Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadi, Ekialde Hurbila erakartzeko prest

2011.eko urtarrilak 16

Arabiar Emirerrien eta Qatarren inbertsio ahalmenaz baliatzearen garrantzia nabarmendu du Lehendakariak hemen eta Euskadin akordioak lortzeko

Euskal errealitateari buruz Ekialde Ertainean duten ezagutza espero baino hobea dela egiaztatzeko balio izan du Lehendakaria buru duen erakunde- eta enpresa-misioaren lehen jardunaldiak. Hala onartu du Patxi López Lehendakariak gaur arratsaldean bidaia horren jarraipena egiteko Abu Dhabiraino (Arabiar Emirerriak) joan diren euskal kazetariekin izandako topaketan. Lópezek esan du lehen jardunaldi hori "bete-betea eta positiboa" izan dela; halaber, emirerrietako garapen estrategikorako planen arduradunekin bildu da, eta arduradun batzuek datozen hilabeteotan Euskadi bisitatuko dutela hitzartu dute; hain zuzen ere, bisitariak izango dira Ahmed Al Jaber Sultana -MASDAReko kontseilari ordezkaria- eta Khaldoon Khalifa Al Mubarak -emirerriaren plan estrategikoen arduradun diren lau jekeetako bat-. SENER euskal enpresak aspalditik lan egiten du azken horrekin. "Helburua da euskal enpresek egindako lan ona erakutsiz inbertsio ahalmen hori erakartzea", ziurtatu du Lehendakariak.

Ekialde Hurbilera egindako euskal erakunde- eta enpresa-misioaren lehen jardunaldia berri on batekin itxi dute: Arabiar Emirerrietan Euskadiko errealitate ekonomikoaz, sozialaz eta politikoaz duten interes eta jakintza handia. Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak, Patxi López Lehendakaria buru duela, inbertsioak Euskadira erakartzeko plan eta proposamen batzuk eraman ditu arabiar Emirerrietara eta Qatarrera, besteak beste energia berriztagarrien alorrekoak. Plan eta proposamen horiez gain, Dubaiko emirerriko arduradunek proposamen gehiago egin dituzte eta interesa agertu dute beste ekintza esparru batzuetan, hala nola energia aeronautikoaren metaketa, ibilgailu elektrikoa, sare adimenduak, itsas- eta eguzki-energia, energia-eraginkortasuna, eraikinak eta garraio iraunkorra -CAF eta SENER bezalako enpresa garrantzitsuekin-.

Esparru horietan "nazioarteko erreferente handitzat gaituzte", azpimarratu du Lópezek.
Arabiar Emirerrietan eta Qatarren egingo diren hainbat topaketa, kongresu eta jardunaldietan egongo da Patxi López Lehendakaria buru duen euskal erakunde- eta enpresa misioa gaurtik urtarrilaren 21a arte. Bidaiaren interesgune garrantzitsuena bihar izango da, Etorkizuneko Energien Mundu Gailurraren inaugurazioa dela eta. Inaugurazio horretan Lehendakaria egongo da, energia berriztagarrien arloko lehen ministroekin batera.

80 enpresa baino gehiagoko, Merkataritza Ganberetako, Confebaskeko eta Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ordezkariek osatzen duten delegazioaren buru da López.

Arabiar Emirerrietan igarotako lehen eguneko agendan hiru bilera egon dira. Lehena, Abdul Rahman Saif Al Ghurairekin izan da, Dubaiko Merkataritza Ganberaren eta patronalaren arduraduna. Bilera horretan, Euskadirekiko elkarlana sektore tradizionaletatik haratago eramatea eskatu dute, hau da, zerbitzuen, logistikaren eta finantzaren sektoreetatik haratago. Horregatik, bi lurraldeetako ganberen arteko erlazioaz gain, "Euskadik topaketa, kongresu eta konferentzia gehiagotan parte hartuko du, gure enpresak, proiektuak eta proposamenak interesa duten esparruetan zehatz aurkezteko". Ondoren, Abu Dhabin, euskal ordezkaritza Ahmed Al Jaber Sultanarekin bildu da -MASDAReko kontseilari ordezkaria-. Erakunde hori MASDAR City proiektuaren arduraduna da, munduko lehen hiri %100 ekologikoa. Hirugarrenik, Lehendakaria Khaldoon Khalifa Al Mubarakekin bildu da, MUBADALAko arduraduna, aspaldidanik SENER euskal enpresarekin elkarlanean ari baita.

Lur hartu bezain laster, bileraz eta topaketaz betetako jardunaldia hasi du Lehendakariak. Horien bitartez egiaztatu dute garapen planen kudeatzaileek gauzatu nahi dituzten proiektuak euskal enpresa eta planekin elkarlanean eramateko interesa. Interes horren emaitza da Dubaiko emirerriko arduradun horietako bik Euskadira egingo dituzten bisitak. Urrian, MASDAReko kontseilari ordezkariak, MASDAR City hiriaren proiektua garatzearen arduraduna, Barakaldoko BECen egingo den Energiaren Europako Gailurrean parte hartuko du. Horretarako, elkarlan hori gauzatzeko plan eta proiektuak lantzen hasi dira. Eta maiatzean, MUBADALAKO arduradun Khaldoon Khalifa Al Mubarak Euskadin izango da.

"Gure agenda trinko honen helburua da Euskadi den bezala aurkeztea: Espainiako ekonomia aitzindarietako bat, teknologikoki puntakoa den eskualde bat, enpresa-sare moderno, dinamiko eta ekintzailea eta langile kualifikatuak dituena, eta hemen interes berezia duten esparru ekologikoan erreferente diren enpresak dituena", azpimarratu du Lehendakariak. Euskadi emirerrien "inbertsio ahalmenak" dakartzan aukeraz "baliatu" behar dela nabarmendu du, gainera. "Helburua da euskal enpresek egindako lan ona erakutsiz inbertsio ahalmen hori erakartzea", gehitu du.

Inbertsioentzako "Zero Kilometroa"

Prentsaurrekoan, Lehendakariarekin egon dira Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabé Unda, eta Kanpo Ekintzarako idazkari nagusi Guillermo Echenique. Lehendakariak Arabiar Emirerrien garrantzi "geoestrategikoa" azpimarratu du, "Asia, Europa eta Afrikaren arteko Zero Kilometroa izategatik". "Hemen egiten dugun guztiak Golkoko eta Afrikako gainontzeko herrialdeetan dugun aktibitate eta presentzia mailan eragin zuzena izan dezake", adierazi du Lehendakariak.

Bihar Etorkizuneko Energien Mundu Gailurreko inaugurazioan izango da Lehendakaria, eta han energia berriztagarrien arloko panel batean parte hartuko du, planeta osoko energia-ministroekin batera.

Bertaratu diren kazetarien galderei erantzunez, Gasteizen EA, Batasuna eta Alternatibak indarkeriari uko egiteko lortutako akordioa baloratu du Lehendakariak. Lópezek galde egiten du zergatik ote den lortutako akordioa epe luzera hartutakoa eta ez "berehalakoa". "Zergatik ez diete orain indarkeriaren estrategiei uko egiten eta zergatik ez dute indarkeria makabroaren pertsiana ixteko eskatzen gaur bertan?", gehitu du. Bukatzeko, "zentzu horretan zorrotzagoa izan behar dela" adierazi du.

 

 

 

 

Iruzkin bat
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)