
Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta udalek erakundeen arteko akordioa sinatu dute, Etxegabeen Euskal Estrategia garatzeko
- Helburua da erkidegoko udalerri handietan modu esanguratsuan murriztea –gutxienez %20– kalean lo egiten duen pertsona-kopurua
- Gaur egun, euskal erakundeek eta hirugarren gizarte-sektoreak 47 milioi euro bideratzen dituzte urtean etxegabeen arretarako
- Erakunde sinatzaileek 12 hileko epea dute beren plana diseinatzeko, jarduketa zehatzekin
- Estrategiak zazpi helburu orokor ditu, eta 50 jarraibide zehatz proposatzen ditu; horiek bederatzi ardatzen inguruan taldekatzen dira
Vitoria-Gasteiz, 2018/04/16
Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Osasun Sailaren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bidez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, EUDELek eta Bilboko, Vitoria-Gasteizko, Donostia-San Sebastiango, Barakaldoko, Getxoko, Portugaleteko, Irungo, Santurtziko eta Laudioko udalek, gaur, erakunde arteko akordioa sinatu dute, 2018-2021rako Etxegabeentzako Euskal Estrategia garatzeko. Horren bidez, nabarmen murriztuko da –gutxienez % 20– kalean, Euskadiko udalerri handietan, lo egiten duen pertsona-kopuruak, 2020rako. Horretarako, pertsona horiei laguntza emateko politika integralak garatuko dira.
Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Jon Darpón Osasun Sailburuak; Teresa Laespada, Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko foru-diputatuak, Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako foru-diputatuak, eta Miren Saratxaga Arabako Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Zuzendaria; Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Natxo Urkixo Laudioko alkateak, Mikel Torres Portugaleteko alkateak eta Aintzane Urkijo Santurtziko alkateak; Aitziber San Roman Donostia-San Sebastiango zinegotziak, Sergio Corchón Irungo zinegotziak; eta Imanol Landa Getxoko Alkatea eta EUDELeko presidenteak akordioa sinatu dute, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen duen egoitzan.
Estrategia horretarako, aurretik Euskadiko etxegabeen ezaugarriak eta beharrak aztertu dira, euskal erkidegoan ezarritako arreta-sistemaren indarguneak eta ahuluneak, eta, halaber, inguruneko herrialdeetan bizitegi-bazterketaren aurrean esku hartzeko ereduak hartu dira kontuan.
Dokumentu honi atxikitzea borondatezkoa eta loteslea da. Orientatzailea da dokumentua; izan ere, tartean diren erakundeen jarduketa zentzu jakin batean orientatzeko prestatu da. Gida gisa antolatu nahi da, aurretik adostutako printzipio, helburu eta jarraibide batzuekin; horiek, aurrerantzean, erakundeek adostuko dituzte, jarduketa zehatzetan.
Kalitateko baliabideak
Beatriz Artolazabal sailburuak zera azaldu du: “ez gara hutsetik hasiko; izan ere, hirugarren euskal gizarte-sektoreko erakunde eta entitateok esperientzia dugu, gure erkidegoan handia baita etxegabeentzako arreta emateko sareko baliabideen hornidura. Estatuan buru gara, ostatu-plazak betetzeari dagokionez”.
Euskadik, guztira, 47,5 milioi euro bideratzen ditu urtean etxegabeei arreta ematera; horietatik, 40,2 milioi diru-kutxa publikoetatik. “Ez gara autokonplazienteak, eta, estrategia hau antolatzeko, gure eredua aztertu dugu eta, horretarako, ahulune nagusiak eta hobekuntza-eremuak nabarmendu ditugu. Funtsean gizarte-zerbitzuetan oinarritzen den eredua dugu. Prebentzio-arloko esku-hartzeen garapen urria dugu”, esan du Artolazabalek.
“Inguruneko herrialdeetan bizitoki-bazterketaren aurrean esku hartzeko ereduak eta Euskadiko etxegabeen ezaugarri eta beharrak eta gure erkidegoan ezarritako arreta-sistemaren indarguneak eta ahuluneak aztertu ondoren, Bizitegi Bazterketa Larria Prebenitzeko eta Murrizteko Euskal Estrategia zehaztu dugu”, esan du sailburuak.
“Etxegabeak, gaua eta eguna hirietako kaleetan ematen dutenak, bizitegi-bazterketaren modurik agerikoenen eta gordinenen erakusle direlako” ideia partekatzen dute erakundeek eta, ondorioz, estrategia prestatzeko aurretiko lana bateratu dute eta, horretarako, Euskadiko etxegabetasunari buruzko diagnostikoa izan dute.
Ondorio nagusietako bat izan da “oraindik egozten zaien irudi estereotipatua gorabehera, etxegabeak ez direla talde homogeneoa, ez dituztela ezaugarri egonkorrak denboran”. Etxegabetasuna lau kausa-multzo handien arteko elkarreragin dinamikoaren ondorioz sortutako prozesua da –egiturazkoak, instituzionalak, erlazionalak eta pertsonalak–, eta horiek, normalean, aldi berean edo elkarren artean konbinatuta ageri dira.
Estrategia
Euskadi ez da hutsetik hasi; izan ere, esperientzia handia du pertsona horien babeserako ekintzetan, erakunde publikoen inplikazioari esker, bai eta hirugarren euskal gizarte-sektoreko erakundeei esker ere. Horrela, Estatuan, ostatu-plazak betetzeari dagokionez, buru da autonomia-erkidegoen artean; guztira, 47 milioi euro bideratzen ditu urtean, etxegabeei arreta ematera.
Estrategia berri horren bidez, urrats berriak emango dira. Erakunde sinatzaile bakoitzak 12 hileko epea du bere plana diseinatzeko, Estrategian adostutako jarraibideak gauzatzeko jarduketa zehatzekin.
Jarduketa horiek berriak edo beste batzuen jarraipenak izan daitezke, eta tartean den erakunde bakoitzak banaka edo erakunde baten edo gehiagoren arteko lankidetza-akordioen bidez egin daitezke; horrela, besteak beste, osasuneko, enpleguko, etxebizitzako edo diru-sarreren bermerako arloen arteko lankidetzan oinarrituta garatu daitezke jarduketak.
Estrategia honen helburu orokorrak honako hauek dira:
ü Etxegabetasuna prebenitzeko politikak sendotzea.
ü Euskadin etxegabeentzako egungo arreta-eredua berrorientatzea, pertsona oinarri duen eta etxebizitzara orientatzen den arreta-eredua sortzeko.
ü EAEko Gizarte Zerbitzuen Maparen zabalkundearekin amaitzea eta, horretarako, lurraldeetan baliabideen banaketa egokia egiten dela bermatzea, eta, bereziki, gizarte-bazterketarako egoeran edo arriskuan dauden pertsonentzako lehen mailako arretarako gizarte-zerbitzuak sendotzea, gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko kasuak eta esku-hartzeak kudeatzeko eginkizunei dagokienez eta ostatu-zerbitzuei eta goizeko eta gaueko harrera-zerbitzuei dagokienez.
ü Etxegabeek, osasun-eremuan, diru-sarrerak bermatzeko eremuan eta lan-aktibazioaren eremuan dituzten eskubideetara jotzen dutela bermatzea, bizitokia edozein dutela ere.
ü Premia bereziak dituzten etxegabeei ematen zaien arreta hobetzea eta, zehazki, bizitegi-bazterketa larrian dauden emakumeei ematen zaiena.
ü Etxegabeen problematikaren inguruko ezagutza koordinatzeko, ebaluatzeko eta kudeatzeko gailuak hobetzea.
ü Fenomeno horren gizarte-pertzepzioan eragitea, eragile komunitarioen inplikazioa sendotzea egoera horiei heltzeko eta pertsona horiek jasan ohi dituzten biktimizazio-egoerak prebenitzea.
Estrategiak 50 jarduketa zehatz proposatzen ditu, eta horiek honako bederatzi ekintza-ardatz nagusi hauen inguruan antolatzen dira:
- Bizitegi-bazterketa larriko egoerak prebenitzea.
- Etxebizitzan oinarritzen den ikuspegia garatzea.
- Gizarte-zerbitzuen eremuan gizarte-bazterketa larriko egoeran dauden pertsonetara orientatutako baliabide eta programak hobetzea.
- Bizitegi-bazterketa prebenitzeko eta horri heltzeko politiketan genero-ikuspegia sendotzea.
- Etxegabeek herritarren eskubideetara jotzen dutela bermatzea eta, horretarako, beren administrazio-egoera erregularizatzea.
- Hobekuntza sektorialak osasunean, diru-sarreren bermean eta enplegura jotzean.
- Etxegabeek aisiara, hezkuntzara, gizarte- eta politika-partaidetzara jotzeko bide ematea.
- Erkidegoak bizitegi-bazterketako egoerak prebenitzeko eta horiei heltzeko sentsibilizazioaren eta inplikazioaren eremuan hobekuntzak egitea.
- Ezagutza koordinatzeko, haren segimendua egiteko, hura ebaluatzeko eta kudeatzeko neurriak hartzea.
Estrategia 2017ko urriaren 11n onetsi zen, eta, gaur, erakundeek hari atxikitzeko akordioa sinatu ondoren, harekiko lotura ezarri da eta, aurrerantzean, Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzari, aldundiei eta udalei dagozkien jarduketak ezartzen hasiko da.
-
2018-04-17
Comentario de Twitter:
RT @iarriolal: 🔊Konpromezua, akordioa, sinatu dugu gaur, etxegabeen euskal estrategia garatzeko ➡ https://t.co/E5JnAiQQNQ https://t.co/FB1Z… -
2018-04-16
Comentario de Twitter:
RT @iarriolal: 🔊Konpromezua, akordioa, sinatu dugu gaur, etxegabeen euskal estrategia garatzeko ➡ https://t.co/E5JnAiQQNQ https://t.co/FB1Z…