Berriak Hezkuntza
Eu

712.000 euro irakasleen etengabeko prestakuntzarako (Gobernu Bilera 2018-04-17)

2018.eko apirilak 17

2017-2018 ikasturte honetan irakasleentzako 250 prestakuntza-ikastaro eskaintzen ditu Hezkuntza Sailak, Prest_Gara planaren baitan 

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Hezkuntza Sailarekin elkarlanean aritu nahi duten erakunde publiko eta pribatuei irakasleen etengabeko  prestakuntzarako proiektuak aurkeztera dei egiten dien Agindua, 2018-2019 ikasturterako Prest_ Gara Planaren baitan.

712.000 euroko diru kopurua duen deialdi honek, ondorengo prestakuntza-jardueretakoren bat egitera zuzendutako proiektuak diruz laguntzea du helburu: 

-Atzerriko hizkuntzetako prestakuntza-jarduerak: 200.000 euro bideratzen dira 2018-2019ko ikasturtean zehar burutuko diren jardueretarako, eta 110.000 euro 2018ko udan egingo direnetarako. 

- Unibertsitatez kanpoko hezkuntza etapetako irakasleen gaitasun profesionalak garatzeko jarduerak eta indarrean den eskola-curriculumari zein Hezkuntza Sailak ezarritako jarduera-eremuei lotutakoak (atzerriko hizkuntzetan prestatzekoak izan ezik): 132.000 euro bideratuko dira 2018ko uztailaren 9tik urriaren 31ra bitartean egingo diren jardueretarako, eta 200.000 euro 2018ko azaroaren 2tik  2019ko ekainaren 30era bitartekoetarako. 

-Era berean, deialdiak jasotzen du Sailak aurreko bi atal horietan aurreikusi ez arren, erakunde laguntzaileek proposatu dituzten beste zenbait prestakuntza-jarduera diruz laguntzeko aukera ere, baldin eta edukiarengatik, ikuspegiarengatik edo izaera berritzailearengatik irakasleen etengabeko prestakuntzarako interesa badute. 70.000 euro jasotzen dira hirugarren atal honetarako. 

2017-2018 ikasturte honetan zehar, Hezkuntza Sailak unibertsitatez kanpoko irakasleentzat, izan ikastetxe publikoetakoak zein itunpeko ikastetxetakoak, 5.762 plaza eskaintzen ditu 250 ikastaro desberdinetan, guztiak ere aurrez azalduriko arloekin lotura dutenak. Ikastaro horietan 4.916 irakasle ari dira parte hartzen edo parte hartuko dute ikasturtea amaitu baino lehen. 2017-2018 ikasturteko Prest_Gara Planean 60 elkarte edo erakunde formatzaile ari dira lanean. Horiei guztiei Berritzegune Nagusia gehitu behar zaie (Hezkuntza Sailaren menpeko zentroa), honek ere prestakuntza jarduerak eskaintzen baitihardu. 

Azken xedea, ikaslea

Hezkuntza Sailak badu irakasleak prestatzeko plana. Plan horretan, alde batetik, prestakuntza-proposamenak egiten ditu, unibertsitateaz kan­poko irakasleen lan-gaitasuna hobetzearren, eta bestetik, proposatzen du irakasleek eurek beren lanean sumatzen dituzten beharren eta egiten dituzten eskaeren araberako prestakuntza etengabea. Irakasleek jarduera horien bidez eskuratutako jakintza eta trebetasunek ikasgelako eguneroko lanean izan behar dute isla, eta ikastetxean ere inpaktua izan, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetze aldera. 

Horregatik, prestakuntza-prozesu orok ikaslea izan behar du azken xede, prestakuntzak zentzua baitu hezkuntza-sistemaren ekitatearen eta bikaintasunaren onerako eragiten duen neurrian, eta hezkuntza-sistemaren erreferentzia ikaslea izanik, prestakuntzari eta berrikuntzari ikasleak ematen baitio zentzua hezkuntza-esparruan. 

Deialdi honetan parte hartu nahi duten erakunde eta elkarteek hilabeteko epea izango dute Hezkuntza Sailari euren proiektuak aurkezteko, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Deialdi honen onuradun izan daitezke, Prest_Gara planaren barruan Euskal Autonomia Erkidegoan irakasleak prestatzeko jarduerak egiten dituzten edo egiteko prest dauden erakunde publiko edo pribatuak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko