Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak, Madrilen, kidego diplomatikoari "Euskadi Basque Country 2020 Estrategia" aurkeztu dio

2018.eko apirilak 12

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako arduradunek, gaur goizean, laneko topaketa izan dute, Madrilen, zenbait herrialdetako enbaxaden ordezkariekin, Euskadi Basque Country 2020 Estrategia eta Kanpo Harremanetarako Plana aurkezteko. 

Topaketa Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen Ordezkaritzan izan da eta, bertan, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Leyre Madariaga Kanpo Harremanetarako zuzendariak parte hartu dute, bai eta Alemania, Danimarka, Finlandia, Frantzia, Erresuma Batua, Argentina, Kanada, Txile, Kolonbia, AEB, Guatemala, Mexiko, Peru, Txina, Japonia eta Hego Afrikako enbaxadetako erakunde-arduradunek ere. 

Laneko topaketaren izenburua “Euskadi-Basque Country 2020 Nazioartekotze Estrategia eta Kanpo Harremanetarako Plana” izan da, eta, horren bidez, kidego diplomatikoko kideei, batetik, 2020rako Euskadi Basque Country Nazioartekotze Estrategiaren (EBC) egoera global berrira eguneratzeko gakoak eta ardatz nagusiak aurkeztu zaizkie eta, bestetik, Kanpo Harremanetarako Plana; azken horren bitartez, EBC kanpoko erakunde-harremanen esparruan zehazten da. 

EBC 2020 ESTRATEGIA 

XI. legegintzaldirako Gobernu Programan jasotzen diren 15 plan estrategikoetako bat da, Eusko Jaurlaritza datozen urteotan nazioartekotzeko urratsak zehaztuko dituena. 5 plan sektorialetan zabalduko da: Kanpo Harremanak, Enpresa Nazioartekotzea; Turismoa, Kultura eta Garapenerako Lankidetza. Euskadiren nazioartekotzearekin lotutako 1.900 ekintza aurreikusten ditu; 2020ra arte 270 milioi euroko aurrekontua izango dute. Euskadiko interesetarako lurralde nagusiak zehazten ditu, 18 herrialde eta 12 eskualdetan. Eta Euskadik eragile global gisa duen posizionamendu-maila eta etorkizuneko nazioartekotze-maila neurtzeko ebaluazio-adierazleen sistema aurreikusten du. 

2018-2020 KANPO HARREMANETARAKO PLANA 

Kanpo Harremanetarako Planak 2020rako EBC kanpoko erakunde-harremanen esparruan zehazten du. Beraz, Euskadiren erakunde-nazioartekotzea orientatzeko, sustatzeko eta monitorizatzeko tresna da; horrek sustatzen ditu bere balioak eta ekimenak nazioartean, eta Eusko Jaurlaritzarako eta bere sektore publikorako nazioartekotzea bideratzeko plataforma da. 2018-2020 Kanpo Harremanetarako Plana hiru helburu estrategikoren ingurukoa da: Euskadiri eragile global baten lekua ematea, Euskadik Europar Batasunean duen presentzia indartzea, eremu natural eta nagusi gisa, eta munduan euskal interesak sustatzea.

 

Gaurko topaketa Eusko Jaurlaritzako arduradunen eta kidego diplomatikoko ordezkarien artean Madrilen 2013. urtetik egiten ari diren topaketen egutegi berrikoa da; horrela, gobernuak legegintzaldi bakoitzerako dituen plan eta ekimen estrategikoen berri eman nahi da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak