Eu

Biktimen Arreta-Zerbitzua 2017an.

2018.eko apirilak 18
  • 2.201 pertsonari erantzun zien Biktimen Arreta Zerbitzuak (BAZ) 2017an
  • BAZek burututako jardueren kopuruak % 9 egin zuen gora ‒8.000 jarduera baino gehiago‒
  • Interbentzioen erdiak genero-indarkeriarekin zuen lotura ‒kasuen % 99 emakumeen aurkakoak‒
  • Lan eta Justiziako Sailburu María Jesús San Josék Biktimen Arreta Zerbitzuaren urteko memoria aurkeztu du, interbentzio integrala eskaintzen diena (psikologikoa, juridikoa eta soziala) delituzko edozein ekintzak erasandako pertsonei.
  • 2017an 2.355 prebentziozko espetxeratze jakinarazpen egin ziren guztira 694 pertsonari (% 83,5 emakumeak) zerbitzua emanez. Espetxetik atera izanaren jakinarazpenen % 44k genero-indarkeriarekin zuten lotura.

Lan eta Justiziako Sailburu María Jesús San Josék Biktimen Arreta Zerbitzuaren (BAZ) urteko memoria aurkeztu du gaur. Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzako zerbitzu bat da, boluntarioa eta doakoa, interbentzio integrala eskaintzen diena (psikologikoa, juridikoa eta soziala) delituzko edozein ekintzak erasandako pertsonei.

2017an, Biktimen Arreta Zerbitzuak 2.201 pertsonari erantzun zien, 1.763 emakumeri eta 438 gizoni. Haietatik, % 48 genero-indarkeriarekin lotutako delituen biktima ziren, kasuen ia % 99 emakumeen aurka.

Memoria aurkeztean, Lan eta Justiziako sailburu María Jesús San Josék adierazi duenez, 2017an BAZek burututako jardueren erdia genero-indarkeriaren arloan sartzen ziren (guztira 3.986 jarduera), eta ondoren familia barruko indarkeriaren biktimei dagozkienak (guztira 1.404 jarduera). Kasu guztietan, jardueren kopururik handiena Justizia Administrazioarekiko eta gainerako Administrazio Publikoekiko (estatu, foru eta toki mailakoak) koordinazio-zereginei dagokie. “BAZek ematen dituen arreta-zerbitzu anitzak –nabarmendu du San José sailburuak‒ delituaren biktimak bizi duen kontrako egoera berriro bideratzeko dira, eta instantzia publikoekin eta judizialekin duten harremana ahalik eta onena izan dadin bermatzeko”.

María Jesús San Josék azaldu duenez, “oro har, delitu baten biktimak inpaktu emozionala ere jasaten du, areagotzea saihestu behar dena bilbe juridikoarekin harremanetan jartzen denean, eta delituzko ekintzak biktimari eragindako kalteak arintzea da gure helburua, eta baita bigarren mailako biktimizazioa deritzan hori prebenitzea ere. Ingurunea eta irudi judizialak ez ezagutzeak sorrarazten dituen estres-mailak ahalik eta txikienak izan daitezen lortzen saiatu behar dugu. Berriro ere azpimarratu nahi nuke indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako laguntza-zerbitzu juridikoak hor daudela, emakumea ahalik eta baldintza egokienetan joan ahal izan dadin epaitegira deklaratzera.”

2017an Biktimen Arreta Zerbitzuak burututako jarduerak (harrera eta jarraipena egiteko elkarrizketak, aholkularitza, interbentzio psikologikoak, laguntza, lankidetzako eta elkarlaneko jarduerak epaitegiekin eta eragile juridikoekin eta abar) ia % 9 gehitu ziren eta 8.083 jarduera izan ziren guztira. Hala, San José sailburuak azpimarratu egin du “interbentzio nabarmenenen bolumen esanguratsua, besteren artean, interbentzio psikologikoak eta aholkularitza juridiko espezifikoari dagozkionak; lehenak, 800 baino gehiago izan ziren eta, bigarrenak, berriz, 550. Laguntza psikosozialeko programak, aldiz, 300 akonpainamendu burutu zituen diligentzia judizialetara, joan den urtean zehar”.

Bestalde, BAZen urteko memoriak beste gai batzuk ere jasotzen ditu: espetxetik ateratakoen kasuei buruzko “prebentziozko espetxeratze jakinarazpenak”, espetxe-aldaketak edo espetxeratzeak, espetxeen eta polizien erakunde desberdinekin lankidetzan kudeatzen direnak, biktimen segurtasuna zaintzeko kaltea eragin dietenen aurrean.

2017an 2.355 jakinarazpen egin ziren, ia 400 gehiago aurreko urtearen aldean (% 20 gehiago). Guztira 694 biktimak jaso zuten arreta, 580 emakumek eta 114 gizonek, (% 16,5 gehiago).

Kaltegilea espetxetik atera izanaren jakinarazpenak, dagokion kausan babes edo urruntze agindu batekin adostuta, ia % 25 gehitu ziren. Espetxetik atera izanaren 1.193 jakinarazpen guztira, eta haietatik 525ek (% 44) genero-indarkeriarekin zuten lotura.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak