Eu

Euskadik Basque Culinary Centerrekin batera munduko lehen gastronomiako zentro teknologikoa sortu du

2018.eko apirilak 18
  • BCC Innovation zentro teknologikoa abiarazteak erakusten du Basque Culinary Centerrek ikerkuntzaren eta berrikuntzaren alde egindako apustua, mundu mailako erreferente bilakatu nahi baitu
  • Arantxa Tapia sailburuak eta Bittor Oroz eta Estibaliz Hernaez sailburuordeek BCC Innovation zentro teknologikoari babesa erakutsi diote, baita Neikerreko Leire Barañano eta AZTI-Tecnaliako Rogelio Pozo zuzendariek  ere

  • Hauek dira BCC Innovationen helburuetako batzuk: gastronomiaren bidez aberastasuna sortzea, enpresetan berrikuntza sustatzea eta sektorearen etorkizuna bermatzea enpresa berrien sorrera bultzatuz
  • Zentroak gastronomiaren egungo erronkei erantzungo die osasunaren, kalitatearen, jasangarritasunaren eta ekonomiaren alorretan
  • Guztira, 25 pertsonak egingo dute lan zentro teknologikoan

Basque Culinary Centerrek aurrerapauso itzela emango du BCC Innovation munduko lehen gastronomiako zentro teknologikoaren sorrerarekin.  Zentroa abiarazteak erakusten du Basque Culinary Centerrek ikerkuntzaren eta berrikuntzaren alde egindako apustua, mundu mailako erreferente bilakatu nahi baitu. Zentroa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari atxikita egongo da.

Eusko Jaulraritzak BCCren zentro honen sorrera bultzatu nahi izan dute. Aurkezpenean Arantxa Tapia sailburuak parte hartu du Basque Culinary Centreko zuzendarirekin batera eta bertan izan dira Estibaliz Hernaez Teknología, Berrikuntza eta Leihakortasuneko sailburuordea eta Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea. Elikadura eta gastronomiaren balio katean Euskadik dituen beste bi zentro teknologikoetako zuzendari nagusiak ere babestu dute BCC Innovation, Leire Barañanok Neikerretik, eta Rogelio Pozok AZTI-Tecnaliatik.

BCC Innovation zentroaren sorrerak Basque Culinary Centerren garapena sendotzen du, eta, halaber, aitzindari bilakatzen da bi garapen-polo integratzeagatik: Mondragon Unibertsitateari atxikitako Gastronomia Zientzien Fakultatea eta BCC, Gastronomiako Zentro Teknologikoa. Zentroak gastronomiaren XXI. mendeko erronkei erantzungo die osasunaren, kalitatearen, jasangarritasunaren eta ekonomiaren alorretan.

BCC Innovationek ezagutza sorraraziko du gastronomiaren sektorearen inguruan eta zenbait helburu beteko ditu: ezagutza aberastasun bilakatzea, enpresetan berrikuntza sustatzea eta enpresa berrien sorrerari babes aktiboa ematea, sektorearen etorkizuna bermatzeko.

25 pertsonako lan-talde batek osatuko du BCC Innovation, hala nola hainbat diziplinatako ikertzaileek, teknikariek eta kudeatzaileek. 2017. urtean, Basque Culinary Centerreko I + G zentroa 40 enpresa eta erakunderekin baino gehiagorekin jardun zen elkarlanean, Estatuan eta nazioartean erreferentziazkoak diren ikerkuntza-zentroekin aliantzan, proiektu publiko eta pribatuen bidez.

XXI. mendeko gastronomia

Gastronomiak gero eta eragin handiagoa du Euskadiko BPGd-n, eta, era berean, herrialde baten kulturaren ezaugarri nagusietako bat da. Gastronomia oso azkar ari da aldatzen: chefek sukaldaritzako teknika berriak garatu dituzte; beren egunerokoan erabiltzen dituzten teknologia eta ekipamenduen garapenari lagundu diote; sektorea eraldatzen ari diren esperientzia berritzaileak asmatu dituzte; eta, laburbilduz, sektorearen diziplina arteko potentziala agerian jarri dute. 

Eraldaketa horretan, gastronomiaren kontzeptuak berak bilakaera bat izan du; izan ere, gaur egun, hainbat erronka berriri erantzun behar die kalitatearen, osasunaren, jasangarritasunaren eta ekonomiaren alorretan. Hala, XXI. mendean, gastronomiak behar berriak bermatu behar ditu, besteak beste: jaten eta edaten dugunaren kalitatea, osasungarritasuna (elikagaiek ongizate fisikoan eta mentalean eragina dute); jasangarritasuna, elikagaien ekoizpenak ingurumenean duen inpaktuari dagokionez, eta, azkenik, behar ekonomikoak, gastronomiaren balio-katean parte hartzen duten hainbat sektoretako agenteei lotuta.

Basque Culinary Centerreko zuzendariak, Joxe Mari Aizegak, hauxe dio: “Munduko lehen gastronomiako zentro teknologikoa izango den BCC Innovation abiarazteak gastronomiaren berrikuntzaren eta ikerkuntzaren mundu mailako abangoardian jarriko du Euskadi, gastronomiaren bilakaerak eta eraldaketak planteatzen dituzten erronka berriei erantzun ahal izateko; izan ere, berrikuntzaren eta ikerkuntzaren bidez, gastronomiaren kontzeptu zabalago bati aurre egin nahi zaio”. Eta hau gehitu du Basque Culinary Centerren arduradunak: “BCCren zentro teknologikoaren ezagutza guztia bideratuko da gure herrialdean aberastasuna sortzera, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzera eta, azken finean, Euskadiko eta Estatuko ekonomian gero eta pisu handiagoa duen sektorearen etorkizuna bermatzera”.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua Arantxa Tapiak oso positibotzat jo du BCCk akreditazio hau lortzeko egin duen esfortzua. “Basque Culinary Innovation-ek elikaduraren balio-kateko ibilbidea zentro teknologikoen ikuspuntutik osatzen lagunduko digu. Neiker-ek elikagaien ekoizpena lantzen du; Aztik, batez ere, eraldaketa; eta, hemendik aurrera, Basque Culinary Innovation-ek gastronomiaren arlo zabala jorratuko du”, adierazi du Tapiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria; Neikerreko zuzendari nagusia, Leire Barañano eta Aztiko zuzendari nagusia, Rogelio Pozo