Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek lankidetzan jardutea adostu dute, enpresek Euskadin 100.000 enplegu betetzeko duten beharrari erantzuteko

2018.eko apirilak 16

Euskal enpresek 100.000 enplegu-aukera emango dituzte, 2018-2020 aldian

Bost jarduketa-eremu ezartzen dira:(1) prospekzioa eta bitartekaritza, (2) gazteria, (3) krisian dauden enpresetan egoera larrian dauden langileak beste nonbait kokatzea, (4) prestakuntza, (5) kalitatea eta emakumea txertatzea.

Bi erakundeek egingo dute jarduketek duten eraginaren segimendua, “Gobernamendu Batzordea” izenekoaren bitartez

Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek 2018-2020rako Euskadin enpleguaren eta kualifikazioaren aldeko lankidetzako esparru-akordioa sinatu dute. Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Roberto Larrañaga Euskal Enpresen Konfederazioko presidenteak hartu duten konpromisoa elkarrekin lan egitea da, euskal enpresek 100.000 lanpostu betetzeko duten beharrari datozen hiru urteotan erantzuteko. Lehendakaria eta Confebaskeko presidentea bat datoz akordio hau “aukera” bat dela, Euskadiren hazkuntza-bidean.

Lankidetza-akordioa gaur goizean sinatu da, Lehendakaritzan, eta bertan izan dira Eusko Jaurlaritza eta euskal enpresa-elkarteetako ordezkariak. Lehendakariarekin batera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua eta Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburua izan dira. Patronalen aldetik: Roberto Larrañaga Confebaskeko presidentea, Pello Guibelalde ADEGIkoa, Iñaki Garcinuño CEBEKekoa eta Pascal Gómez SEAkoa. Topaketaren ondoren, bi aldeek sinatu dute akordioa; ondoren, Lehendakariak eta Larrañagak agerraldia egin dute.

Iñigo Urkullu Lehendakariak “ondasun erkidea”ren aldeko lankidetza publiko-pribatuaren ideia nabarmendu du. Lehendakariak gogorarazi du “gure historian prestakuntzarik onena duen gazteria” dugula eta esan du “bere ahalmen guztia aprobetxatu” behar dugula. “Zenbat eta lan-kualifikazio handiagoa, handiagoa izango da ere enpresa-lehiakortasuna”, eta horrek ere ekarri beharko luke, Lehendakariaren hitzen arabera, “lan-baldintza hobeak” izatea. Halaber, “emakumeak lan-merkatuan sartu behar direla” esan du, “eta hori aukera paregabea dela, eta, aprobetxatzen badakigu, herrialdeko indargune handia ere izango dela”.

Bestalde, Roberto Larrañaga Confebaskeko presidenteak nabarmendu du hau lankidetza publiko-pribatuko akordio “historikoa” dela eta, beraz, “elkarlanean jardun behar dela, enpresek enplegua sortzeko eta, ondorioz, aberastasuna eta ongizatea sortzeko. Azken batean, “lanpostu bat ere bete gabe gera ez dadin helburu duen lan”erako abiapuntu den akordioa.

Bost jardun eremu

Lankidetza-akordioak Gobernu Programan “enplegu gehiago eta hobea” sortzeko eta langabezia-tasa % 10etik behera murrizteko jardun-ardatzari erantzuten dio. 2018-2020 aldi honetarako sortuko diren enplegu kualifikaturako eta kalitateko enplegurako aukerei erantzuteko helburua ezartzen da. Horretarako, bost jardun-eremu ezarri dira:

  1. Lan-prospekzioa eta -bitartekaritza: Euskadiko lan-egoeraren bi analisi egingo dira, bai eta enpresek eskatzen dituzten profilen inguruko eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka lortu ahal izateko Ekintza Plana ere. Halaber, Lanbideren eta enpresa-erakundeen arteko lan-bitartekaritzarako bide berriak ezarriko dira.
  2. Gazte-enplegua: lan-orientazioa, enplegu kualifikatuko eskaintzei erantzuteko; “Lehen Aukera” programaren eragina zabaldu ahal izateko jarduketa berriak identifikatzea; LH dualean parte hartzen duten enpresen eremua zabaltzea; edo birziklapeneko prestakuntza-programak sustatzea, besteak beste.
  3. Krisian dauden enpresetan arrisku-egoeran dauden langileak beste nonbait kokatzea:  industria-enpresen eskariak eta kualifikazioak aztertuko dira eta martxan jarriko dira zailtasunak dituzten euskal enpresetako langileak berriro kokatzeko proiektu pilotuak eta abar.
  4. Enplegurako eta lanbide-orientaziorako prestakuntza: moduluak zehaztea kontratazio-konpromisoarekin; prestakuntza- eta/edo birkualifikazio-ibilbideak (bereziki 55 urtetik gorakoentzat); 4.0 industriaren eremuko prestakuntza; etab.
  5. Enpleguko kalitatea eta emakumearen aktibazioa lan-merkatuan: aldi baterako kontratuak mugagabe izan daitezen sustatzea; aldi baterako izaera duten kontratuen tasa murrizteko neurriak garatzea; euskal enpresetan legea bete dadin berdintasun-planak egitea; laneko eta familiako bizitza uztartzeko neurriak sustatzea, besteak beste.

Lan plana

Esparru-akordio hau sinatu eta martxan jarriko dira Lan Batzordeak; horiek autonomia zein lurralde mailan era daitezke, gaiaren arabera. Jarduketen eraginaren gaineko segimendua egingo da, Gobernamendu Batzordearen bidez. Bertan, aldeek ordezkaritza izango dute: lau kide Lehendakaritzaren ordezkaritzan eta sail sinatzaileen ordezkaritzan, eta lau kide, enpresen aldearen ordezkaritzan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak