Berriak Hezkuntza
Eu

Jolasaz eta honek Haur Hezkuntzan duen garrantziaz jardunaldia

2018.eko apirilak 13
  • Haur Hezkuntzako 380 hezitzaile elkartuko dira bihar, apirilak 14, Eibarren, Hezkuntza sailak antolaturiko jardunaldietan
  • “Haur Hezkuntza: bizitzako oinarrien etapa” goiburu nagusi harturik, jardunaldiek maiatzean eta ekainean izango dute segida, idazketa eta irakurketari nahiz ebaluazioari eskainitako saioekin

Haur Hezkuntzan diharduten 380 hezitzaile inguru elkartuko dira bihar goizez Eibarren,“Haur Hezkuntza: bizitzako oinarrien etapa” izenburu nagusiaren barnean Hezkuntza Sailak antolatu dituen hiru jardunaldietan lehenean. Hezkuntza Sailaren Berritzegune Nagusiak (Prestakuntzan eta Hezkuntza Berrikuntzan Laguntzeko Zentroak), antolaturiko ekimenaren lehen saio honek, UPV/EHUren Eibarko egoitzan, jolasa izango du ardatz nagusi; jolasak Haur Hezkuntzako ikasleen garapen pertsonalerako duen garrantzia.

Egun, hezkuntza adituek bat egiten dute esaldi honekin: “Haurrak ez dira jolasten zerbait ikasteko, baina jolas eginez ikasten dute”. Eta esaldi horrek ederki laburtzen du bihar Eibarren izango diren saioen norabide nagusia. Izan ere, jolasaren bidez interpretatzen du umeak ingurua; eta jolasak ahalbidetzen dio errealitatea ulertzeko behar duen askatasun hori.

Tailer praktikoak

Hasierako azalpen teorikoen ondotik, Itsaso Pagoaga Zaloñak –Mondragon Unibertsitatean ere jolasaren inguruko ikasgaia irakasten duen hezitzaileak- egitarauak jasotzen dituen tailer praktikoak emango ditu. Horietan lehenean, “Argi tailerra” izenekoan, argiarekin jolasteko eta esperimentatzeko erak azalduko ditu linternak, proiektoreak, argidun mahaiak nahiz ohiko beste zenbait tresna erabiliz. Jolas hauek haurren sormena garatzeko aukera ematen dute, objektu eta bolumenak argiaren aurrean jarrita, perspektibarekin eta itzalekin jolastuz.

Horren ondoren, Haur Hezkuntzako adinetako umeentzako mahai-joko egokiez eskainiko du beste tailer bat. “Mundu txikiak” izeneko tailerrean azkenik, material ez estrukturatuak deiturikoek (alegia, harri, makila, oskol, poto, egurrezko blokeak… eta gisako materialek) umeen sormena garatzeko duten potentzialtasuna aztertuko da.

Maiatzean eta ekainean ere saioak

“Haur Hezkuntza: bizitzako oinarrien etapa” goiburu nagusia daraman jardunaldi sorta honek maiatzean eta ekainean ere jarraipena izango du. Maiatzaren 26an, Eibarko egoitza horretan bertan, irakurketa eta idazketaren inguruko jardunaldia izango da, Jose Javier Azpitarte Ariño y de Nere Inda Goikoleak emana (Hezkuntza Sailaren Berritzeguneetako aholkulariak biak ere). Ekainaren 27an aldiz, hitzordua Azpeitian izango da. Ebaluazioa eta familiarekin elkarlana izango dira ardatz saio hauetan, Malagako Unibertsitateko Didaktika eta Eskola-antolaketako katedradun Miguel Angel Santos Guerra eta Baztango haur eskolako zuzendari Kristina Goñi Etxenikeren ardurapean.

Jardunaldi sorta honen helburuak dira, batetik, Haur Hezkuntzan zutabe diren arloen inguruan aritzea eta hausnarketa egitea, profesional bakoitzari bere egunerokotasunarekin lotura estua duten gaiak aurkitzeko parada emanez; eta bestetik, profesionalon arteko ezagutza eta trukaketa ahalbidetzea.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak