa % 5etik behera murriztea”.

 Artolazabalek, gaur goizean, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordearekin eta Amaia Arteaga Enpleguko zuzendariarekin batera, gaur, Gizarteratzeko IV. Euskal Plana aurkeztu du. “Gizarteratzeko IV. Planaren helburua da esku hartzeko eta jarduteko ildo eta jarraibideak zehaztu eta koordinatzea, administrazioen jardueraren bidez bazterketa-egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko”, esan du sailburuak.

 Artolazabalen iritziz, “Gizarteratzeko IV. Euskal Plana behar bezala egokitzen zaio eta erreferentzia eta lidergoa ditu Bruselak markatutako Gizarte Eskubideen Europako Oinarrian. Plan berriarekin, erakundeek eta erakunde sindikalek, enpresa-erakundeek, erabiltzaileek, gizarteratzearen inguruko hirugarren sektoreek eta profesionalek funtsezko tresna dute gizarteratzeko euskal politiketarako, Euskadi lurralde inklusibo gisa sustatzeko”.

 Gizarteratzeko IV. Planaren helburu nagusiak honako hauek dira: aktibazio inklusiboa; bizi-kalitatea, pertsonalizazioa eta autonomia; eskubideen ikuspegia; arreta komunitarioa; zerbitzuen eta prestazioen konbinazio egokia; eta herritarren, eraginpean dauden pertsonen eta hirugarren sektoreko erakundeen parte-hartzea.

 “Lan horretan guztiok ari gara lanean; izan ere, erakundeen arteko eta sailen arteko plana da, hura prestatzeko fase guztiak Gizarteratzeko Batzordeak adostu baititu. Bertan, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek, Eudelen bidez, parte hartzen dute”, esan du Artolazabalek.

 “IV. Plan horrek 4.000 milioi euroko aurrekontua du, 2021era arte (urtean 815), sailen artekoa da, eta ulertzen da gizarte-kohesioaren eta desberdintasunaren aurkako borrokaren helburua Eusko Jaurlaritzako sail guztien eskumena dela.    Foru-aldundiek eta udalek ere dagokien aurrekontu-izendapena egiten dute helburu horren inguruan”, esan du Artolazabal sailburuak.

 Beatriz Artolazabalek azaldu du “Gizarteratzeko IV. Planak sei jarduketa-printzipio dituela, Euskadi lurralde inklusibo gisa sustatzeko: aktibazio inklusiboa; bizi-kalitatea, pertsonalizazioa eta autonomia; eskubideen ikuspegia; arreta komunitarioa; zerbitzuen eta prestazioen konbinazio egokia; eta herritarren, eraginpean dauden pertsonen eta hirugarren sektoreko erakundeen parte-hartzea”.

 Planean, eskuragarri dauden estatistika-iturri nagusietatik abiatuta eginiko egungo egoeraren analisia jaso da, bai eta Pobreziaren eta Gizarte Desberdintasunen Inkesta ere.Halaber, aurreko Gizarteratzeko III. Planaren ebaluazioaren ondorioak jaso ditu.

 “Gizarteratzeak aldagai eta alderdi ugari dituenez, Plana prestatzeko prozesu osoan zehar, Euskadin gizarteratzeko politiken garapenean inplikatuta dauden eragile guztien parte-hartzea sustatu da”, esan du Artolazabalek.

 Zenbait sail

“Horretarako, alde biko bilerak egin dira etxebizitzaren, osasunaren, gizarte-zerbitzuen edo hezkuntzaren arloan esku hartzen duten Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza edo sailekin”, esan du Artolazabalek.

 Beatriz Artolazabalen hitzen arabera, miatzeko, aztertzeko eta egiaztatzeko lan horretatik, Planean gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratzea sustatzeko neurri eta jarduketak jaso dira, lanerako, hezkuntzarako, prestakuntzarako, kulturarako, osasunerako, etxebizitza duinerako eta gizarte-babeserako eta gizartean parte hartzeko eta gizarte- eta familia-harreman beteak izateko eskubideak baliatzeko aukerarik ematen ez dieten bizitzako eguneroko eremuetan eragina duten jarduketen bidez, bai eta arrisku-faktoreen eragina murrizten duten jarduketak garatzeko eta bazterketa- eta ahultasun-arriskuko egoerak gizarte-bazterketako egoera bilakatu ahal izatea prebenitzeko neurri eta jarduketak ere”.

 Gizarteratzeko IV. Planak loturak ditu Gobernuaren honako plan eta estrategia hauekin, eta horiekin koherentzian jarduten du: 2017-2020 Enplegu Plan Estrategikoa; Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa; 2013-2020 Euskal Osasun Plana; Adikzioen VII. Plana; Bizitegi-bazterketa larriko egoerak prebenitzeko eta murrizteko Euskal Estrategia; Familia eta Haurretan Inbertitzeko Euskal Ituna, eta Familiei Laguntza emateko Erakundeen arteko IV. Plana; EAEko emakume eta gizonen berdintasunerako IV. Plana; Euskadiko Hirugarren Gizarte Sektorea Sustatzeko Estrategia; IV. Gazte Plana, eta 2018-2020 Etxebizitzaren Plan Gidaria.

 “Gaur aurkezten ari garen plan hau zuzenean lotzen da Europako Batzordeak  eta Europar Batasuneko gainerako erakundeek planteatutako gomendioekin, bai gizarte-inbertsioaren paradigmari dagokionez, bai Gizarte Eskubideen Europako Oinarriari dagokionez”, esan du Artolazabalek.

 Gizarteratzeko IV. Euskal Planak, halaber, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) egiten du bat; horiek dei unibertsala dira, pobreziarekin eta desberdintasunarekin amaitzeko, planeta babesteko eta pertsona eta gizarte guztiak bakean eta oparotasunean bizi direla bermatzeko.

 Gizarteratzeko prozesuei bide eman ahal dieten faktoreak, Beatriz Artolazabalen iritziz, honako hauek dira: “suspertze ekonomikoaren eragin positiboak; gizarteratzeko politiken eremuan araudiaren garapen nahiko sendoa; gizartearen sentsibilitatea eta herritarren adostasun nahiko zabala egotea, gizarteratzeko politiken inguruan; gizarteratzeko politiken eta, bereziki, DSBEaren tresna nagusiak finkatzea; gizarteratzearen eremuan gizartean esku hartzeko hirugarren sektorearen kualifikazio-maila altua eta egiten jakite metatua; lankidetzarako eta elkarrizketarako kultura eta aurrerakuntza teknologikoak egotea, prestakuntzarako eta lan-merkaturako sarbidea erraztu dezaketen neurrian”.

 Helburuak

“Etorkizunera begira, dagoeneko lortu nahi diren printzipio eta helburuak adostu direla kontuan hartuta, Gizarteratzeko IV. Euskal Plana 3 jarduketa-ardatzen inguruan antolatzen da, 7 helburu estrategiko, 34 xede eta 146 jarduketa edo planoren inguruan. Hori guztia, diru-sarrerak bermatzeko eta laneratzeko politikekin bereziki lotutako neurrietan oinarrituta –2008ko Legea oinarri izanik–, bai eta gizarte-zerbitzuen, osasunaren, etxebizitzaren, hezkuntzaren eremuetan, besteak beste, garatu beharreko neurri sektorialetan eta gizarteratzeko politiken erakunde arteko antolaketarekin lotutako neurrietan ere, arreta berezia jarrita bultzada politikoan eta planaren segimenduan, sektoreen arteko koordinazioaren hobekuntzan eta esku hartzeko baterako eredua eta partekatua sortu ahal izateko tresna tekniko eta profesionalen garapenean.

 Planera bideratutako baliabide ekonomikoak direla eta, horien urteko gastua 400 milioikoa dela kalkulatzen da, DSBE eta GLLetan; hori 2012 /2015 aldiaren gastuaren batez bestekoari dagokio. Halaber, urteko gastua 100 milioi eurokoa dela kalkulatzen da, etxebizitza-prestazioetan, eta hori urtean 20 milioi inguru areagotzen da, aurretik egiten zen gastuaren aldean (2012 /2015 aldiaren batez bestekoa); urteko gastua 200 milioikoa dela kalkulatzen da, alokairuari laguntzeko politika publikoetan, Etxebizitza Sailak 2018rako onetsitako partida horretarako aurrekontuaren ildotik (301 milioi lau urteko aldi baterako); eta urteko gastua, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren aldetik, 45 milioi euro ingurukoa kalkulatzen da, gizarteratzeko gizarte-zerbitzuetan, kontuan hartuta horiek Zorro Dekretuaren esparruan ematen direla (gastua, batez beste, 42 milioiko izanik, 2012aren eta 2015aren artean). Gainera, Gobernuaren eta gainerako erakundeen beste ekimen batzuk ere hartu behar ditugu aintzat.

 “Aipatutako datuetatik abiatuta, urtean 815 milioi euro dira –hezkuntzako eta osasuneko gastuak aintzat hartu gabe–, eta horrek ekarriko luke Planaren indarraldi guztiko 4.000 milioi euroko gastu metatua”, esan du Artolazabalek.

 Neurri horiek eta Gizarteratzeko IV. Planean jaso diren gainerako jarduketek lagunduko dute % 20 murrizten pobrezia-tasa erkidegoko eskualde guztietan eta, horrela, pobrezia-tasa % 5,6tik behera geratzen; EAEn gizonezko eta emakumezkoen okupazio-tasa % 75era eta % 66ra igotzen, hurrenez hurren; lan-intentsitate baxuko tasa % 8tik behera ezartzen eta eskola-uztearena % 7tik behera; sexu bakoitzean maila sozialagatik jasotako osasun txarraren desberdintasunak (% 10 gizonezkoak eta % 20 emakumezkoak) eta etxebizitzara jotzeko beharra duten biztanleen ehunekoa % 5etik behera murrizten.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak