Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria “aberastasuna eta enplegua aldi berean sortzeko gai diren trakzio-proiektu estrategikoen” alde dago, energia berriztagarrien alorrean

2011.eko urtarrilak 17

Ban Ki-Mon NBEko Idazkari Nagusia Lehendakariarekin elkartu da Etorkizuneko Energien Munduko Gailurraren inaugurazio ekitaldian

"Eguzki-hotza", "ezohiko gas naturala" edota ibilgailu elektrikoa. Horiek izan dira Lehendakariak bere txostenean defendatu dituen proposamenetako batzuk, gaurtik aurrera Abu Dhabi (Arabiar Emirerriak) hiriburuan egingo den Etorkizuneko Energien Munduko Gailurraren paneletako batean. Lehendakaria, energia berriztagarrien sektorearentzat erreferentea den Gailur honen inaugurazioan parte hartuz, Ban Ki-Moon NBEKo Idazkari Nagusiarekin topatu da eta hainbat minutuko solasaldia izan du berarekin. Lehendakariak azpimarratu du garrantzitsua dela "energia eraginkorra" kontzeptua gizartearen arlo guztietara (gizabanakoa, enpresak zein erakundeak barne) hedatzea. Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarrien alde egin duen apustua defendatu du, "aberastasuna eta enplegua aldi berean sor ditzaketen trakzio-proiektu estrategikoak" direlakoan. "Arazoa gure nahia aukera bihurtzea da ", adierazi du.

Patxi Lopez Lehendakaria, Ban Ki-Mon Idazkari Nagusiarekin edota Arabiar Emirerrietako arduradun nagusiekin batera, agintari zereginetan aritu da gaurtik datorren urtarrilaren 21era arte egingo den Abu Dhabiko Etorkizuneko Energien Munduko Gailurraren inaugurazioan. Lopez jauna Gailurreko panel baten partaidea izan da, gobernu batzuetako kideekin batera, administrazio publikoek energia berriztagarrien arloan betetzen duten papera aztertzeko orduan. Era horretan, Lehendakariak energia mota horren aldeko apustua adierazi die bertaratutakoei, zeren eta, bere esanetan, "ondasuna eta enplegua aldi berean sor ditzaketen trakzio-proiektu estrategikoak" izateko bertutea baitute.

Etorkizuneko Energien Munduko Gailurra dela eta, 20.000 pertsona baino gehiago bildu dira Abu Dhabi hiriburuan: planetako puntu orotako pertsonak, Gobernu ordezkariak eta enpresak. Euskadik presentzia nabaria izan du bertan eta, testuinguru horretan, Lehendakaria panel informatibo batean izan da eta hainbat enpresak Gailurreko erakusmahaietan parte hartu dute. Lehendakariarekin batera bertaratu dira Gailurrera Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburua, Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia, eta Persiako Golkoan dagoen den euskal ordezkaritzako kideak.

Arratsaldean aurkeztutako txostenean, Lehendakariak azaldu ditu Eusko Jaurlaritzak energia berriztagarrien alde egindako apustu nagusienak, hala nola ibilgailu elektrikoarena; 2020ari begira, espero da saltzen diren ibilgailuen % 10 elektrikoak izatea; energia eolikoa -Iberdrola edo Gamesa bezalako puntako enpresekin-, eguzki-energia termikoa eta itsas energia; gainera, bi sektore berri erantsi ditu, ikerketa proiektu hasiberriekin kontatzen dutenak: "eguzki-hotza" eta "ezohiko gasa".

Apustu hau Euskadi 2020 Energia Estrategian oinarritzen da eta bere helburua da "kopurua, kalitatea eta denbora eta iraunkortasuna kontuan hartuta, behar adina energia erabilgarri izatea". Hori lortzeko, Lehendakaria "energia eraginkorra" kontzeptuaren garrantzia azpimarratzen ahalegindu da, gakoa delakoan. "Bere enpresetan, bere administrazioetan eta bere hiritarrengan energiaren erabilera zentzuduna eta eraginkorra finkatzeko gai diren gizarteak soilik iritsiko dira lehiakorrak eta iraunkorrak izatera, maila orotan", esan du.

Goizean, eta inaugurazio ofizialaren ondoren, Lehendakariak energia berriztagarrien sektoreko enpresen zenbait stand bisitatu ditu. Euskal presentzia benetan nabaria da Gailur honetan, eta, hortaz, Lehendakariak aukera aprobetxatu du energia berriztagarrien eraginkortasuna hobetzearren une hauetan ikertzen ari diren hainbat aurrerapen eta nobedade ezagutzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)