Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaialdi handia Connecticut-ko New England-eko euskal etxean

2018.eko apirilak 13

New England Basque Club-ak (NEBC) 2018. urteko Euskal Jaialdia hartuko du ekainaren 23an, non euskal kultura ospatuko den bere hainbat eta hainbat tradizioren eta berezitasunen bitartez. Jaialdia goizeko 11:30ean hasiko da New London (Connecticut, AEB) hiriko Udaletxean eta arratsaldeko 20:00etan amaituko da.

New England Basque Club-ek, hango euskal etxeak, antolatuko du Basque Fest jaialdia eta diasporako euskaldunei aisi eta kultur aukera zabala eskaintzea du lehentasunezko helburua, eta aldi berean baita AEBko euskaldunen kultura eta haien ezagutza zabaltzea ere. NEBC-k New London-eko hiriaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin programatu ditu ekitaldiaren jarduerak. Bestalde, Atlantikoko bi aldeetako babesleen laguntza ere lortu dute.

Horrekin guztiarekin batera, Basque Fest jaialdiaren helburua da hiria animatzea, ekonomia sustatzea eta Connecticuteko metropolialdeko eta bertatik hurbil dauden estatuetako bisitariak erakartzea.

Bertaratzen direnek aukera ezin hobea izango dute euskal gastronomiaren jakiez, zuzeneko musikaz, herri-kirolez, desfileez, merkatuez, kultur-lantegiez gozatzeko eta euskal batel batean (bale-ehizarako erabiltzen zen txalupa famatu horietako batean) nabigatzeko.

Marching Band batek emango dio hasiera jaialdiari eta dantzariek, gonbidaturik dauden kargudunekin eta euskal etxeko arduradunekin batera, desfilatuko dute Udaletxetik Parade enparantzaraino. Berton, AEBko ereserkia joko ondoren, kargudunen omenez aurreskua dantzatuko da eta ikurriña altxatuko da.

Euskal kulturaren aukeraketa bat

2018. The Basque Fest jaialdian arratsaldeko hirurak arte jendeak euskal sukaldariak lan egiten ikusi ahal izango ditu; hortik aurrera bisitariek parada izango dute prestatutako paella errazioak eta pintxoak eskatzeko Basque Fest-eko tabernan. Gainera, garrantzi berezia emango zaie euskal sukaldaritzari, musikari eta herri kirolei. Eguerdiko 12:30ean hasiko dira herri kirolen desafio ikusgarriak –aizkolariak, harri-jasotzaileak, soka-tira, txingaerutea…– eta dantzariak.

Basque Fest aukera paregabea da NEBC euskal etxeak euskal kulturako elementu ikusgarrienak erakutsi eta parteka ditzan  jai handi hori gozatu nahi duten guztiekin. Horregatik, New England Basque Club-eko presidenteak, Juan Mari Aramendik, deia egin du hurbiltzeko ekitaldira eta ezagutzeko zer nolakoak diren Euskal Herriaren ohiturak eta bizimodua hemen Amerikako Estatu Batuetan. Basque Fest jaialdi irekia da, eta bere nortasunaren ezaugarrietako bat da jendearen parte-hartze aktiboa. Guztiek gozatzeko ekitaldi bat da, eta horregatik ia jarduera guztiak doakoak dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak