Berriak Lehendakaritza
Eu

Memoriaren Plaza erakusketa Beasainen egongo da ikusgai apirilaren 23tik 29ra

2018.eko apirilak 18

Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak eta Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren, Gogoraren, zuzendariak Memoriaren Plaza erakusketaren ekimena bera eta bere egitaraua aurkeztu dituzte.

Aitor Aldasorok egundaino herrian elkarbizitza eta bizikidetzaren aldeko lanketan egindako ibilbideari egin dio erreferentzia, Memoriaren Plaza erakusketa ibilbide horretan kokatuz: “aldundiaren laguntzarekin joera ezberdinetako beasaindarrak elkartu eta landu dute arlo hau Beasaingo herritarren bizikidetza taldea eratuz Elkarbizitza Eraikiz lelopean, nondik gatozen eta nora goazen azter dezagun. Hemendik sortu zen iazko urria eta azaroa bitartean antolatutako egitaraua, non hausnarketan laguntzeko ekitaldi desberdinak burutu ziren. Dinamika honek ia ehun beasaindarren babesa jaso zuen eta guztien presentziarekin argazki batean irudikatu zen. Memoriaren plaza erakusketa ibiltaria eta honen inguruko egitaraua orain arte egindako guztiaren osagarri izatea nahi da eta aurrera begira helburu honetan pauso bat gehiago ematea”.

Aintzane Ezenarrok erakusketa bera aurkeztu du, 2016az geroztik memoriaren inguruan herritarrek parte hartzeko proiektua dela eta dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko 16 herri nagusienetan egon dela gogoraraziz, hiriburuak barne. Helburua, Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea da, memoria plural eta partekatua eraikitzeko asmoz.

Memoriaren Plaza Beasainen erakusketa zabalik egongo da apirilaren 23tik 29ra udaletxe ondoko San Martin plazan eta aste horretan hainbat ekitaldi izango dira:
• Apirilaren 23an, 18:00etan: Erakusketaren irekiera-ekitaldia.
• Apirilaren 25ean, 19:00etan: Biktimen mahai-ingurua erakusketan bertan.
• Apirilaren 26an, 19:30ean: Zine-foruma. “Pasaiako Badia” dokumentalaren emanaldia eta ondoren, egileekin eta senitartekoekin solasaldia Usurbe Antzokian.

Ekimena hasi zenetik -2016ko otsailean Bilbon egin zen lehenengoz- Memoriaren Plaza 16 herritan egin da, eta hauexek datuak: 30.100 lagunek hartu dute parte egin diren 16 erakusketatan eta bertan programatu diren ekitaldietan eta hauetatik 4.100 DBH4, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleak dira, beraientzat bereziki programatutako tailer didaktikoetan parte hartu dutenak.

Izan ere, Memoria Plaza erakusketak astean zehar goizez, hezkuntza tailerrak antolatzen ditu DBH4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat. Helburua da esperientzia esanguratsua eskaintzea Memoria eraikitzeko giltzarriak ezagut ditzaten lagungarri izatea eta gogoeta kritikoa egin dezaten erraztea.

 
HELBURUAK
• Memoria jendarteratzea eta partekatzea, erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea.

• Herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea.
• Memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko.
• Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea.

ERAKUSKETAGUNEA
Honako gune hauek izango ditu:
• Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.
• Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
• Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatuko dira eta mahai–ingurua ere bertan egingo da.
• Mezuen horma-irudia: bertaratzen direnek beren mezua horma-irudian idatzi ahalko dute.

MEMORIA PLAZAREN AURREKARIAK
Gogora Institutua testigantzak batu eta ezagutarazten eta herritarren zuzeneko testimonio eta emozioak biltzen. Orain arte, erakusketa ibiltari hau Bilbon, Durangon, Tolosan, Gasteizen, Eibarren, Donostian, Zarautzen, Arrasaten, Getxon, Lasarte-Orian, Gernikan, Santurtzin, Portugaleten, Sestaon, Barakaldon eta Irunen egon da.

Beste udalerrietako esperientziak eskuragarri daude hurrengo estekan: https://goo.gl/lEJ8Xv

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GlaciarBlue
    2018.eko apirilak 18

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: #PazConvivencia ▶︎ La exposición Plaza de la Memoria se instalará en Beasain del 23 al 29 de abril ➡︎ https://t.co/0B4QgZlAG3

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea