Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak oinarrizko hitzarmena izenpetu du Lekeitioko Udalarekin Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzarako

2018.eko apirilak 17

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Lekeitioko alkate Koldo Goitia Markuerkiagak oinarrizko hitzarmena izenpetu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Bertan arautzen dira Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetzarako eta koordinaziorako prozedurak eta bidea, eta helburua du lurraldean erabilgarri dauden polizia-baliabideak optimizatzea eta herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten premiei erantzun hobea ematea.

Segurtasun Sailak eta Eudel – Euskadiko Udalen Elkarteak urtarrilean izenpetu zuten akordio hartatik sortu da hitzarmena.

Gaur goizean izenpetu den agirian gogoratzen da legean aurreikusten dela polizia-koordinaziorako batzordeen figura sortzea eta polizia-lankidetzako hitzarmenak sinatzea, eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko lankidetza-tresnen beharra hainbat faktoreren ondorio dela, hala nola, batak zein besteak egin beharreko funtzioak edo funtzio partekatuak egotearen ondorio, lurraldean eginiko funtzio batzuk elkarren osagarri izatearen ondorio,  berezko eskumenak gauzatzeak lurraldetik kanpo ere eragina izan ahal izatearen ondorio eta lurraldean dauden polizia-baliabideak optimizatzeko aukeraren ondorio.

Gaur berretsi den hitzarmenean polizia-dispositibo eta -operazioetan batera jarduteko protokoloak edo planak prestatu ahal izateko aukera ere jaso da, poliziaren eraginkortasun handiagoa lortzeko eta bi polizia-kidegoetako agenteen lankidetza beharrezkoa denean.

Agirian jaso da, era berean, delituak prebenitzeko eta herritarren segurtasuna hobetzeko informazio erabilgarria emango diotela elkarri erregulartasunez bi polizia-kidegoek.

Eudel – Euskadiko Udalen Elkartearekin oinarrizko hitzarmena sinatu zenetik, Segurtasun Sailak Barakaldoko, Leioako, Sestaoko eta Ortuellako udalekin izenpetu ditu hitzarmenak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Koldo Goitia Markuerkiaga, Lekeitioko alkatea