Eu

230.000 euro EUDELekin hitzarmena sinatzeko, Euskadiko udalerrietan eraikinen ikuskapen (EIT) teknikoa egin dadin sustatzeko (Gobernu Bilera 2018-04-17)

2018.eko apirilak 17

Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak EUDELekin hitzarmena sinatzea, Euskadiko udalerrietan eraikinen ikuskapen teknikoaren (EIT) ezarpena eta segimendua egitea sendotzeko. 

EITa higiezinen kontserbazio-maila zehazteko funtsezko tresna da, bai higiezinen egitura-elementuena, bai beren instalazioena, bai eta energia-eraginkortasunaren eta irisgarritasun unibertsalaren maila zehaztekoa ere. Hura egitea derrigorrezkoa da lehentasunez bizitegitarako diren eta 50 urte baino gehiagoko antzinatasuna duten eraikinetarako; ondorioz, datorren uztaila baino lehen 73.000 higiezin baino gehiagotan egin beharko da ikuskapena. Ikuskapen teknikoa izatea beharrezkoa da, gainera, birgaikuntzarako eta irisgarritasunerako edonolako laguntza publiko jasotzeko. Euskadiko eraikin-parkea oso zaharkituta dago; izan ere, EAEn dauden 163.642 eraikinetatik, % 43 1961a baino lehen eraiki zen, 2011ko etxebizitza-zentsuko datuen arabera, eta horrek kontserbazio-arazoak, irisgarritasunik eza eta eraginkortasun energetikorik eza ekar ditzake. 

Eudel-Euskadiko Udalen Elkartearekin sinatuko den hitzarmenaren bitartez, 2015eko Etxebizitza Legea garatzeko, autonomia-erkidego osoan EITak egin daitezen sustatu nahi da eta, horretarako, udalei EITen kudeaketa koordinatua egiteko behar den informazio guztia eta laguntza teknikoa eman eta, ondoren, Euskoregite plataforman erregistratu, hala egin behar baitute udalerriek. Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du, eta, horren bitartez, Etxebizitza Sailak bere gain hartzen du EITak Eudelekin eta udalekin koordinazioan kudeatzeko baliabide materialak diseinatzeko eta ezartzeko eginkizuna. Halaber, Euskoregite plataforma mantentzeko lanak egiteko eta haren eguneratzeak udalerrien esku jartzeko konpromisoa hartzen du. 

Jarduketa horien ondoriozko gastuak Etxebizitza Sailak hartuko ditu bere gain eta, horretarako, ekitaldi honetan, 230.000 euro bideratuko ditu bere aurrekontuetatik. Era berean, bi aldeek konpromisoa hartzen dute elkarrekin eraikinen ikuskapen teknikoari buruzko eta birgaikuntzako politikei buruzko prestakuntza- eta zabalkunde-jarduketak eta udalentzako laguntzak sustatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko